Kartografia
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Antzinako kartografo ospetsuak
- EXTRA: Geografi Informazioko Sistemak (GIS)
- BIBLIO: Bibliografia (2)
Kartografia orokorra eta tematikoa
Kartografia orokorra publiko zabalarentzako mapak egiteaz arduratzen da eta mapa horietan lurralde bateko hainbat ezaugarri adierazten dira. Kartografia tematikoa publiko jakinentzako gaikako mapak egiteaz arduratzen da. Adibidez, plubiometria-mapak edo demografia-mapak dira tematikoak. Lurraldean zehar aldatzen diren datuak gero eta gehiago erabiltzen direnez, soziologian, ekologian, ekonomian, etab. Kartografia tematikoak gero eta pisu handiagoa du.
Euskararen erabilera EAEn erakusten duen mapa tematikoa
Proiekzioak
Lurrak elipsoide-forma du, esfera baten antzekoa, baina pixka bat deformatua. Lurraren azala mapa lau batean adierazteak bere arazoak ditu. Kartografoek berariazko prozedurak garatu behar izan dituzte arazo horiek gainditzeko.
Berez ezinezkoa da elipsoide bat batere distortsiorik gabe azal lau batean adieraztea. Kartografoek erabiltzen dituzten eraldaketek beti distortsio moduren bat eragiten dute, ezaugarriren bat faltsutzen dute, hala nola distantzia, eremua, norabidea, etab. Mapek izango duten erabileraren arabera ezaugarri batzuk zehaztasun handiagoz errespetatzea komeni izaten da, axola gutxiagoko beste batzuen kaltetan. Horrela sortu dira hainbat proiekzio-mota:
Proiekzio ortografikoa. Lurraren azala bi dimentsiotan erakusten du espazioan urrundik ikusiko balitz bezala. Lurraren zati bat baino ez du erakusten.

Proiekzio ortografikoa
Mercator-en proiekzioa. Iparrorratzaren norabidea distortsiorik gabe erakusten du, baina eremuak faltsutu egiten ditu. Kontinenteen erdiko latitudeetako eta latitude altuetako eremuak diren baino handiagoak agertzen dira. Itsasoko nabigaziorako da egokia.

Mercator-en proiekzioa
Gall-Peters proiekzioa. Gall-Peters-en proiekzioak Mercator-enak eragiten dituen distortsioak zuzentzen ditu. Horregatik, herrialdeek okupatzen dituzten eremuak konparatzeko egokiagoa da hura baino.

Gall-Peters proiekzioa
Nazio Batuen hainbat antolakundek onartzen dute.
Miller proiekzio zilindrikoa. Lurra matematikoki proiektatzen da ekuatorearekiko ukitzailea den zilindro baten gainean. Mercator-en proiekzioak dituen eskala aldeko distortsio batzuk zuzentzen ditu, baina formak eta eremuak asko faltsutzen ditu eta norabideak ekuatorean bakarrik dira egokiak.

Miller proiekzio zilindrikoa
Robinson proiekzioa. Eremuak ahalik eta gutxiena faltsutuz Lur osoa erakustea da proiekzio honen xedea. Norabideak eta distantziak faltsutzen ditu, ordea.

Robinson proiekzioa
Mollweide proiekzioak. Robinson proiekzioak baino gutxiago faltsutzen ditu eremuak. Distantzia, forma eta norabidea faltsutzen ditu.

Mollweide proiekzioa
Eskalak
Mapak adierazten duten eremua baino askoz txikiagoak izaten dira. Mapak erakusten duen eremuan bi puntuk duten distantziaren eta mapan haiei dagozkien puntuen artean dagoen distantziaren arteko erlazioa da eskala. Horrela mapa baten eskala 1:50.000 dela esaten badugu, horrek esan nahi du mapako bi punturen artean 1 cm baldin bada distantzia, haiei dagozkien puntuen artekoa Lurrean 50.000 cm-koa dela, hau da, 500 m-koa. Mapa 1:125.000 eskalakoa edo handiagokoa baldin bada bertan neurtutako distantziak oso fidagarriak dira; eskala txikiagotan distortsioa handituz doa.
Koordenatuak
Mapetan lekuak aurkitzeko sistema arruntena koordenatu geografikoen sistema da, hots, lekuak dituen longitude eta latitude bitartekoa.
Sestra-kurbak
Mapa topografikoetan lekuen altuerak adierazteko, sestra-kurbak erabiltzen dira. Sestra- kurba batek garaiera jakin bat duten puntuak lotzen ditu. Garaiera-tarte jakina izaten da sestra-kurba bakoitzetik hurrengora.
Teledetekzioa
Gaur egun Lurreko datuak jasotzeko satelite edo hegazkinetan eramaten diren sentsoreak erabiltzen dira. Sentsore hauek Lurrean dauden elementuek igortzen edo islatzen dituzten erradiazioak jasotzen dituzte. 1960ko hamarkadan sateliteak erabiltzen hasi ziren. Hauetan sentsoreak jartzen hasi ziren. Adibidez, TIROS izeneko sateliteetan eguraldiaren berri jasotzen zuten sentsoreak jarri ziren. Pixkanaka beste neurketa batzuk egiteko sentsoreak sortu ziren eta eguraldiaren iragarpenaz aparteko beste datu-bilketa batzuk egiten hasi ziren sateliteak (LANDSAT, SPOT, eta RADARSAT). Teledetekzioz jasotako irudi batean objektu bat ezagutzea zaila izaten da askotan, ez direlako guk ezagutzen ditugun itxurarekin agertzen, goitik ikusita daudelako eta gainera giza begiak antzematen ez dituen maiztasunetako erradiazioak jasoz. Metodologia jakin bat erabili behar da objektu bat ezagutzeko, forma, irudiaren tonua edo kolorea, trama, itzala eta testura aztertuz.

Satelite batek hartutako Alpeetako eskualdearen argazkia
Peutinger-en taula
Erromatar inperioan III -IV. mendean eginiko mapa baten kopia da, Alsaziako monako batek 1265ean egina (6,82 x 0,34 m). Worms-en aurkitu zuten (1494) eta Peutinger zeritzan XV. mendeko humanista alemanaren eskuetan egon zen; egun Vienako Liburutegi Nazionalean dago. Erromatar lurraldeko bide, geltoki, hidrografia eta erliebearen datuak ematen ditu.
