GEOLOGIA

Kristalografia

Gorputz solidoen partikulak, salbuespenak salbu, kristalina izeneko sare geometrikoen mota jakin batzuen arabera antolatzen dira espazioan. Antolamendu horri esker lortzen dituzte solidoek beren sendotasuna eta beren ezaugarri gehienak, eta halaber, horixe da kristalografiaren aztergai nagusia.

Orokortasunak

Solido kristalinoek barne-egitura geometrikoak edukitzeko joera dute, linea zuzen eta plano paraleloetan oinarriturik. Halere, kristal baten kanpo-itxura ez da beti erabat erregularra izaten, baldintza-multzo baten arabera baitago:

  • Konposizio kimikoa: solidoa substantzia bakuna edo konposatua izan liteke, eta kristal-egitura hori eta beste ezaugarri batzuk, hala nola sendotasuna edo kolorea, eralda ditzaketen ezpurutasunak eduki ditzake.
  • Tenperatura eta presioa: bi aldagai horiek badute eraginik kristalen eraketan eta horien hazkundean. Oro har, kristalak presio handiko eta tenperatura handiko egoeran eratu ohi dira.
  • Espazioa eta denbora: kristal baten hazkundea muga dezakete biek, batez ere lehenak, sarritan espaziorik ez izatea baita zenbait kristalek beren kanpo-itxuran agertzen duten irudi akastunaren arrazoia.

Simetria

Gorputz kristalinoek simetriako elementu batzuen inguruan antolatzen diren sareak eratzen dituzte, eta elementu horien kopuruak eta banaketak erabakiko du kristalizazio-sistema:

  • Simetria-ardatzak: kristal-egituraren barrualdea zeharkatzen duten irudizko lerroak dira. Horiei esker, 360º jiratzean, kristalaren motibo geometrikoa hainbat aldiz errepikatzen da. Simetria-ardatzak bitarrak, hirutarrak, lautarrak eta seitarrak izan daitezke, sortzen duten errepikapen-kopuruaren arabera.
  • Simetria-planoak: kristala bi zati guztiz berdinetan banatzen duten gainazal lauak dira.
  • Simetria-zentroak: kristalaren barruan aurkitzen diren irudizko puntuak dira. Horietatik simetria-ardatz eta simetria-plano nagusiak igarotzen dira.

Simetria-ardatzen eta simetria-planoen banaketa sistema kubikoan.

Kristal-sareak

Gorputz solido baten funtsezko osagaiak lau eratakoak izan daitezke:

  • Atomoak: karga elektriko neutroa duten materiaren funtsezko partikulak.
  • Ioiak: karga elektriko negatiboa (anioiak) edo positiboa (katioiak) duten atomoak, elektroi bat edo gehiago transferitu edo hartu izanaren ondorioz, hurrenez hurren.
  • Ioi-taldeak: elementu kimiko bereko edo desberdineko zenbait ioiren arteko elkarketak.
  • Molekulak: elementu bereko edo desberdineko zenbait atomoren elkarketak.

Osagai hauek espazioaren hiru norabideetan duten antolamendu geometrikoaren arabera eratuko da kristal-sarea, gorputz tridimentsional jakin baten errepikapenean oinarritutako egitura geometrikoa.

Bravais-en sare izena ere hartzen duten kristal-sareen artean hamalau mota desberdin bereiz ditzakegu, eta horiek guztiak, zazpi kristal-sistematan bil daitezke.

  • Triklinikoa.
  • Monoklinikoa: bakuna eta base zentratuak dituena. Ardatz bitarra du.
  • Erronbikoa: bakuna, zentratua, base zentratuak dituena, eta alde eta base zentratuak dituena. Hiru ardatz bitar ditu.
  • Erronboedrikoa: ardatz hirutar bat du.
  • Hexagonala: ardatz lautar bat du.
  • Tetragonala: bakuna eta zentratua. Ardatz lautar bat du.
  • Kubikoa: bakuna, zentratua eta alde zentratuak dituena. Lau ardatz hirutar ditu.

Bravaisen sareak

Zazpi kristal-sareak abiapuntutzat harturik, hamalau kristal-sare deskribatu ahal izan dira, eta horiei Bravaisen sareak ere deitzen zaie, Auguste Bravais XIX. mendeko mineralogia-aditu frantziarraren ohorez, bera izan baitzen mineralen egitura erretikularraren hipotesia proposatu zuen lehena.

Bravaisen hamalau kristal-sareak

Hiztegia

Fluorita solido kristalinoaren adibide bat da.

Amorfoa: kristal-egiturarik ez duen gorputz solidoari esaten zaio, eta bertan, partikulak modu irregular batez antolaturik daude.

Kristalinoa: bere partikulak egitura geometriko baten arabera antolaturik dauzkan gorputzari esaten zaio.

Kristala : solido kristalino baten kanpo-itxura ideala.

Solido kristalinoa: bere osagaiak geometrikoki antolaturik edukitzeagatik nabarmentzen den gorputz bat egoera solidoan. «Kristala», ez bezala «solido kristalino» adierazpenak gorputzaren barne-itxurari erreparatzen dio batez ere.

 

Zenbait mineral kristalino

Pirita, diamantea, gatzarria (sistema kubikoa).

Igeltsua, mika, malakita (sistema monoklinikoa).

Axinita, feldespatoa (sistema triklinikoa).

Esmeralda, kaltzita, kuartzoa (sistema hexagonala)

Baritina, sufrea (sistema ortorronbikoa).

Besubiana, kasiterita (sistema tetragonala).