GEOLOGIA

Harri sedimentarioak

Sedimentazioa eta higatutako materialen depositua lurreko dinamikaren alderdi berezi bat dira. Beste fenomeno bortitz eta ikusgarri batzuk ez bezala, harri sedimentarioen eratze-prozesua salbuespen bitxia da, naturaren alderdi patxadatsu eta barearen erakusgarri.

Definizioa

Sedimentazio-prozesuak lurrazalean edo horretatik hurbil dauden inguruetan gertatzen dira, sedimentazio-arroak deiturikoetan. Oro har, behealdeko inguruak dira, eta horietan, higaduratik datozen materialak metatu ohi dira, hala nola ibai-oheetan eta itsas hondoetan.

Harrien eraketa-mekanismo motel eta etengabea dira, harri igneoen (7. gaia ikusi) edo metamorfikoen (8. gaia ikusi) sorreran bereizgarri diren eraldaketa bortitz eta nahiko azkar horiek ez bezala.

Hareharri zementatu baten argazki mikroskopioa, harri sedimentario baten adibide.

Eraketa

Harri sedimentarioak sortzeko beharrezkoak dira tenperatura txikiak eta presio ertain eta are txikiak ere. Diagenesi izeneko prozesu osoak ongi zehaztuta dauden zenbait urrats bete behar ditu:

  • Materialen metaketa, estratu izeneko geruza horizontal paraleloak osatuz.
  • Mineralen trinkotzea, goiko geruzetan jalkitako sedimentu berrien zamaren ondorioz. Estratuetan sakonago barneratu ahala, porositatea gutxitu eta dentsitatea handitu egingo da.
  • Zementatzea, hots, hutsarteak eta poroak material disolbagarrien bidez betetzea, gorputz solido trinko bat osatu arte partikulak batzen dituen lekeda baten modura jokatuz.
  • Erreakzio kimikoak, sedimentuko mineralen eta material zimentatzaileen artean, kristal-egitura berriak agertzea eta konposatu kimiko egonkorrak osatzea ahalbidetuko baitu horrek.

Motak

Funtsean hiru eratako harri sedimentarioak daude, eta horiek, aldi berean, beste kategoria txikiago batzuetan banatzen dira:

Harri detritikoak:

Materialen metaketaren ondorioz sortzen dira eta honela banatzen dira:

  • Konglomeratuak: pusketa handiek osatuak. Pudingak (ale biribildua) edo bretxak (ale angelutsua) izan daitezke.
  • Hareharriak: pusketa ertain edo txikiak. Horiek osatzen dituen mineral nagusiaren arabera, ortokuartzitak (silizeoak), graubakak (lititikoak) edo arkosak (feldespatikoak) izan daitezke.
  • Buztinak edo lutitak: oso pikor finez osatutako hauek dira ugarienak. Limolitak (mikroskopio optikoz ikusten da pikorra) edo buztin-harriak (mikroskopio elektronikoz ikusten da pikorra) izan daitezke.

Harri karbonatatuen adibideak: a) molusku eta koralen metaketa bidez eratutako kareharria, eta b) mikroorganismoen metaketa bidez eratutako kareharria.

Harri kimikoak eta biokimikoak:

Uretan disolbatutako ioien metaketa bidez eta erreakzio kimikoen bidez eratzen dira. Harriaren eraketan izaki bizidunek parte hartzen badute, jarduera biokimikoaz hitz egiten da. Bi eratako harri kimikoak ditugu:

  • Karbonatatuak: beren konposizioan karbonatuak dituzte. Talde honetan ohikoak dira kareharriak eta dolomiak.
  • Ebaporitikoak edo ebaporitak: aintzira eta itsasoen hondoan gatzak metatuz eratzen dira, lurruntze handiko inguruetan Kaltzita eta igeltsua dira harri-mota honen bi adibide.

Harri organikoak:

  • Era askotako materia organikoaren metaketa bidez eratu dira, animalien eta landareen hondakinen bidez esaterako. Funtsean bi eratako harri organikoak bereiz ditzakegu: ikatz naturalak eta petrolioa, biak ere industria mailan erregai gisa erabiliak.

Egitura

Harri sedimentarioak estratu paraleloek osatutako masa handietan aurkitzen ditugu, gehienetan horizontalak direlarik, deformazio edo zartadurak eragiten dituzten indarren eragina jasan ez badute behintzat (8. gaia ikusi).

Barne-egitura harri bakoitzaren, bere jatorriaren eta hura osatzen duten mineralen arabera aldatzen da. Bi eratakoak izan daitezke:

  • Geruzapen gurutzatua: harriaren partikulek lamina etzanak eratzen dituzte.
  • Pikor-hautespena: harriaren pikorra handiagoa da geruzaren oinarrian, eta zenbat eta gorago txikiagoa bihurtzen da.

Mineral sedimentarioak

Beren jatorriaren arabera, zenbait mineral sedimentario bereiz daitezke harri-mota honen parte izan daitezkeenen artean: heredatuak (detritikoak), beste harri batzuen higaduratik sortuak; eraldatuak, diagenesiaren erreakzio kimikoen ondorioz sortuak; eta eraberrituak, diagenesian uretan disolbatutako ioien hauspeatze kimiko bidez eratuak. Harri sedimentarioetan ugarien agertzen diren mineralak karbonatoak, kuartzoa, mika eta feldespatoak dira.

 

Sedimentazioa eta plaka-tektonika

Harri sedimentarioek aldaketa sakonak izan ditzakete plaken mugimenduaren emaitza gisa. Tentsioek tolestu eta are zartatu ere egin ditzakete geruza sedimentarioak, eta presio handiak edo tenperatura-igoerak gertatzen badira, harriaren nolakotasun fisiko-kimikoa alda daiteke, Bestetik, sedimentazioa ugariagoa da plaken ertzen inguruan, erliebe irregularreko guneak direlako, eta higadura bortitza eta materialak garraiatzeko erraztasun handiagoa direlako nagusi horrelakoetan.

 

Ikatzaren bilakaera-prozesua

Adibide gutxik erakusten dute materialak metatzeko eta harriak eratzeko prozesua ikatz naturalaren bilakaerak bezain garbi. Hilda dagoen materia organikoak zohikatz-metaketa lodiak osatzen ditu. Zohikatza bero-ahalmen urriko ikatz bat da. Metaketa berriak pilatzen joateak trinkotu egiten du zohikatza, bere jatorrizko tamainaren bosten bateraino, eta lignitoa eratzen da, oso arrunta den eta bero-ahalmen handiagoa duen ikatz-mota bat. Sedimentazioak jarraitzen badu, pisu-handitze horrek jatorrizko lodieraren hamarren bateraino murriztu dezake ikatz-metaketa, eta beraz, dentsitatea areagotu egingo da. Hala bada, harrikatza sortuko da.