FISIKA

«« Itzuli

Phoenix zunda Marten lurreratu da

Phoenix zunda Marten lurreratu da

2008/05/26

Beste planeta batetako urari buruzko lehen ikerketak egiteko zunda bat iritsi da Martera, Amerikako Estatu Batuetako Espazio Agentziako (NASA) ordezkariek jakinarazi dutenez.

Phoenix koheteak hamar hilabete iraun dituen ibilbideari bukaera eman zion, 644 milioi kilometro eginda Planeta Gorriaren ipar poloaren inguruan Euskal Herriko 12:53an lurreratuta.

Hiru hilabete emango ditu zundak lur eta izotz laginak aztertzen Marten noizbait izaki bizidunak izan ote diren aztertzeko.

Planetaren grabitateak erakarrita, Phoenix orduko 20.400 kilometrotara igaro zen Marteko atmosferan sartu aurretik. Atmosferan sartuta, geldotu egin zuen abiadura paraxuta atera eta suabe lurreratzeko motoreak piztu ahal izateko.

"Behean dago, polit hori, behean dago!", oihu egin zuen NASAko aire kontrolatzaile batek Martetik iritsitako seinaleek lurreratzea ondo atera zela erakusten zutela ikusita.

Zientzialariek 2002an aurkitu zuten planetako ipar eta hego poloek izoztutako ur kopuru handia gordetzen dutela lur kapa fin baten azpian.

Hori dela eta, Phoenix 2007ko abuztuaren 4an aireratu zen ur laginak hartzeko eta uneren batean Martek izaki bizidunik egon ahal izateko beharrezko osagaiak izan dituen ebazteko.

NASA 1999an saiatu zen Marteko hego poloan ontzi bat lurreratzen, baina lurreratze uneko azken minutuetan arazo bat gertatu zen eta misioa bertan behera geratu zen.

AEBetako agentziak bertan behera utzi zuen Marterako aurreikusita zuen beste bidaia bat ere, Spirit eta Opportunity, ordea, planetako eskualde ekuatorialera bidali zituen iraganean ura izan ote zen aztertzera.

Beraz, datozen hiru hilabeteetan bi metro eta erdiko besoa duen Phoenixek izotz eta beste material batzuen laginak hartuko ditu barruan daraman laborategian aztertzeko.

Azken helburua planetaren laurdena hartzen duen inguru horretan bizitzea posible izango litzatekeen ebaztea da.

(Argazkia: EFE)