«« Itzuli
Baliteke Marteren azal azpian izotza egotea

2008/05/27
Phoenix NASAren zundak bidalitako Planeta Gorriaren azaleko lehen irudiek erakusten dute balitekeela Marteren azal azpian izotza egotea, ohar bidez Peter Smith misioko ikerlari nagusiak jakinarazi duenez.
"Espero genuen bezala, haitz gutxi ageri dira eta espaziotik ikus genitzakeen poligonoak azaltzen dira; azalean ez da izotzik ageri, baina azal azpian badagoela uste dugu. Poz handia da niretzat", gehitu du.
NASAko taldeak agertu du Phoenixek bidalitako irudiak "oso politak" direla, "zientzialari baten ametsa", gehituta.
Irudiotan azal laua, lehorra eta gorrixka ikus daiteke, Marteko azalaren ezaugarri ezagunak. Hala ere, arreta handiagoa jarrita, Marteko Poloaren azala poligonoak eratzen dituzten linea zuzenak zeharkatzen dute, laukietan banatuta egongo balitzateke bezala.
Zientzialarien arabera, horrek esan nahi du azal azpian izotz plakak daudela eta horiek, espantsio eta kontrakzio mugimenduen ondorioz, arrakala horiek sortuko zituzten azalean.
Phoenixek erronka berri bati egingo dio aurre gaur; gorputzean lotuta duen besoa erabiliko du lehenengoz eta Planeta Gorriaren azalaren azpian dauden izotz laginak hartzea ahalbidetuko dio. Laginok aztertuta, planetaren laurdena hartzen duen eskualde polar horrek izaki bizidunak har ditzakeen edota noizbait hartu izan dituen jakiteko modua emango du.
(Argazkia: EFE)
