FILOSOFIA

«« Itzuli

Xabier Zubiri

Inazio Ellakuria eta Xabier Zubiri

Inazio Ellakuria jesulagun bizkaitarrak 1962tik 1965era bitartean doktoregoa lortzeko ikasketak egiten aritu zen Madrilgo Universidad Complutensen, Xabier Zubiriren gidaritzapean. Honek, berriz, Ellakuria bere lanen jarraitzailetzat hartu zuen.

Ellakuria 1967an El Salvador-era itzuli zen Universidad Centro Americanan irakaskuntzan jardutera. Zubirirekin elkarlanean jarraitu zuen halere eta Espainiara sarri etorri zen. Latin Amerikako Apezpikuek Medellinen 1968an egin zuten Konferentziatik aurrera askapenaren teologiaren arloan lan egin zuen.

Bere idazkietan egiten zituen planteamenduak zirela eta agintariak aurka jarri zitzaizkion. Bera eta El Salvador-eko jesulagun guztiak heriotza-mehatxuaren pean zeuden.

1979an estatu-kolpe batek porrot egin ondoren bortizkeria nagusitu zen El Salvador-en. 1980an Monsinore Romero hiltzen dute eta Ellakuria Espainiara erbesteratu beharrean aurkitzen da. Ordutik aurrera bere ideiak Europan agertzeari eta Zubiriren lanak argitaratzeko ahaleginari ekiten dio.

1983an Xabier Zubiri hil zenean Inazio Ellakuria izendatu zuten Zubiri Mintegiaren zuzendari.

El Salvador-eko gatazka elkarrizketa bidez konpontzeko saioak egin ondoren, 1989ko azaroaren 16an El Salvador-eko Armadako soldaduek hil zuten.