«« Itzuli
Radarrak eta mikrouhinak
Radarra II. Mundu Gerran
1930ko hamarkadan Erresuma Batuko gobernua gero eta kezkatuagoa zegoen Europan gauzak nola zihoazen ikusita eta erabaki zuen alarma-sistemaren bat garatu behar zuela defentsarako.
Ordurako, bazuten urruneko objektuen kokapena ezagutzeko irrati-uhinen islapena erabiltzeko ideia. Appleton fisikari britaniarra, 1924an, erabilita zegoen irrati-uhinen oihartzunak ionosferaren garaiera neurtzeko. Proposatu izan zen, halaber, itsasontziek irrati-uhinak erabiltzea talkak saihesteko, eta zientzialari asko ari ziren antzeko ikerketak egiten munduan zehar.
Nolanahi ere, 1935ean Robert Watson-Watt izan zen irrati-uhinen bidez hegazkinak detektatzeko aukeraz lehenbizi mintzatu zena. Berehala saiakuntza bat egin zuten BBCren uhin laburreko emisora batez, hegan zebilen bonbaketari bat detektatzeko. Nahiz eta saiakuntzan ari zirenek bazekiten zer bilatu nahi zuten eta hegazkinari kable bat ezarri zioten antena islatzaile gisa, detektatzea lortu izana arrakasta handitzat hartu zen eta sistema berehala garatu zuten.
1939rako britainiarrek ezarria zuten estazio-kate bat Britainia Handiko hegoaldeko eta ekialdeko kostetan aireko erasotzaileak atzemateko. Instalazio berri horietako bakoitzak zurezko lau dorre zituen seinaleak igortzeko, antena finko banarekin eta aldamenean oihartzunak jasotzeko antenak zituzten beste lau dorre txikirekin. Antena hartzaile hauek bina dipolo elkarzut zituzten. Operatzaileek, goniometroa zeritzon tresna baten bidez, dipolo hauetako seinaleak jasotzen zituzten eta emaitza izpi katodikozko pantaila batean ikusten zuten. Sistema honek ituaren direkzioa eta distantzia ematen zizkion operatzaileari, baina zehaztasuna kanpoko baldintzek asko mugatzen bazuten ere, Dipolo-bikote batzuen artean konmutatuz garaiera ere kalkula zitekeen.
Sistema horren bidez, altuera handi samarrean zebiltzan hegazkinak soilik atzeman zitezkeen, ordea, eta behe samarrean zebiltzan hegazkinak edo itsasontziak ezin ziren atzeman.
Chain Home (CH) sistema zeritzona osatzen zuten radar-estazioetako bat.
Garaiera txikitan zebiltzan objektuak atzemateko arazoa gainditzeko, bigarren estazio-multzo bat eraiki zuten eta 'Chain Home, Low' (CHL) deitu zioten. Hauetan bi antena zeuden, bata seinalea igortzeko eta bestea jasotzeko, sei metro inguruko garaiera zuten plataforma batzuen gainean. CHL sistema honek 1,5 metroko uhin-luzera zuen seinalearekin lan egiten zuenez, antenak aski laburrak ziren eta multzoa birakaria izan zitekeen, zela operatzaileak eskuz eraginez, zela mekanikoki.

CHL sistemako estazio bat.
Operatzaileek bi antenak sinkronizatu behar zituzten, baina emaitza oraingoan ez zen sistema zaharrean bezala, norabide guztietan hedatzen zen seinale bat, baizik eta 25°-ko angelua hartzen zuen izpi bat. Antenak ez ziren denbora guztian biraka aritzen, baizik eta iturantz begira jartzen ziren eta alde bietara mugitzen ziren seinalerik onena harrapatzeko. Jasotzen zen oihartzuna izpi katodikozko pantailan ikusten zen. CH sistemak objektu bat atzematen zuenean CHL sistemari adierazten zion, garaiera txikitan jarraipena egin ziezaion, behar izanez gero.
II. Mundu Gerrako Ingalaterrako gudua baino ondotxoz geroago hasi ziren erabiltzen igortzeko eta jasotzeko antenak sistema bakarrean konbinatzen zituzten radarrak.
Antena hauek motordunak ziren, gelditu gabe biratzen ziren eta informazioa eten gabe ematen zuten. Itua askoz ere zehaztasun handiagoz atzematen zuten eta, gainera, hainbat itu pantaila berean ikusteko balio zuten. Aurrerapen izugarria izan zen hau. Pantailan lerro argitsu birakari bat ikusten zen, gaur egungo radarretan ikusten denaren antzekoa, eta objektuen bi dimentsioak antzeman zitezkeen.
Oraindik altuerarik ez zuen ematen sistema hark, baina operatzaileek trebetasun handia hartu zuten, oihartzunaren ezaugarriak ikusiz, datu hau gutxi gorabehera ateratzeko.
Operatzailearen lanpostuak izpi katodikozko bi hodi zituen bata bestearen aldamenean. Ezkerrekoa antzinako bakarra zen, objektua zer distantziatara zegoen adierazten zuena, puntu argitsu baten bidez, eta eskuinekoa, berriz, garaiera txikian mugitzen ziren objektuak atzematekoa. Biak elkarrekin oso sistema eraginkorra osatzen zuten.

Bi pantailaz osatutako sistema
CHL radarrek 500 metroko garaieran hegan zihoan hegazkin bat atzeman zezaketen 50 km-ra zegoenean. Hasierako radar-sistema haiek erabakiorrak izan ziren Ingalaterrako guduan. Haiek gabe hegazkin alemanek RAFekoak garaitu egingo zituzten.
