Materia
- GRAFIKOA: Taula periodikoa
- GRAFIKOA: Tabla resumen
- ANIMAZIOA: Kimika modernoa
- TEST: Egia edo gezurra?
- TEST: Gezi bidez lotu
- LINK: Kanpo loturak (1)
Mundu honetako gauza guztiak materiaz eginda daude. Zure inguruan ikusten duzuna, baita ikusten ez duzuna ere, materia da. Hiru egoeretan aurki dezakegu: solidoa, likidoa eta gaseosoa. Baina, zer da materia? zerez eginda dago? Materia osatzen duten unitateei atomo deitzen zaie. Atomo hauek elkartzen direnean, molekula bat sortzen dute. Guztira 109 atomo edo elementu kimiko desberdinak daude.
Materia gure planetan
Masa eta inertzia daukaten gauza guztiak dira materia, eta espazioan toki bat betetzen dute. Gauza guztiak materiaz eginda daude. Harria edo burdina bezalako solidoetatik likidoetara, hau da, olioa, itsasoa, edari gaseosoak edota arnasten dugun airea, materia dira.
Materiaren egoera bakoitzak hainbat berezitasun ditu:
| Solidoak | Bolumen eta forma zehatzak dituzte. |
| Beren partikulak ordenaturik eta bere artean oso hurbil daude. | |
| Egitura sendo bat osatzen dute. | |
| Likidoak | Hauen bolumena finkoa da baina forma ontziaren arabera alda daiteke. |
| Beren partikulak baturik daude, lekuz alda daitekeen arren. | |
| Beren partikulak aske mugi daitezke. | |
| Gaseosoak | Ez dute bolumen finkorik. |
| Beren partikulak bananduta daude. | |
| Erraz mugitzen dira eta beren kokalekuaren espazio guztia betetzen dute. |
Materiak hurrengo propietateak ditu:
- Forma: materia dagoen egoeraren araberakoa da.
- Masa: gorputz batek duen materia-kopurua da. Kilogramoetan neurtzen da, nahiz horren multiploak edo azpi-multiploak ere erabiltzen diren.
- Bolumena: materiak okupatzen duen espazioa da. Metro kubikoetan neurtzen da, baina horren multiploak eta azpi-multiploak ere erabiltzen dira.
- Dentsitatea: materia duen masa-kopurua bere bolumenarekin erlazionatzen du. Horrela, tamaina berdineko bi zatik, bata metalezkoa eta bestea artelazkizkoa, bolumen berdina dute, baina horien masa desberdina da. Dentsitatea bolumen-unitateen araberako masa unitateetan neurtzen da.
Materia aldatu egiten da
Materia egoera bat baino gehiagotan ager daiteke eta uraren kasuan hiruretan. 0 eta 100ºC bitarteko tenperaturetan dagoenean likidoa da, 0ºC-ren azpitik izoztuta dagoenean solidoa eta 100ºC-ren gainetik lurrun bihurtzen denean gaseosoa.
Beroak egoera-aldaketak eragiten ditu materian, eta horiei, erregresibo esaten zaie, baldin eta beroa zurgatzen badute, edo bestela progresibo esaten zaie, baldin eta beroa kanporatzen badute. Gerta daitezkeen aldaketak honakoak dira:
- Solidotik likidora: fusioa.
- Solidotik gasera: sublimazioa.
- Likidotik gasera: lurruntzea.
- Likidotik solidora: solidatzea.
- Gasetik likidora: kondentsazio edo likidotzea.
- Gasetik solidora: alderantzizko sublimazioa.
Beste alde batetik, materiaren barruan badira substantzia batzuk, osagai bat baino gehiagoren nahasketak direnak. Nahasketa horiek homogeneoak izan daitezke (disoluzioak), hala nola esnea, ibaiko ura edo maionesa. Beren osagaiak ezin dira bereizi, eta beren zati guztiek osaera eta ezaugarri uniformeak dauzkate. Heterogeneoak ere izan daitezke, hala nola porlana, oliodun ura edo lurraz zikindutako ura. Beren osagaiak begi hutsez bereiz ditzakegu, edo bestela, mikroskopio baten laguntzaz, eta ezaugarriak desberdinak izan daitezke nahasketaren zati desberdinen artean.
Nahasteen osagaiek propietateak galtzen dituztela badirudi ere, ez da horrelakorik gertatzen (horien konbinazioa itxurazkoa delako), metodo fisiko arrunten bitartez banandu daitezkeelarik.
Atomoak eta elementuak
Materia atomo deituriko partikula txikiez eginda dago.
Atomoak ez dira esfera zatiezin eta aldaezinak, baizik eta txikiagoak diren beste partikula batzuez osaturik daude, partikula subatomikoak deitzen direnak. Garrantzitsuenak protoiak, neutroiak eta elektroiak dira. Protoiak eta neutroiak atomoaren nukleoan kokatuta daude, eta elektroiak, aldiz, nukleoaren azalean, eta orbitaletan abiadura handiz dabiltza biraka.
Bi atomo edo gehiago elkartzen direnean, molekula bat sortzen da. Substantziak bi edo elementu gehiagotako atomoek osatzen badituzte eta proportzio zehatzetan agertzen badira, konposatu kimikoak deituko dira. Molekula baten atomoak berdinak badira, ostera, elementu kimiko deitzen zaio.
Lurrean dagoen guztia, hala ur edo izaki bizidunak nola beste edozein mineral edo landare, bertan dauden 109 elementuetako bat edo gehiagoren arteko konbinazio batez osatua dago. Elementu hauek Elementuen Taula Periodikoan sailkatuta daude. Taula honetan elementuak masa atomikoaren goranzko ordenan aurkezten dira, eta zutabe edo multzotan eta ilara edo periodoetan banaturik daude.
Elementu bakoitza ikur baten bitartez irudikatzen da, eta normalean haren izenaren iniziala edo inizialak izaten dira. Adibidez, oxigenoari O ikurra dagokio, eta Nitrogenoari N. Beste batzuk, ostera, beren izenen lehen hizkiak daramatzate, baina latinez (zilarrak, adibidez, Ag ikurra du).
Konposatuak
Konposatuak bi elementu desberdin edo gehiago dira, elkarren artean lotura kimikoen bidez loturik daudenak. Materia oro substantzia konposatuez (atomo desberdinek osatuak) eta substantzia sinplez (atomo berdinek osatuak) eraturik dago. Adibidez, ura bi elementuz osatutako konposatu bat da, hain zuzen ere hidrogenoz (H) eta oxigenoz (O), bien proportzioa finkoa delarik: %11 hidrogenoa eta %89 oxigenoa.
Bi substantzia desberdin elkartzerakoan substantzia berri bat ager daiteke. Horrela, burdina eta sufrea elkartzen baditugu, beren atomoak bateratzearen emaitza burdin sulfuroa da. Eta konposatu hau, sortu duten bi substantzietatik erabat desberdina da!
Konposatu ez-organikoak lau talde nagusitan sailka ditzakegu:
- Azidoak. Beren egituran hidrogeno atomoak dituzte. Limoiaren antzeko zapore garratza dute eta baseak neutralizatzen dituzte.
- Baseak. Beren egituran OH (hidroxilo) funtzio-taldea dute. Zapore mikatza dute eta azidoak neutralizatzen dituzte.
- Gatzak. Gatz bat azido eta hidroxidoen arteko erreakzioaren bidez lortzen da.
- Oxidoak. Oxigeno eta metalen arteko konbinazioak dira.
Materiaren propietateak
Substantziak identifikatzeko eta zertarako balio duten jakiteko, materiaren propietateak zehaztu behar dira. Propietate hauen ondorioz, bi substantzia desberdinak izan daitezke.
Hurrengo taulan propietate horietako batzuk deskribatzen dira.
| Moldagarritasuna eta harikortasuna | Materia harikorra da hari edo alanbreetan tenkatu daitekeenean. |
| Materia moldagarria da xafla edo laminetan tenkatu daitekeenean. | |
| Biskositatea | Biskositate handiko substantzia bat isuri edo irristatzeko zailtasunak dituena da. Adibidez, eztiak biskositate handia du, urak, ostera, ez. |
| Dentsitatea | Bi objektuk tamaina bera badute ere, ez dute nahitaez masa bera izan beharko eta horregatik ez dute pisu bera izango. Dentsitate gehien duenak gehiago pisatuko du, bolumen berean materia kopuru handiagoa izango duelako. Tamaina bereko bi zatik, bata burdinazkoa eta bestea belakizkoa, ez dute berdin pisatzen dentsitate desberdina dutelako. |
| Elastikotasuna | Materia elastikoa bada deformatu egin daiteke, eta deformazioa eragindako indarra bukatu ondoren, horren jatorrizko egoerara itzuliko da berriz. Txiklea, esate baterako, oso material elastikoa da. |
| Eroankortasuna | Eroankortasuna beroa edo elektrizitatea eroateko propietatea da. Metalek oso ondo eroaten dute elektrizitatea, baina egurrak ez. |
Materiaren propietateak hauek dira: kolorea, usaina, zaporea, egoera fisikoa, distira, gogortasuna eta irakite-puntua, hots, substantzia bat irakiteko behar den tenperatura.
Materialak. Petrolioa
Giza espezieak izadian aurki daitezkeen material erabilgarriak aprobetxatu ditu beti eta horientzako erabilera desberdinak bilatu ditu. Egurra edo burdina, esate baterako, gehien erabiltzen direnetariko batzuk dira. Azkenaldian, gure bizitzetan ezinbestekoa izatera heldu den material bat: petrolioa. Likidoa izan arren, jatorri organikoa duen harri sedimentariotzat hartzen da. Itsasoko mikroorganismoen metaketa bidez osatzen da sedimentazio-arroetan, eraldaketa kimiko garrantzitsuak jasan ondoren.
Ba al zenekien, esaterako, plastikoa petroliotik datorrela? Makina bat produktu "urre beltz" deritzon horretatik sortuak dira, baina horren erreserbak mugatuak dira (natur baliabide ez-berriztagarria), eta beraz, horren kontsumoak ahalik eta zentzuzkoena izan behar du, ahitu dadila eragozteko. Kalkulatzen denez, gutxi gorabehera munduko erreserba guztien %90 aurkitu dute, eta azken urteotan, erreserba horiek oso ziztu handian murrizten ari dira.
Materia hau hidrogenoz eta karbonoz osatuta dago batez ere eta, horregatik, hidrokarburo izena ere ematen zaio. Erauztean, energia sortuko duten bi produktu nagusi lortzen dira, biak gure bizitzarako oinarrizkoak: petrolio likidoa edo gordina eta honi lotutako fase gaseosoa, hau da, gas naturala.
| Gasolina |
| Kerosenoa |
| Disolbatzaileak (margo, ezko, kautxu eta antzekoetarako) |
| Asfaltoak |
| Parafina ezkoak (kandela, pospolo, eta antzekoetarako) |
| Polietilenoa (plastikoaren industriarako lehengaia) |
Materialen birziklapena
Gizarte garatuek egunetik egunera geroz eta hiri-hondakin solido gehiago sortzen dute, eta horren metaketak, tratamenduak eta ezabaketak eztabaida handia piztu eta ingurumen-arazo larriak eragiten ditu. Ezinbestekoa gertatzen da "hiru arauen" estrategia aplikatzea: hondakinen kopurua murriztu, gehienak berrerabili eta ahal den guztia birziklatu.
Baztertzen ditugun materialak birziklatzea gero eta garrantzitsuagoa da. Objektu asko erabiltezinak direla uste dugu, baina horiek ere eraldatu eta aprobetxatu daitezke, erabat erabilgarriak diren beste gauza batzuk bihurtzen baditugu (gauza berak ere berregin ditzakegu). Materialak birziklatzeko ohitura hartzen badugu, gure ingurune naturalaren funtzionamendu egokia babestuko dugu. Adibidez, papera birziklatzen badugu ez dugu hainbeste baso bota beharko.
Baina zein dira birziklatu daitezkeen materialak?
- Papera eta honetatik eratorritako produktuak zura osatzen duten zelulosa-zuntzetatik lortzen dira.
- Beira erabat birziklagarria den material bat da, behin eta berriz erabili daitekeelako ontzi berriak egiteko. Beirazko ontziak beti berreskura daitezke, apurtuta edo birrinduta badaude ere.
- Plastikozko ontziak erraz berreskura daitezke birziklatu daitezkeelako eta berrerabiliak izan daitezkeelako. Beste alde batetik, horren egonkortasun kimikoak azalduko luke hondakinek zabortegietan duten erresistentzia, eta hori benetan ingurumen-arazo larria da.
- Aluminioa, elektrizitatean oinarritutako prozesu baten bitartez bauxita izeneko mineral batetik erauzten den metal bat da. Birziklatzerakoan, aluminioa ekoizteko lehengai moduan bauxita erabiltzen dugunean behar dugun energiaren %95 aurrezten da.
Hotz sentsazioa
25ºC-tara dagoen uretan bainatzen bagara, hotz sentsazioa nabaritzen dugu, baina aireak, tenperatura berean egonik ere, bero sentsazioa ematen digu.
Gure gorputzak beroa zenbat eta azkarrago galdu, are nabariagoa izango da hotz sentsazioa. Urak aireak baino askoz hobeto eroaten du beroa, eta guk askoz ere azkarrago galtzen dugu.
Gorputza uzkurtzen zaigunean kanpoaldearekin kontaktuan daukagun area txikiagotu egiten da, eta honen ondorioz, ez dugu hainbeste bero galtzen.
Airea ez da gure jantzietan normalean egoten diren ehunak bezain eroale ona.Pisua eta masa
Gorputz baten masa kilogramotan neurtzen da, baina gorputz baten pisua newtonetan (N) edo kilogramo-indarretan neurtzen da. Gorputz baten pisua Lurrera erakartzen duen indarra da, eta masaren araberakoa da. Kilogramoa masari (eta ez pisuari) dagokion unitate bat da. Baina pisuak neurtzeko erabiltzen diren tresna askok (baskulak, adibidez), kilogramotan graduatzen dituzte beren eskalak, eta ez kilogramo-indarretan. Zergatik ez digu eragozpenik sortzen horrek? Kilogramo-indar bat kilogramo bateko masa duen gauza batek Lurreko azalean duen pisua delako. Ondorioz, 60 kilogramoko masa duen pertsona batek 60 kilogramo-indar pisatzen du Lurreko azalean. Hala ere, pertsona berak Ilargian 10 kilogramo-indar pisatuko luke bakarrik, baina bere masa 60 kilogramokoa izaten jarraituko luke.
Atomoak eta molekulak
Propietate fisiko eta kimiko guztiak kontserbatzen dituen substantzia baten zatirik txikiena molekula da; mota bereko atomoez osatuta egon daiteke, elementuen kasuan adibidez, edo atomo desberdinez, konposatuen kasuan. Esate baterako, sodio kloruroa (NaCl) konposatu bat da eta osagai gisa sodioa eta kloroa ditu. Sodio kloruro molekula bat sodio atomo batek eta kloro atomo batek osatuko dute beti, hau da, proportzioa konstante bat dutela.
Urrea
Urreak, adibidez, materiaren propietate orokor guztiak biltzen ditu. Horren propietate berezien artean harikortasuna eta moldagarritasuna nabaritzen dira, bitxi askotan ikusten duzun bezala, hari eta xafletan bana daitekeelako. Halaber, beste propietate zehatz batzuk dituela esaten da, esate baterako, kolore hori distiratsua, bero eroale ona izatea eta egoera solidoan egotea.
Energia berriztagarriak
Energia berriztagarriak petrolio kontsumorako alternatiba bat dira. Lehengai horren eskasia ikusita eta hori erauzi, eraldatu eta kontsumitzeak sortzen duen ingurumen-inpaktu handia dela eta, gero eta ikerketa gehiago egiten ari dira esparru honetan. Energia berriztagarriak deitzen dira etengabe ekoizten direlako eta giza kontsumoko eskala batean agortezinak direlako. Gaur egun, bost energia-iturri berriztagarri nagusi daude: eguzki-energia, haize-energia, energia hidraulikoa, biomasaren errekuntzaren bidez sortutakoa eta energia geotermikoa.
Baso
Mendeetan zehar, gizakiaren esku-hartzeak lurrean, uretan eta airean hainbat kalte egin ditzakeela erakusten duten froga asko bildu dira. Hauetako bat baso-soiltzea da, planetako basoetan eragin larria izan duena.
Orain dela 10.000 urte gutxi gorabehera, hau da, nekazaritzaren hasiera baino lehen, baso hostotsuak 4.200 milioi hektareetan zehar hedatzen ziren, hau da, Lurreko azalaren bi herenetan zehar gutxi gorabehera. Gaur egun, Asia, Europa eta Ipar Amerikako eskualde handietan, baso naturalak desagertu egin dira, eta geratzen den basorik zabalena suntsitzeko arriskua dago: Amazoniako oihana.
