GEOGRAFIA

«« Itzuli

Kartografia

Geografi Informazioko Sistemak (GIS)

Garai batean mapek informazio kualitatiboa jasotzen zuten batez ere. Tresna matematikoak eta ordenagailuak garatu ahala metodoak aldatuz joan dira, ordea. Datuak paperezko mapatan soilik zeudenean kartografiak muga estuak zituen: datu-kopurua ezin zen oso handia izan, eskala handiak erabili behar ziren eta, beraz, orri asko xehetasun asko agertu nahi zirenean, ez zen erraza mapatik kanpoko lurraldeari buruzko datu asko (estatistikoak, ekonomikoak, etab. ) maparekin erlazionatzea, mapak eguneratzea garestia eta astuna zen, mapa orokor batetik gai jakin batekin lotutako informazioa ateratzea lan handia zen. Bestalde, gaur egun teledetekzio bidez datu espazial ugari lortzen da eten gabe eta datu hauek ordenagailuz trata daitezke eta mapetan erakutsi.

Lan egiteko era berri honek Geografi Informazioko Sistemak (GIS) sortu ditu. GIS hauek teledetekzioz lortutako datuak, lurrean egiten diren azterketak eta kartografia konbinatzen dituzte.

GIS batek datuak atzemateko, gordetzeko, bilatzeko eta kudeatzeko, aztertzeko eta mapatan eta dokumentutan erakusteko baliabideak izaten ditu. Datu guztiak formatu digitalean erabiltzen dira; direla testuak, argazkiak, mapak edo landa-lana eginez jasotzen diren datuak ordenagailuak erabil ditzakeen moduan jarri behar dira.

Hau lortzeko teklatua, eskanerrak, grafiko bektorialak marrazteko programak (objektu grafikoak matematikoki definitzen dituztenak) eta satelite bidezko kokapen-sistemek (GPS) ematen dituzten datuak erabiltzen dira. Bide batetik edo bestetik lortzen diren datuak bi eratakoak izan daitezke: datu espazialak eta espazioko elementuei dagozkien atributuak. Datu hauek guztiak kudeatzeko berariazko programa informatikoak erabiltzen dira. Emaitzak kontsulta bidez dinamikoki sortzen diren mapak, taulak eta diagramak izan ohi dira.