GEOLOGIA

Mineralak

Mineralogia mineralen azterketaz arduratzen da, eta funtsezko baliabide bat da Lurra ezagutzako. Mineralen azterketaren bitartez, gure munduaren bilakaera ezagutu dezakegu edo material berezienentzako aplikazio praktikoak bilatu.

Definizioa

Oro har, substantzia natural bat mineral bat dela esango dugu baldin eta ondorengo ezaugarriak betetzen baditu:

  • Egoera solidoa.
  • Bere egitura atomikoa kristal-sare baten arabera antolatua dago.
  • Bere konposizio kimikoa homogeneoa da, edo ongi mugatutako aldaketa gutxi dauzka.
  • Ez du bizi-jarduerarik, hau da, gorputz solido hori ez da ez animalia bat eta ez landare bat ere.

Nolanahi ere, komunitate zientifikoak ez du erabat onartzen definizio hori, egile askok benetako mineraltzat jotzen dituzten konposatu natural ugari uzten baititu mineral izate horretatik kanpo:

  • Substantzia jariakorrak, hala nola petrolioa, metanoa eta beste erregai batzuk.
  • Solido amorfoak, kristal egiturarik gabekoak, opaloa esaterako.
  • Organismo bizidunek sortutako mineralak, kaltzita adibidez.

Opaloa, substantzia amorfoa, zenbait egilek ez dute benetako mineraltzat hartzen.

Eraketa

Kasu gehienetan, mineralen jatorria oinarrizko bi prozesutan aurkituko dugu:

  • Fluidoen kristalizazioa, aldi berean hiru aldaera dituelarik:
    • Sumendietako magma solidotzea (feldespatoa, olibinoa).
    • Soluzio urtsu bat lurruntzea (igeltsua, halita).
    • Gasen sublimazioa (sufrea).
  • Solido baten transformazioak, presioaren eta tenperaturaren aldaketetan oinarrituak

Olibinoaren eta kuartzoaren adibideak, bi silikato-mota.

Sailkapena

Mineralak sailkatzeko modurik baliagarriena beren konposizio kimikoaren arabera egitea da. Horrela, ondorengo mineral-talde handiak bereiz ditzakegu gure planetan:

  • Elementu kimiko bakunak:
    • Metalak: zilarra, kobrea, nikela.
    • Ez-metalak: sufrea, diamantea (karbonoa).
  • Elementu kimiko konposatuak:
    • Boratoak: boroaren (B) oxisal hirutarrak. Borax.
    • Karbonatoak: karbonoaren (C) oxisal hirutarrak. Kaltzita, dolimita.
    • Kromatoak: kromoaren (Cr) oxisal lautarrak. Krokoita
    • Fosfatoak: fosforoa (P) oxigenoarekin konbinatua. Apatitoa.
    • Halogenuroak: halogeno batekin eta, batzuetan, urarekin konbinatutako metalak. Halita, fluorita.
    • Oxidoak eta hidroxidoak: oxigenoarekin (O) edo hidroxilo talde batekin (OH-) konbinatutako metalak. Magnetita, oligistoa.
    • Silikatoak: siliziozko (Si) konposatuak. Litosferan ugarienak dira. Feldespatoa, ortosa.
    • Sulfatoak: sufrearen (S) oxisal lautarrak. Igeltsua, baritina
    • Sulfuroak: sufrearekin konbinatutako metalak, oxigenorik gabe. Badira antzeko beste konposatu batzuk, sufrearen ordez Artsenikoa (As), Antimonioa (Sb), Bismutoa (Bi), Selenioa (Se) edo Telurioa (Te) dutenak.
    • Banadatoak: Banadioa (V) oxigenoarekin konbinatua. Banadinita.
    • Wolframatoak: Wolframioaren (W) oxisal lautarrak. Wolframita.

Augitaren lagin bat.

Moskobitaren lagin bat. Augita bezala, mineral hau oso arrunta da lurrazalean

Mineralen aprobetxamendua

Mineralek erabilera ugari dituzte. Horietako batzuk, gemak esaterako, edertasun handikoak dira eta, beren balio ekonomikoaz gain, ebaketa eta leunketarako tresnak ekoizteko erabiltzen dira, edo zehaztasun handiko tresnak egiteko. Mineral asko era guztietako alorretan erabilitako konposatu kimikoen parte dira, eta beste batzuk, berriz, eraikuntza-material gisa erabiltzen dira. Metalak, bestetik, era guztietako tresnak, eraikin-egiturak edo eroale elektrikoak egiteko erabiltzen dira, besteak beste.

 

Mineral ugarienak

Mineral-mota ugari dauden arren, lurrazalean dauden mineralen %95 silikatoak dira, hau da, beren formula kimikoan silizioa (Si) duten konposatuak. Banaketa hori aldatu egiten da Lurraren erdialderantz barneratzen garen neurrian, eta nukleoan, bi metal astunen nahasketa ia purua aurkitzen da: nikela (Ni) eta burdina (Fe).

 

Mineraloideak

Zenbait egilek mineraloide esaten diete mineral-itxura izanik benetako mineralen ezaugarrietako batzuk betetzen ez dituztenei. Horrela, solido amorfoak, hala nola kaltzedona, fluido oretsuak, hala nola petrolioa, eta gas naturalak, berez mineraloideak direla diote, hau da, «mineralen antzeko» substantziak..