FILOSOFIA

«« Itzuli

Xabier Zubiri

Giza ulermena Zubirirengan

Zubiriren arabera giza ulermenak hiru aldi edo maila ditu:

1) Errealitatearen hasierako atzematea. Hauxe da lehenbizi egiten duguna eta ondoko ulerkuntzaren oinarria. Benetako munduan hainbat gauza daudela ohartzen gara, bakoitzaren izaerak dituen xehetasunak bereizten ez baditugu ere. 2) Logos. Hasierako atzematean jasotako gauzak benetan zer diren bereiztea. Hauxe da bigarren urratsa: gauzak bereiztea, izendatzea eta haien arteko erlazioak ulertzea. 3) Arrazoia. Gauzak zer diren eta zergatik diren bezalakoak metodikoki zehaztea. Hauxe da ulerkuntzaren maila gorena. Zientziak horixe egiten du, baina zientzia izan baino lehenago ere gizakiak saiatzen ziren maila honetara iristen beste bide batzuetatik: kondairen, mitoen, artearen, poesiaren, etab.en bidez. Zubiriren arabera ez dago errealitatea erabat ulertzera iristeko biderik, bakoitzak bere eginkizuna du.

Ulertzeko hiru era hauetatik, hasierako atzematea da denetan garrantzitsuena, gure egitura somatikoen emaitza da eta errealitatearekin zuzeneko harremanean jartzen gaitu. Ondoko ulerkuntza guztiaren funtsa da. Zentzumenen bidez atzematen ditugun gauzak errealak dira eta ezin ditu zalantzan jarri beste ezein arrazoiketa edo azterketak. Hasierako atzematearen bidez jasotako inpresioek ordenatu, ulertu, izendatu eta erlazionatu beharra daukate, bereziki lehendik jasoak ditugun inpresioekin. Hau logos mailan ulertzea da. Ulertzearen hirugarren maila, arrazoitzea ez da zientziak edo matematikak eman dezaketena bakarrik, nahiz eta hauek garrantzi handikoak izan. Poesiak edo erlijioak ematen duten ulerkuntza ere maila honetan sartzen du Zubirik.

Arrazoiaren hiru une bereizten ditu: lehenbizikoa sakontasunean ulertzea, adibidez, kolorea zer den sakonki ulertzea elektromagnetismoaren teoriaren bitartez, edo pertsona baten sentimenduak ulertzea poesia baten bidez, bigarrena neurria hartzea eta hirugarrena errealitatea osorik sekula ulertzerik ez dugula izango jakinda ere behin-behineko ezagutzatik haratago joateko etengabeko bilaketa, beti ere errealitatearen ñabardura berriak aurkitzeko.