«« Itzuli
Supernoba baten jaiotza jaso dute, lehen aldiz

2008/05/22
Princeton Unibertsitateko (AEB) zientzialariek supernoba bat jaio den momentua jasotzea lortu dute. Orain arte, fenomeno hori gertatu eta ordu edo hilabete geroago lortu zituzten irudiak, Nature zientzia aldizkari britaniarrak jakinarazi duenez. Izar masibo gehienek eztanda izugarri batekin amaitzen dute beraien bizitza, eta horrek supernoba baten jaiotza ahalbidetzen du.
Eztanda horrek material berriak sintetizatzen ditu eta galaxiaren eboluzioarentzat lagungarria da. Supernoba bat izarren eztanda bat da, eta objektu distiratsuak sortzen ditu. Aurretik ezer ikusten ez zen tokietan azaldu ohi da. Bereiztea zaila izaten da, askatzen duten hautsak ez baitu bere distira ikusten uzten.
Princetoneko ikerketa taldeak, Alicia Solderbergek zuzenduta, Katamotz konstelazioko, Lurretik 90 milioi argi-urtetara dagoen supernoba baten jaiotzaren ezusteko lekukoak izan ziren. Orain dela hilabete itzali zen supernoba baten X izpien jarioa aztertzen ari zirela, X izpien eztanda "oso argitsua" sumatu zuten, izar amak eztanda egin zuen momentuan bertan.
NASAren, Britainia Handiko Science Technology and Facilities Councilen (STFC) eta Italiako Espazio Agentziaren egitasmo bateratuak X izpien jarioa erregistratu ahal izan zuen bost minutuz, Swift satelitea erabiliz. Zientzilarien arabera, supernoba bat suertatzen da hiltzen den izar masiboaren -masa Eguzkiarena baino zortzi aldiz handiagoa duena- hedatze-uhinarengatik.
