GEOGRAFIA

«« Itzuli

Kartografia

Antzinako kartografo ospetsuak

Herodoto. Historialari grekoa (Halikarnaso, K.a.~484 - Turios, ~420). Mendebaldeko zibilizazioko lehen historialaria. Haren Historiak obra ezinbestekoa da gerra mediarren berri eta, oro har, 550 -479 bitarteko Greziaren historia, mendebaldeko Asiako eta Egiptoko garai hartako ohiturak, monumentuak eta erakundeak ezagutzeko. Geografiari zientzia maila eman zioten lehenak grekoak izan ziren. Garaiko mundu ezagunaren lehen mapa Herodotok taxutu zuen

Hiparko. Astronomo eta matematikari grekoa (K.a. II. m.). Posizio-astronomiaren fundatzailetzat jo daiteke. Ekinozioen prezesioa aurkitu, lehen izar-sailkapena egin eta trigonometriaren oinarriak ezarri zituen.

Ptolomeo, Klaudio. Astronomo, geografo eta matematikari grekoa (Ptolemaida, Tebaida, ~100 - Kanope, ~170). Almagesto obran garai guztietako datu astronomikoak bildu zituen eta Geografia lanean kartografian erabiltzen ziren proiekzio-metodoak deskribatu zituen. Haren ustez Lurra Unibertsoaren erdi-erdian dago, Eguzkia, Ilargia eta izarrak haren inguruan dabiltzala. Bere garaian gertatutako mugimendu astronomikoak astroen mugimendu zirkularren konbinaketa bidez definitzeko, sistema kosmologiko- matematikoa asmatu zuen.

Idrisi edo Edrisi, Abu Abd Alah Muhammad al-. Geografo arabiarra (Ceuta, ~1100 - Sizilia, ~1166). Mapa mundi bat osatu zuen zazpi latitude-alde edo klima ezarririk, eta halaberean kontinenteen eta itsasoen kokapena. Geografi lan handi bat ere idatzi zuen (Mundua korritu nahi duenaren dibertigarria).

Waldseemüller, Martin. Geografo eta kartografo alemaniarra (Radolfzell, ~1470 - Saint-Die, ~1518). Mundu Berriari Amerika izena berak eman zion aurrenekoz, bere Cosmographiae introductio (1507) obran.

Cosa, Juan de la. Nabigatzaile eta geografo espainola (Santoña, ~1449 - Tabasco, Darien, 1510). Kolonen lehen (1492) eta bigarren (1493-96) bidaietan parte hartu zuen. Afrika eta Amerikako mapak egin zituen garaiko aurkikuntzen berri emanez.

Vespuzio, Ameriko. Nabigatzaile italiarra (Florentzia, 1454 - Sevilla, 1512). Mundu Berrirako lehen bidaietan parte hartu zuen (1497-1503). 1499koan lurralde hura Asiako kostaldea ez baizik beste kontinente bat zela zehaztu zuen. Horregatik, M. Waldseemüller geografoak Amerika izena eman zion kontinente berriari.

Behaim, Martin. Kosmografo eta nabigatzaile alemaniarra (Nuremberg, 1459 - Lisboa, 1507). Kolonen aurretik ezagunak ziren lurraldeak azaltzen ziren lur-globoa egin zuen.

Cabot Sebastian (Venezia, ~1476 - Londres, 1557), nabigatzailea eta kartografoa. Espainiako Karlos V.aren zerbitzura, Río de la Platara iritsi zen (1527). Berak egindako mundu-mapa (1494) Parisko Liburutegi Nazionalean dago.

Mercator, Gerard (j.i. Gerhard Kremer). Matematikari eta geografo flandestarra (Rupelmonde, 1512 - Duisburg, 1594). Bere izena duen proiekzio-sistema landu zuen. Proiekzio honetan, meridianoak zuzen paralelo distantziakideen bidez, eta paraleloak meridianoekiko elkarzut diren zuzenen bidez azaltzen dira. Horren arabera egin zuen munduaren mapa.