GEOLOGIA

Edafologia

Lurra estaltzen duen material emankorrezko geruza mehea da lurzorua eta hau aztertzen duen zientziari Edafologia deritzo.

Lurzoruaren sorkuntza

Ingurumeneko faktoreek harri ama eraldatzen dute. Jatorrizko material hori zenbait prozesuren eraginez morfologia eta ezaugarri berezi batzuk izatera iristen da.

Aldaketak mineralen aleen mailan, nahiz hauen antolaketa edo egituran gertatzen dira.

Hasieran kolorea aldatzen da; harria gero eta gehiago horitzen eta arretzen da. Gainera, arrakala gero eta zabalagoak eta forma konplexuagokoak agertzen dira. Gero plasma edo oinarrizko masa hutsuneak betetzen hasten da, baina oraindik ez da antolaketan aldaketa handirik nabaritzen. Mineralik ez-egonkorrenak, hala nola piroxenoak, anfibolak eta plagioklasak eraldatzen hasten dira.

Materiala apurkorrago bihurtzen da, kristalak banantzen hasten dira, baina multzoak oraindik ere hasierako bolumena eta antolaketa mantendu egiten ditu. Egoera honi saprolita esaten zaio. Prozesuak aurrera egin ahala, ordea, eraldaketa areagotu egiten da eta materialak bere forma propioa hartzen du: lurzorua eratzen da. Harriaren antolamendua guztiz galtzen da. Aurreko urratsetan apurtu arren beren lekuan jarraitzen zuten kristalak lekualdatu egiten dira. Mineralak berrantolatu eta elkartu egiten dira eta hauei material organikoak batzen zaizkie, antolatzeko era berri baten arabera. Gauza hauen guztien ondorioz plasma asko ugaritzen da eta beste osagai guztiak biltzen ditu. Masa, bestalde harrotu egiten da. Harri amako mineralek eraldaketa handia jasan dute jadanik. Organismo biziak ere kokatzen dira bertan eta beren hondakinak hantxe uzten dituzte.

Harritik lurzorura

Ezkerretik eskuinera granitotik lurzorua eratzeko prozesuaren ondoz ondoko urratsak ikus daitezke.

Faktoreak

Hainbat faktorek hartzen dute parte harritik lurra sortzen duen prozesuan:

  • Harria bera
  • Bizidunen hondakinak
  • Faktore klimatikoak
  • Erliebea
  • Denbora

Prozesuak

Aurreko puntuan aipaturiko faktoreen eraginez zenbait prozesu gertatzen dira:

Zatikatzea: harriak puskatu egiten dira. Zatikatze hori hainbat eratara gertatzen da. Esate baterako eguzkiak harriak berotzen dituenean dilatazio desberdinak gertatzen dira gainazalean eta barnean, material batzuetan eta besteetan, etab. eta horrek eragiten dituen tentsioek apur ditzakete harriak. Arrakala eta zuloetan geratzen den ura jelatzen denean handitu egiten da eta ziri baten antzera jokatzen du. Azpian zeuden harriak, presio handiak jasanez, azalean geratzen direnean, gaineko presioa arintzen zaienez apurtu egiten dira. Hezetasun-aldaketek, materialen kristalizazioak, landareen sustraiek ere apurtzen dituzte harriak.

Erreakzio kimikoak: mineraletan dauden osagaiak atmosferako airearekin eta urarekin erreakzionatzen dute eta bizidunek elikagaiak ateratzeko haiei erasotzen diete. Hainbat eratako aldaketa kimikoak gertatzen dira: disoluzioak, hidrolisiak, hidratazioa, oxidazio-erredukzioak

Substantzien translokazioa: Materialak nahastu, batu, banandu, kontzentratu egiten dira animalien eta uraren eraginez.

sator-zuloak

Satorrak translokazioan esku hartzen du.

Lurzoruaren osagaiak

Materiaren hiru egoeretan egoten dira lurzoruaren osagaiak: % 50 solido, % 25 likido eta beste % 25 gas. Solidoak batez ere mineralak dira eta hauen artean silikatoak dira nagusi. Beste zatitxo bat materia organikoak osatzen du. Fase likidoan ura eta disoluzioak daude. Material solidoetako poroetan fase likidoa eta gaseosoa lehian daude beti. Fase gaseosoaren osagaiak atmosferan daudenak berberak dira, baina konposizioa atmosferakoa baino aldakorragoa izaten da, sakoneraren eta urtaroaren arabera. Lurzoruko airea eta atmosferakoa etengabe trukean ari dira, tenperatura- eta presio-aldaketen eraginez.