GIZARTE ZIENTZIAK

Zer dira gizarte-zientziak?

Gure bizileku den giza ingurunea, talde sozialak, familia eta pertsonak, jadanik ezarrita dauden portaerazko jarraibideek zuzentzen dituzte, eta faktore ugariren eragina jasotzen dute. Jarraibideak, orokorrean, alderdi soziologiko eta psikologikoen arabera ezartzen dira. Faktoreak, ostera, demografia, ekonomia, etnologia, pedagogi eta ingurumen alderdiekin lotuta daude. Jarraibide eta faktore hauek ezagutzea funtsezkoa da esparru guztietan giza garapen egoki bat lortzeko.

Ezagutza-sistema antolatua da zientzia, baita ezagutzak eskuratzeko erabiltzen diren metodoak ere. Zientzien artean, gizarte-zientziek kolektibo bateko kide bezala aztertzen dute gizakia. Gizarte-zientziek giza portaeraren zergatiak eta ondorioak ezagutzea dute helburu, gizabanakoaren zein gizartearen ikuspegitik.

Gizarte-zientziak eta natur zientziak

Aztergaian datza gizarte-zientzien eta natur zientzien arteko desberdintasunik handiena: lehenengoek gizabanakoen eta kolektibitateen arteko elkarrekintza aztertzen dute; bigarrenek, berriz, osagai fisikoak eta izaki bizidunen eta beren ingurunearen funtzionamendua ikertzen dituzte.

Honatx beste desberdintasun garrantzitsu bat: natur zientzietan aztergaia eta ikerketa-subjektua bereiz agertzen dira; gizarte-zientzietan, aldiz, aztergaia eta ikertzailea bat datoz. Desberdintasun horrek zalantzan jartzen du gizarte-zientzien izaera zientifikoa, zaila gertatzen baita gizakiak, berak sortzen duen errealitate soziala objektibotasunez ezagutzea.

Desberdintasun horiek sorrarazi dute zientzia modernoan kultura zientifikoaren eta kultura humanistikoaren arteko banaketa.

Gizarte-zientzien sorrera eta bilakaera

Gizarte-zientziak duela denbora gutxi sortu ziren eremu zientifikoan. XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran sortu ziren, pentsaera ilustratuak jakintzarako arma gisa arrazoimenari eman zion garrantziaz geroztik. Montesquieu eta Comte frantziar pentsalariak, Marx alemaniar pentsalaria, edo Adam Smith eta Rikardo pentsalari ingelesak izan ziren, besteak beste, zenbait jakintzagairen sortzaileetako batzuk.

Gizarte-zientziei buruzko literatura XIX. mendean ugaritzen hasi zen Europan, gizarte-zientziei buruzko lehenengo aldizkariak, fakultateak eta ikerketa-zentroak agertu zirenean. Gizarte-zientziek aurrera egin zuten mundu zaharrak -Frantziako Iraultzak eta Industri Iraultzak mugiarazita- mundu zaharrak atzera egin ahala. Ekonomia, soziologia, antropologia eta psikologia bezalako zientziak zientzia autonomo bilakatu ziren XIX. mendean.

Gizarte-zientzien sailkapena

Gizarte-zientziak sailkatzeko hainbat modu daude. Kontuan hartu beharra dago, ordea, zientzia batek ez dituela errealitateak banaka edo bereiz ikertzen, gainerako zientziekin batera baizik, zientziak elkarri lotuta baitaude. Horrela, zientzia batzuek zubi-lana egin ohi dute arlo desberdinen artean.

Honatx sailkapen-mota bat, zientzien erreferentzia-alorra irizpidetzat hartzen duena:

  • Gizarte-antolakuntzari buruzko zientziak. Gizarte-ingurunean eragina dutenak. Atal honetan gizarte-zientzia hauek daude: politika, soziologia, zuzenbidea, antropologia eta geografia.
  • Ekonomi antolakuntzari buruzko zientziak. Gizarte-antolakuntzan ere badute eragina, baina ekonomiaren ikuspuntutik. Esaterako, ekonomia.
  • Gizabanakoaren portaerari buruzko zientziak. Gizabanakoaren portaera aztertzen dute, bereziki psikologia.

Gizarte-zientzia nagusiak

Politika

Politika-zientziak gobernu-motak ikertzen ditu. Grezian izan ziren mendebaldeko politikari buruzko lehenengo gogoetak, K.a. V. mendearen bukaeran. Platon eta Aristoteles filosofoak izan ziren garrantzitsuenak arlo honetan.

Soziologia

Soziologiak gizakien elkarrekintza soziala azalduko duten lege orokorrak sortzea du helburu. Errealitate kolektiboak aztertzen ditu, eta giza taldeen portaeraren arau ezkutuak aurkitzen saiatzen da. Esan genezake beste zientzia batzuek bete ez zituzten hutsuneen ondorioz garatu dela soziologia. Comte frantziarra izan zen zientzia honen aita.

Zuzenbidea

Gizakiak gizartean egiten dituen ekintzak arautzen dituzten legeak zein arauak ikertzen ditu zuzenbideak, baita legeen eta arauen oinarria eta ezarpena ere. Mendebaldeko zuzenbideak zuzenbide erromatarra du oinarri.

Antropologia

Antropologiak animalia-espezie bezala ikertzen du gizakia, gizakiaren dimentsio soziala zein biologikoa aztertuz.

Geografia

Lurra deskribatzen duen zientzia da, gizakiak Lurrean egindako lana aztertzen duena. Hurbilean dituen zientzietatik lortutako datuekin lan egin ohi du geografiak.

Ekonomia

Honako hau ikertzen du ekonomiak: nola baliatzen diren gizakiak eta gizartea inguruko baliabide urriez ondasunak lortzeko eta banatzeko (gizarteko biztanleen artean kontsumitzeko) baliabide urriez. Merkatuan oinarritutako gurea bezalako gizarte batean ekonomiak garrantzi handia du.

Psikologia

Psikologiak gizakiaren motibazioak, prozesuak eta portaerak ikertzen ditu. Filosofiarekin lotu da hainbat urtez, eta hori dela eta, zaila gertatu zaio psikologiari filosofiatik bereiztea. Sigmund Freud, psikoanalisiaren aita, nabarmendu zen psikologian.

Historia

Litekeena da historia zientziarik zaharrena izatea. Greziarrek sortu omen zuten, eta historiaren hastapenetan Herodoto eta Tuzidides nabarmendu ziren (K.a. V. mendea). Historiak gizartean denboran zehar gertatutako gertaera nagusiak berregitea eta ulertzea du helburu .

Hauek datu basikoak dira, baina oraindik gehiago jakin ahal dezakezu gizarte-zientzien arloen sailkapenari buruz.

Gizarte-zientzien metodoa

Gizarte-zientziek natur zientziek erabiltzen duten ikertzeko metodo bera erabiltzen dute, gizarte-zientzien ikertzeko metodoak honako berezitasun hauek baditu ere:

  • Gizarte-gaietan beti ez da posible gertatzen esperimentuak egitea. Zenbait fenomeno ezin dira errepikatu behatu ahal izateko, nahiz gizarte-zientzia batzuk, psikologia esaterako, esperimentazioaz baliatu izan diren azterketarako bitarteko gisa.
  • Aurreko berezitasunaren ondorioz, zaila izaten da hipotesia egiaztatzea.
  • Gizarte-zientzia gehienetan zaila izaten da legeen matematizaziorik egitea, ekonomian izan ezik.

Metodo historikoa

Iraganeko gertaerak, berriz ezin gerta daitezkeenak, aztergai izatea du bereizgarri historiak. Metodo esperimentala ezin da, beraz, zientzia honetan erabili.

Gizarte-zientzien erabilgarritasuna

Egungo mundua etengabe aldatuz doa, eta gertatzen diren aldaketetara moldatu behar du gizabanakoak. Hori dela eta, erronka eta zeregin berriak sortzen zaizkie gizarte-zientziei. Horregatik, funtsezkoa da gizarte-zientzia desberdinen arteko lankidetza giza taldeen eta gizakien garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko; behartsuen miseria, esplotazioa, ezjakintasuna eta sorgin-gurpila desagertzeko ahaleginak egin ditzatela.

Gizarte-zientzien berri jakiteko, jo ezazu UNESCO-ren web orrira.

Gizarte zientzien historia

  • XVIII. mendearen bukaera arte, geografiaren metodologia Lurraren gorabeherak zerrendatzera eta deskribatzera mugatzen zen, alde fisikoen eta biologikoen (eboluzionatzen duen multzo gisa) arteko loturari buruzko premisa teorikorik edo zientifikorik egin gabe. Alexander von Humboldt eta Carl Ritter izan ziren geografia modernoaren zientzialari garrantzitsuenak.
  • Gizarte-zientziak filosofiaren enborrean kokatzen ziren, eta XIX. mendera arte ez zuten estatus autonomorik lortu. Gizarte-zientzien bereizketa eta espezializazioa ez zen gizakia espekulazioetan oinarrituz ikertzeagatik gertatu, oinarri zientifikoaz baliatuz ikertzeagatik baizik.