GEOLOGIA

Higadura

Izaki bizidunen jarduerak eta klimaren eraginak, biek batera, harrien urratze etengabe bat sortzen dute, higadura edo meteorizazio izenekoa. Eragile geologiko motel baino indartsu hori erliebearen modelatzaile nagusienetako bat dugu.

Definizioa

Higadura harrien eta lurrazalaren gainazala osatzen duten beste material batzuen pixkanakako desintegrazio-prozesua izango litzateke. Higatutako mineralak, gehienetan uretan disolbaturik, gerora garraiatzea eragile indartsuenetako bat da lurrak sortzeko orduan, eta harri sedimentarioak eratzeko lehen urratsa izango genuke (9. gaia ikusi).

Meteorizazioa prozesu motel eta naturala da, etengabean gertatzen ari dena eta gure planetaren dinamika geologikoaren parte dena. Nolanahi ere, giza jardueraren edo klima-aldaketen ondorioz zenbait eskualdetan higadura hori areagotu izana mehatxu larria da eragindako gune horien oreka ekologikoarentzat.

Tenperaturak eta prezipitazioek higadura-prozesuan duten erantzukizuna.

Motak

Oro har, bi eratako higadurak bereiz ditzakegu funtsean:

  • Meteorizazio mekanikoa edo fisikoa: harrien haustura litzateke, beren konexio-gunerik ahulenetan (arrakala edo diaklasak) mineralak bereizi izanaren ondorioz. Hainbat eragileren ekintzaren ondorioz sortzen da, hala nola izotza, gatz kristalizatuak, landareen sustraiak eta animalien eta gizakien ekintza, edo baita ere, prozesu mekanikoen ondorioz ere, esate baterako urradura eta tenperatura-aldaketak.
  • Meteorizazio kimikoa: konplexutasun handiagoko sistema bat da, harrietako mineralen eta uretan nahiz airean dauden zenbait substantzien artean gertatzen diren erreakzio kimikoak baitaude horren oinarrian. Mekanismo nagusiak hiru dira:
    • Disoluzioa: mineral disolbagarriak uretan disolbatu eta garraiatu egiten dira.
    • Oxidazioa: oxigenoak disgregatu egiten ditu mineralak, zenbait elementurekin konbinatzean.
    • Hidrolisia: ur-molekula deskonposatu egiten da eta bere atomoek harrietako mineralek dituztenekin erreakzionatzen dute, konposatu berriak osatuz.

Higadura-eragileak

Arestian ikusi dugunez, zenbait eragile naturalek ere badute harremanik higadura-prozesuekin, bai ikuspegi fisiko batetik eta bai ikuspegi kimikotik ere. Garrantzitsuenak honako hauek dira:

  • Ura: meteorizazio naturalaren protagonista nagusia dugu. Urratzaile (uretan dabiltzan partikulen bidez) eta disolbatzaile gisa jokatzen du, disoluzioan eta gatzen metaketan parte hartzen du, eta erreakzio kimikoak sortzen ditu, bai hidrolisi bidez eta bai oxidazio bidez ere. Bestetik, mineralen arrakaletan barneratzen den urak, izoztean, palankarena egin eta harria hainbat puskatan leher dezake. Gainera, disolbatutako gaien garraio-modu nagusia da.
  • Airea: haizeak partikula solidoak garraiatzen ditu esekipenean, eta horiek benetako liz-paper baten gisa jokatzen dute harrien gainazalaren gainean. Horretaz gain, zenbait gas atmosferikok, zenbait gas naturalek eta industria-jardueratik datozen beste batzuek kimikoki erreakzionatzen dute harrien mineralekin. Garraio-elementu gisa, haizea bigarren mailan dago urarekin alderatuz.
  • Klima: uraren izoztearekin loturik, klimak meteorizazioan parte hartzen du, batez ere tenperatura-aldaketa bortitzen bidez, harria disgregatu dezakeen dilatazio- eta kontrakzio-prozesu bat eragiten baitute horiek. Mekanismo higatzailea areagotu egiten da baldin eta harriaren mineralek tenperaturaren aurrean modu desberdin batez erreakzionatzen badute.
  • Gatzak: urak garraiatutako gatz-substantziak, artesietan pilatzean, kristalizatzeko joera dute, eta prozesu kimiko honek izotzaren antzeko dilatazio bat eragiten du, eta ondorioak ere antzekoak dira.
  • Jarduera biologikoa: landareen sustraiak, harrien artesietatik barneratzen direla, higadura-elementu garrantzitsua dira landaretza handiko inguruetan. Animalien meteorizazio-eragina ez da hain garrantzitsua.
  • Giza jarduera: gizakiaren obrak eta eraikuntzak, betidanik, higadura-eragile garrantzitsuak izan dira. Gaur egun, atmosferara botatzen diren gai kutsakorrek areagotu egin dute atmosferaren meteorizazio kimikorako gaitasuna. Horren adibide garbi bat "harriaren gaitza" deiturikoa dugu, hondamen garrantzitsuak eragiten baititu eraikinetan.
  • Hidrolisia: uraren molekula deskonposatu eta bere atomoek erreakzionatu egiten dute harrien mineralek dituztenekin, konposatu berriak eratuz.

Zuhaitzen sustraiek lurra higatzen dute, baina aldi berean, beste higadura-eragile indartsuago batzuen jardueratik babesten du lurra landaretzak. Landaretza galtzeak azkartu egiten du lurraren higadura, eta lur emankorrak zirenak desertu bilakatzen ditu.

Lurrak

Lurrak, nekazaritzarako eta beste jarduera batzuetarako berebiziko garrantzia duten elementuak izateaz gain, harrien meteorizazioaren emaitza dira. Higatutako materialak, garraiatu ondoren, pilatu egiten dira behealdeko guneetan, landare-espezieak garatzeko oso egokiak diren gai solteko zabalguneak osatuz. Lur-mota ugari daude, eta horien konposizioa, higatutako harri-motaren arabera eta higadura hori gertatu zen moduaren arabera dago.

 

Lurpekohigadura

Uraren eta izotzaren jarduerak higatutako granitozko paisaia.

Higadura gehiena lurrazalean gertatzen den arren, bada lurpeko meteorizazio-mota bat ere, zorupetik dabiltzan ur-korronteek sortua.

 

Higadura etaingurumena

Lurraren higadura-erritmoa iraganean sekula iritsi ez den mailaraino iritsi da gaur egun. Horren arrazoi nagusia lurrazaleko hedadura handien baso-soiltzea da. Landare-geruza babesle hori desagertzen denean, higadura-eragileek indar handiagoz egiten dute beren lana, eta beren eragina guztiz hondatzailea izan daiteke. Izan ere, mundu osoko lurralde zabalak, antzina inguru emankorrak baziren ere, egun desertu bihurtzeko arriskuan daude, baldin eta larrialdiko neurriak hartzen ez badira.

 

Harriarengaitza

Industriak eta ibilgailuek hirietan sortutako kutsadura atmosferikoaren ondorioz, eraikinetako harriak eratzen dituzten mineralekin kimikoki erreakzionatzen duten zenbait gas ugaritzen ari dira. Horren eraginez, higadura-mota jakin bat hainbat eskultura eta eraikin hondatzen ari da, hala nola katedralak edo gazteluak.