Lurra
- INFOGRAFIA: Lurraren egitura
Eraketa: kondentsazioaren teoria
Astronomoen iritziz, Eguzki Sistemaren jatorriari buruz egin den hipotesirik sinesgarriena kondentsazioaren teoria edo hipotesi nebularra dugu. Teoria horren arabera, duela 4.500 urte jiraka zebilen masa bat Eguzkiaren erdigune bilakatu zen, fusio nuklearreko erreakzioak sortzeko beharrezkoak diren tenperaturetara iritsi zenean.
Jiraka zebilen masa horren kanpoko geruzetan tenperaturak ez ziren aski izan izar bat eratzeko, eta horrela, ehunka kilometroko masa txiki batzuk sortu ziren, eta Eguzkitik urrundu ahala, hozten eta masa bereganatzen joan ziren. Planetesimo esaten zaien nukleo horiek beren erakarpen-indar grabitatorioa handitzen joan ziren, eta horrela beste planetesimo batzuk erakarri zituzten beren masa horretara.
Lurra espaziotik ikusita
Ezaugarri orokorrak
Lurra «barne-planeta» deituriko horietako bat da, Eguzkiraino doan distantziari dagokionez hirugarrena, eta bere ezaugarrien artean honakoak aipa litezke:
- Masa murritza, nahiz barne-mundu guztietatik handiena den.
- Dentsitate handia, harriek, mineralek eta izotz-kopuru batek osatzen dutelako, solidoki trinkoturik.
- Bere forma esferikoa apur bat irregularra edo geoidea da.
- Materialak geruza zentrokide nahiko homogeneoetan banaturik daude, beren dentsitatearen arabera.
Grabitatea
Antzinarotik hain gauza nabarmena izan da gorputz guztiak beherantz erortzen direla, XVIII. mendea arte inori ez baitzitzaion bururatu gertakari horren arrazoiaren zergatia zein ote zen galdetzea.
Isaac Newton zientzialari britainiarrak, 1683an, grabitazio unibertsalaren teoria eman zuen ezagutzera, eta horren arabera «bi gorputzek elkar erakartzen dute zuzenean, beren masen proportziozkoa eta beren arteko distantziaren berbiduraren aurkako proportziozkoa den indar batez».
Lurraren eremu magnetikoaren polaritate-aldaketa.
Adierazpen hori, matematiketan, honako formula honen bidez definitzen da:

m1 eta m2 izango lirateke horiei dagozkien masak, r litzateke horien zentroen arteko tartea eta G grabitazio unibertsalaren konstantea (6,672 ×10-11m3kg-1s-2).
Lurra esfera perfektua ez denez gero, eta bere osaera ere uniformea ez denez, erakarpen grabitatorioak irregulartasun edo akats arin batzuk ditu lurrazaleko hainbat puntutan. Lurraren errotazioak eragindako indar zentrifugoaren ondorioz, gainera, grabitatea handiagoa da poloetan eta txikiagoa ekuatorean. Nolanahi ere, aldaketa horiek zehaztasun handiko tresnen bidez bakarrik atzeman daitezke.
Magnetismoa
Lurrak barra imandu itzel baten modura jokatzen du. Gertakari hori lehenengo aldiz 1600. urtean egiaztatu zuen W. Gilbert fisikariak, esperimentazioan oinarriturik.
Magnetismoaren jatorria Lurraren nukleo metalikoan aurkitzen da, eta badu zerikusirik lurraren errotazioarekin, zeren polo magnetikoek eta geografikoek, nahiz eta hamar mila urtean behin bakarrik egokitzen diren erabat, elkarrengandik hurbil samar egoteko joera baitute.
Gaur egun, polo negatiboa Ipar polo geografikotik hurbil aurkitzen da, baina hamar milatik hogeita bost mila urtera bitarteko epealdietan, polaritate hori trukatu egiten da.
Lurraren eremu magnetikoak honako ezaugarriak ditu:
- Intentsitatea: erabateko indarra, denboraren joana eta eguzki-jardueraren arabera zenbait aldaketa jasaten baditu ere. Osagai horizontal bat (H) eta osagai bertikal bat (Z) ditu.
- Inklinazioa: intentsitatearen eta Hren arteko angelua (i). Latitudearen arabera aldatzen da. Poloetan inklinazioa bertikala da, eta ekuatorean ezdeusa.
- Deklinazioa: Hren eta ipar polo geografikoaren arteko angelua (D). Ipar polo magnetikoa eta geografikoa berberak balira, deklinazioak zero balioa izango luke.
Lurraren eremu magnetikoa bektoreetan deskonposaturik koordenada geografikoen sistema batean.
Hiztegia
Grabimetria: grabitazio-erakarpenaren neurketa lurreko gainazalaren puntu jakin batean.
Grabimetroa: puntu jakin batean grabitazio-intentsitatea neurtzeko erabiltzen den sentsibilitate handiko tresna.
Isostasia: lurreko gainazala doitzeko mugimendua, aldaketa grabimetrikoetan oinarritua. Lurrazaleko materialen joera naturala forma biribil perfektua lortzea da. Homogeneotasun-ezak eta itxuraldaketa tektonikoek, besteak beste, eragotzi egiten dute forma ideal hori lortzea.
Lurraren egitura
Lurra osatzen duten materialak geruza zentrokideetan banaturik daude, eta beraz, elementu astunenak planetaren zentrotik hurbilen kokatzeko joera dute. Horrela, nukleoa burdinaz eta nikelez eratua dago; behe-mantuak mineral metalikoak ditu, eta aldiz, goi-mantuan ugariagoak dira harri silizeoak; azkenik, lurrazala heterogeneoagoa da, nahiz osagai funtsezkoena harri erakoa den eta mineralak nahiko urriak diren.
Lurreko magnetismoa alderanztea
Harrien azterketa geologikoari esker, eta bereziki, azterketa paleomagnetikoari esker, jakin ahal izan da Lurrak bere historian orientazio magnetikoaren zenbait aldaketa jasan dituela, Ipar poloa eta Hego poloa trukatuz. Aldaketa honen arrazoiak guztiz ezezagunak dira.
Lurraren eremu magnetikoaren erabilerak
Lurraren eremu magnetikoak hesi babesle gisa jokatzen du Eguzkiaren zenbait erradiazio arriskutsuren aurrean. Atmosferaren goiko geruzetan eta fluxu-linea magnetikoen menpe, elektrizitatez kargatutako partikula-uholdeek osatzen dituzte Van Hallen izeneko gerrikoak, bizitzarako eguzki-emisio kaltegarrienetako batzuk gelditzen dituztenak. Eremu magnetikoaren beste aplikazio praktiko bat iparrorratza da, Errenazimentuaz gero nabigazio-teknikak goitik behera eraldatu zituen orientazio-tresna.
