GEOGRAFIA

Meatzaritza

Sektore hori oinarrizko lehengaiak lortzeaz arduratzen da. Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, arrantza eta meatzaritza daude sektore honen barruko jardueren artean.

Lehen sektorerik gabe ez litzateke beste jarduera ekonomikorik egongo, eta ezinbestekoa da edozein eskualde edo herrialderen oparotasunerako.

Bestalde, natur inguruneak zenbait baldintza ezartzen dizkio sektore honi, bere emaitzak zuzenean naturatik lortzen dituen jarduera ekonomikoa denez gero. Zenbait herrialdek mineral asko baina zereal gutxi dauzkate, eta alderantziz. Horregatik, bada, merkataritza dago, eta Europako Batasunak eta antzeko erakundeek erregulatzen dute sektorea.

Gizakiarentzat, mineralak oso garrantzitsuak izan dira eta oraindik ere badira. Hala, historialariek historiako aroei mineralen izenak eman dizkiete: Brontze Aroa, Burdin Aroa, eta abar. Urrea izan da boterearen eta aberastasunaren ikurra tradizioz zibilizazio gehienetan.

Mineralak Lurraren azalean eta lurpean daude. Mineralak erauzteko egin behar diren hondeaketei meatze izena ematen zaie. Itsasoan ere mineral-kantitate handiak aurkitzen dira, horietako batzuk uretan disolbaturik (gatza, magnesio, bromo).

Euskal Herriko meatzaritza

Euskadiko industriaren garapena meatzaritzan dugu oinarri. Sektore horrek bere garai gorena izan zuen XIX. mendean, bereziki Meatzaldean. Lurralde horretan burdina oso ugari eta kalitatekoa zen. Minerala gainazalean aurkitzen zen,, horregatik erauzketa "aire zabalean" egiten zen, ingurugiroaren gaineko kalte handiak sortuz.

Mineral horri ezker burdinolak hedatu ziren, eta beren produktuek merezi zuten ospea hartu zuten. Burdin erauzketatik abiatuta hasi zen eratzen siderurgia eta metalurgia garapenari leku emango zioten kapitalen oinarria.

Mineralen erabilera nagusiak

Mineral batzuk besteak baino gehiago erabiltzen dira. Erabilera nagusiak honakoak dira:

  • Eraikuntza: karea, buztina, granitoa eta marmola.
  • Siderurgia: altzairua fabrikatzeko burdina eta ikatza.
  • Telekomunikazioak: kobrea eta zinka.
  • Kimika: sufrea, gatza, potasioa eta silizea.
  • Nekazaritza: ongarrietarako fosfatoak.

Mineralak

Naturan gutxitan izaten dira mineral puruak; beste elementu batzuekin nahasita daude gehienetan, eta bereizi egin behar dira mineralak erabilgarriak izan daitezen.

Mineralak konposatu natural eta ez-organikoak dira, kristal egitura edo amorfoa daukate, eta prozesu geologikoen ondorioz sortuak dira. Mineralak ez dira baliabide berriztagarriak, eta urriak dira. Normalean haitzen parte izaten dira, eta lurrazalaren pisu osoaren %98 osatzen dute. Kokapena lurraren ezaugarri geologikoen araberakoa da, eta gero eta baliabide sofistikatuagoak erabiltzen dira mineralak ustiatzeko.

Mineralak hiru talde nagusitan sailkatzen dira: metalezkoak, ez-metalezkoak eta erregaiak (ikatza, gas naturala, eta abar). Zazpi mila mineral-mota baino gehiago ezagutzen dira.

Mineral asko, uranioa edo petrolioa kasu, estrategikotzat jotzen dira, balio energetikoarengatik; eta uranioaren kasuan, interes militarra (bonba atomikoa) ere badauka.

Petrolioa

Gaur egungo industria eta garraioa petrolioaren mende daude, energia-iturri nagusia baita. Lurraren barruan milioika urtetan fosildutako hondar organikoak ditu jatorri. Munduko ekoizle nagusiak Saudi Arabia, Txinako Errepublika, Irak, Ameriketako Estatu Batuak, Iran, Mexiko, Nigeria, Norvegia, Erresuma Batua, Errusia eta Venezuela dira. Zenbait meatokitan, Saudi Arabiakoetan kasu, petrolioa lurrazaletik oso gertu dago, eta Iparreko itsasoan, aldiz, itsasoaren azpitik 4.000 bat metrora. Petrolio naturalak ez du ia ezertarako balio, eta beharrezkoa da fintzea.

Mineralen ekoizpena

Mineral nagusiak eta herrialde ekoizle nagusiak:

Burdina: Errusia, Txina eta Australia.
Kobrea: Txile, Ameriketako Estatu Batuak, Kanada eta Zambia.
Nikela: Kanada, Errusia eta Australia.
Beruna: Ameriketako Estatu Batuak, Kanada eta Australia.
Zilarra: Mexiko eta Peru.
Urrea: Hegoafrika eta Errusia.
Eztainua: Brasil, Indonesia, Malaysia eta Bolivia.