Existentzialismoa
Heidegger. Esentzia eta existentzia
Zer den izakia? galderari erantzuteko Heideggerrek proposatzen duen abiapuntua giza existentzia da. Existentziarekin harreman pribilegiatua eduki arren, ez da batere erraza beraren egitura agerraraztea, zerbait zehatzaren enuntziatu baten bitartez ezin da definitu eta.
Giza errealitatea ez dago definitzerik, eta hautatu behar diren aukera multzo baten aurrean egotea da beraren ezaugarririk bereizgarriena. «Gizakiaren esentzia existentzia dela» adierazteak esan nahi du existentzia zehaztu gabekoa dela, eta beronek jardutera behartzen duela.
Benetako existentzia eta benetakoa ez den existentzia.
Gizakia, bere burua ulertzeko, abiapuntutzat bere burua hartzen badu, bere existentziaren benetako ulerkuntzaz jabetzen da. Mundua eta gainerakoak ordea, abiapuntutzat hartuz gero, benetakoa ez den ulerkuntzaz jabetzen da.- Benetako existentzia: bere aukerei zabal-zabal egiten die aurre, beraien artean, heriotzari, zeinek existentziaren egiaren berri emateaz gain, osotasun gisa pentsatzen uzten baitio. Existentziak hautatua izan behar duela egiten du bere benetako existentziak.
- Benetakoa ez den existentzia: gauzen maila berean kokatzen den existentzia mota da eta horregatik, munduan erori dela esaten da. Benetakoa ez den existentzia heriotzaren beldur da, larritu egiten da eta munduan aterpea bilatzen du ezinbestez. Ez da gai sentitzen gauzen benetako esentziaz jabetzeko.
Gizakia, hiltzeko izakia
Heideggerrek heltzen dio heriotzaren ideiari, existentziak, existitzen den bitartean, bere osotasuna lortzen ez duela baieztatuz. Bere ustez, heriotzak izakia izateko aukera bat adierazten du, hau da, benetakoena, eta gizakia hiltzeko izakia dela baieztatzeraino heltzen da.
Benetako ni-a
· Benetako existentziara, edo benetako ni-ra, heltzeko bidea larritasunak besterik ez du urratzen.
· Baina larritasun hau ez da beldurra, baizik eta munduan egoteak, osotasuntzat jotzen denean, zer esan nahi duen onartzearen ondorioa.
· Onarpen hori heriotzari aurre hartzeko era da, heriotza egotearen aurrean bizitzea.
· Hil daitekeelako aukerarekin bizi garenean, ez hiltze hutsarekin berarekin, benetako bizitza bihurtzen da gurea.Sartre: intelektual engaiatua
Jean Paul Sartre mende honetako gizarte-proiekziorik nabariena izan duten filosofoetariko bat izan da. Bere garaian intelektual engaiatuaren paradigma izan zen.
- Engaiatua: jarduera eta proiektu aurrerakoietan bere herri-gizon izaeratik esku hartzeko borondateak markatu zuelako bere ibilbide pertsonala: Frantziako Erresistentzian parte hartzea, Nobel Saria ukatzea, Rusell Epaimahaiarekin lankidetzan jardutea.
- Intelektuala: bere jarduera lan akademikoaren mugetan zokoratzen ez delako, baizik eta beste alor batzuetan garatzen delako, adibidez, literaturan eta antzerkian.
Kontzientzia
Sartrek emozioa kontzientziaren izatearen modu bat zela nabarmendu zuen. Hala eta guztiz ere, batak zein besteak jarrera ezberdinak adierazten dituzte. Emozioa honako egoera honetan azaleratzen da: ezbeharrak gure indarrak gainditzen dituenean, gu eremu magiko eta afektibo batera lekualdatuz, zeinek erantzunkizunaren uztea eta tristura pasibo bat biltzen dituen. Kontzientziaren subiranotasuna, ostera, emozio egoera desagertu eta munduarekiko harreman magikoak aienatzen direnean berrezartzen da.
Sartrek bere baitango izatea eta bere baitarako izatea bereizten zituen:- Bere baitango izateak gauzen izatea adierazten du, kontzientziaz kanpokoa da eta berarengandik ez da ezer espero behar.
- Bere baitarako izateak kontzientziak zehaztutako izatea adierazten du, zehaztu gabekoaren baieztapena, eta bere baitango izatearen determinismoaren aurrean askatasuna sortzen du.
Sartre eta Simone de Beauvoir.
Askatasuna eta ekintza
- Gizakiak, berez, ez dauka zehaztutako esentziarik. Aitzitik, bere esentzia zehaztu gabetasuna da. Hori dela eta, Sartrek hauxe baieztatu zuen: «Libre izateko zigorturik nago». Kontsigna horrekin giza existentziaren edukia zehazten saiatzen zen, alegia, oinarrizko egitasmoa, ekintza eta borondate mota guztiak biltzen dituena.
- Askatasunak munduko mugen barruan irauten du. Dena dela, ez du bere zehaztu gabetasuna galtzen. Askatasuna da, hain zuzen ere, zehaztu gabetasun hori, izatearen baitan egitasmoaren beraren, hautaketa beraren barruan sartzea.
- Sartrearen ezerezak giza existentzia ez dena adierazten du. Aldi berean, izate askea gura izatean agertutako askatasunaren esentzia da, izan ere, askatasuna nork bere burua errealizatzea besterik ez da.
Gizatasuna, gizatasun gabekoaren barruan
Gizakiari gertatzen den gauza orok ez du merezi gizatasun gabekotzat jotzea. Baieztapen horrekin, Sartrek halabeharrezko gertaerak ez direla existitzen esan nahi zuen, gertatzen den oro, gizakiak imajina dezakeen guztia, gizatiarrari leporatu behar zaio.
Heidegger eta Sartre, datu biografikoak
Martin Heidegger
(1889-1976). Filosofo alemaniarra eta Friburgo eta Marburgoko irakaslea. Bere azken elkarrizketariko batean hauxe adierazi zuen: "Jainko batek baizik ezin gaitu salbatu". Bere lanik garrantzitsuenen izenburuak ondoko hauek dira: Izakia eta Denbora, Zer da Metafisika? eta Galdutako Bidezidorrak. 1933an Friburgoko Unibertsitateko erretore izendatu eta alderdi nazian sartu zen 321.589 zenbakia zeukala; bigarren Mundu Guda amaitu zen arte egon zen afiliaturik. Frantziako agintariek ez zioten irakasten utzi 1945etik 1951 arte.
Jean-Paul Sartre
(1905-1980), filosofo, eleberrigile eta antzerkigile frantsesa, Berlin-en ikasi eta hainbat Frantziako lizeotan irakaslea izan zen. 1940tik 1941era bitartean alemanek preso eduki zuten. 1945ean Les temps Modernes aldizkaria sortu zuen. Aldizkari horrek ezkerreko intelektualei izugarri eragin zien. Parisko 68ko maiatzeko ikasle-altxatze eta aldarrikapenean gogotsu eta kementsu hartu zuen parte. Beraren ideia filosofikoak saiakera, eleberri eta antzezlanetan jasota daude. Izenbururik garrantzitsuenak hauexek dira: Goragalea, Izatea eta ezereza eta Arrazoi dialektikoaren kritika.
