GIZARTE ZIENTZIAK

Gizarte-taldeak. Familia

Fisikoki eta emozionalki bizirik irauteko, talde bateko kide izan beharra dugu. Familia eta lagunak dira gure harremanetarako hurbilen dauzkagun taldeak. Familiaren gizarte-esparru horretan eraikitzen dugu gure nortasun indibiduala eta soziala. Lagunekin premia emozionalak asetzen ditugu, hala nola onarpena eta errespetua. Ez dago familia-eredu bakar bat. Horren osaera, baita bertako kide bakoitzak betetzen duen eginkizuna ere, desberdinak dira gizarte bakoitzean, eta garatuz doaz denboran zehar. Gizarte industrializatuenetan familia tradizional batetik, zenbait belaunaldik osatua eta seme-alaba asko zituena, familia-mota moderno batera igaro gara, eta horrelakoetan, murriztu egin da seme-alaben kopurua eta emakumea lan-merkatuan sartu da.

Oinarrizko gizarte-taldeak: parekoetatik hierarkizatuetara

Oinarrizko taldearekin izango dugu gure lehen harremana eta hark du gutako bakoitzarengan eraginik handiena. Familia, haurtzaroko jolas-lagunak, koadrila... hasierako lehen harreman honen adibideak dira. Gure jokabidea gidatuko duten eta gure nortasuna eratuko duten arau, balio eta arrazoiak eskainiko dizkigu. Talde hauen barruko giro lasaian garen bezala agertuko gara.

Gure lagunekin berdinen edo parekideen arteko harremana bilatzen dugu, hierarkiarik gabekoa. Haiekin gauza asko partekatzen ditugu: belaunaldi bera, munduaz dugun ikuspegia edo helburu berberak.

Oinarrizko talde horien barruan hierarkia-harremanak egon litezke, eta esate baterako, lagun-talde baten barruan kideetako bat buruzagitzat hartua izan liteke, eta halaber, guraso eta seme-alaben arteko harremanean.

Parekoen talde oinarrizkoak

Parekoen taldeak nortasuna garatzeko gizarte-esparrua eskaintzen digu. Nerabezarotik aurrera, gure gurasoengandik bereizi eta gure nortasuna zehazteko beharra sentitzen dugu. Institutua, nerabeen kulturaren gune nagusietako bat, taldearen jokabide-arauak ikasteko eszenatoki bilakatzen da, eta gu, gure bizitzako subjektu aktibo bihurtzen gara esparru horretan. Taldeko gainerako kideak ispilu bat dira geure buruentzat.

Baina, adina eta ingurunearen arabera, lanbide edo genero berekoek ere berdinen arteko talde bat osa dezakete.

Zer da familia?

Familia erakunde unibertsal bat da, kultura guztietan dagoena. Oinarrizko talde honetan gure nortasun indibiduala eraikitzen dugu. Familia bateko kide izateak gizarte osoarekin lotzen gaitu, jaiotzen garen unetik bertatik. Halere, familia-arauak asko aldatzen dira gizarte batetik bestera.

Familia bat era askotara eraturik egon liteke, besteak beste:

Baina zer da familia gizarte-zientzientzat? Ezinezkoa da definizio bakar bat aurkitzea. Aukeratzen den zientzia-alorraren araberakoa izango da definizio hori.

  • Soziologiaren ikuspegitik, familia senidetasunezko elkarketa bat da, talde horren giza premiak asetzeaz arduratzen dena.
  • Ekonomiaren ikuspegitik, berriz, familia produkzio- edo kontsumo-unitate bat da.
  • Maila juridikoan, familia legezko lotura batek mugatzen du: ezkontzak, izatezko bikoteen erregistroak, adopzioak eta abarrek.

Halere, familiaren eta familiako harremanen azterketa gehien sakondu duen zientzia soziologia dugu, eta adar berezi bat sortu du: familiaren soziologia. Psikologiak ere familia-taldea ikertzen eta lantzen duten hainbat korronte garatu ditu, bertako kideen artean dauden harremanak eta elkarrekiko mendekotasunak aztertuz.

Familia-ereduak, bilakaera eta funtzioak

Gizarte-sisteman izandako aldaketek eragina izango dute bai familiaren osaeran eta bai egituran ere, eta horrek eredu desberdinak sortuko ditu.

Gizarte industrialetan familia, oro har, nuklearra da, ezkontzan oinarritua. Kide hurbilenekoek osatua dago, gurasoak eta seme-alabak barne. Landa inguruetako gizarteetan arruntagoa da familia-mota hedatuago bat, familia-unitatea hiru belaunaldik osatua dagoena.

Munduan oso eredu arrunta da, halaber, odolkidetasunezko familia. Horren barruan, funtsezko harremana ez da ezkontideen artekoa, baizik eta senidetasunezkoa. Seme-alabak kide guztien erantzukizuna dira. Eredu hori ezkontzan oinarritutako familiarena baino iraunkorragoa da, eta heriotza edo dibortzioa gertatuz gero, familiak aurrera jarraitzea ahalbidetzen du.

Familiak neolokalak, matrilokalak edo patrilokalak izan daitezke, beste senide batzuekin batera bizi diren ala ez kontuan izanik:

  • Familia neolokala: bikotekideek beren familien etxea uzten dute, beren etxebizitza propiora joateko. Arruntagoa da gizarte industrializatuetan.
  • Familia matrilokala: bikotea emaztearen senideekin bizi da. Familia-mota hau, batez ere, gizarte matrilinealetan nagusitzen da.
  • Familia patrilokala: emakumeak bere familiaren etxea utzi eta senarraren senideekin bizitzen jartzen da. Familia-mota hau baserri-guneetan bereziki eman da, non semeak aitaren ondasunak oinordetzan hartzen zituen.

Familia matrilokala zein patrilokalen kasuetan, etxe berean zenbait belaunaldik osatutako familia zabalak eratu daitezke.

Orain dela mende bat arte, mendebaldeko familiak produkzio ekonomikorako unitate ziren, landa inguruneko gizarteetan, eta aski ziren berak bakarrik. Gaur egun, bere kideak banaturik lan egiten dute. Egun, mendebaldeko familia kontsumo ekonomikorako unitatetzat hartu daiteke.

Familia tradizionala eta familia modernoa

Landa eta nekazaritza inguruetako familia, joan den mendeko aldaketa handien ondorioz, familia hiritar eta industrial bilakatu da. Kide bakoitzak ordu arte egin izan dituen eginkizunek ere aldaketa horien eragina pairatuko dute.

Familia tradizionala

Familia tradizionalak produkzio-unitate gisa jokatzen zuen. Aitak, amak (lotura erlijioso eta/edo legezko batek elkartuak) eta beren seme-alabek osatzen zuten familia. Izaera patriarkala zuen, eta aitak familia-buru gisa jokatzen zuen, ama etxe barruko esparrura mugaturik geratzen zen bitartean, oso gutxitan lan egiten baitzuen etxetik kanpo. Kideek familiaren beharra zuten beren biziraupenerako, babeserako eta hezkuntzarako. Dibortziorik ez zegoenez gero, heriotzak bakarrik puskatu zezakeen nukleo hori, gutxienez legearen aldetik.

Familia modernoa

Gizarte industrialak, pixkana-pixkana, murriztu egin zituen familiaren funtzioak, bere produkzio-ahalmen hori kenduz. Familia modernoan emakumea ordaindutako lanak egiten hasiko da etxetik kanpo, eta horrekin batera, gutxitu egingo da seme-alaben kopurua. Gaur egun, familiaren egitura demokratikoagoa eta anizkoitzagoa da.

Badira familiak guraso bakarrekoak, lotura erlijioso edo legezkorik gabeko bikoteak, etab. Familia modernoaren ezaugarria harremanetan, egoitza mailan eta ekonomian duen independentzia da. Jada ez da leinuak finkatzeko tresna bat, baizik eta kideen talde murritz bat.

Familia tradizionalaren eta familia modernoaren arteko aldeak
Familia tradizionala Familia modernoa
Patriarkala Demokratikoa
Seme-alaba ugari Seme-alaba gutxi
Emakumea etxe-esparruan Emakumea etxetik kanpo lanean
Gizon-emakumeen lanak banaturik Eginkizunen malgutasuna
Familia unitate ekonomiko gisa Familia kontsumo-unitate gisa

Familia Euskal Herrian

Landa-eremuan euskal familia baserrien inguruan eratuta zegoen. Halako errodura dute baserriek, oraindik ere horietako bateko kide izatea bertako biztanleentzat ezaugarri bereizgarri baita. Sarritan pertsonaren izenari baserriarena ere eransten zaio. Esate baterako, Miren Iturrigorrikoa.

Familia-nukleoa kide ugarik osatua dago: aiton-amonak, osaba eta izeba ezkongabeak, gurasoak eta seme-alabak. Emakumeak eramaten zuen etxeko ekonomia eta animalien zainketan nola baratzean lan egiten zuen.

Industrializazioak bizimodu berri bat ekarri zuen eta zenbait aldaketa familiaren barruan, besteak beste, bere kide-kopurua murriztea. Baina familia-ereduaren aldaketa handi hori demokraziarako trantsizio-garaiarekin batera eta erlijio, gizarte nahiz kultur mailako aldaketarekin batera gertatu zen. Familia tradizional hartatik askoz ere anizkoitzagoa den beste batera igaro gara, familiako bizitza egiteko modu desberdinak onartzen dituena. Lege mailako babes-neurri ugari zituen eredu tradizionalak eredu irekiago eta demokratikoago bati eman dio bide.

Ezkontza-tasa gordina Euskal Herrian (ezkontza-kopurua 1.000 biztanleko)
1975 ................... 8,71
1980 ................... 5,78
1985 ................... 4,39
1990 ................... 4,75
1995 ................... 4,62
2001 ................... 4,81

Iturria: INE.

Euskal Herrian, 1976. urtetik aurrera, jaiotza-tasaren beherapen garrantzitsu bat ikus daiteke, batez ere faktore ekonomikoek eta emakumea laneratzeak bultzaturik, baita ezkontzeko adina atzeratzeak ere.

Gaur egun, gurasoak eta seme-alabak elkarrekin pertsona gisa hazteko esparru gisa ikusten da familia, geroz eta gehiago.

Ezkontza eta dibortzioa

Ezkontza

Ezkontza gizarte-erakunde bat da, publikoki berretsia, eta horrek, bikotea elkartzen du, zenbait eskubide eta betebehar finkatzeaz batera. Antzinatik datorkigu, eta gizarte-ekitaldi baten bitartez publiko egiten da, gehienetan jai baten bitartez. Senar-emazteen eskubideak eta betebeharrak Kode Zibilean eta beste arau osagarri batzuetan jasoak daude.

Legeriaren arabera, zibila edo erlijiosoa izan daiteke ezkontza. Lehenengoa epaile, alkate edo ordezkari baten eta bi lekukoren aurrean egiten da. Ezkontza erlijiosoa doktrina jakin batean oinarritutako konpromiso bat da. Egun, legeak lau erlijio-erritu onartzen ditu: kanonikoa, ebanjelikoa, musulmana eta hebrearra.

Konpromiso hori hartzeko beste modu batzuk dira hauek: ahalordez (ahalordea duen pertsona batek ezkonberrietako bat ordezkatuko du, hark bertan egoterik ez duelako), ezkutuko ezkontza (espediente erreserbatua duela), eta ezkontza kontsularra, atzerrian kontsuletxean edo enbaxadan egina.

Ezkontza homosexuala

Ezkontzaren legezko definizioak gizon baten eta emakume baten arteko bizikidetza aipatzen du, ezkontza homosexuala baztertuz. Ezkontza homosexuala sexu bereko bi pertsonen arteko elkarketa litzateke.

Holandan homosexualen arteko ezkontza onartu izanak, beren eskubide eta obligazio guztiak dituztela, adopzioarena ere barne, eztabaidari bidea zabaldu dio gure gizartean.

Baliogabetasuna, banantzea eta dibortzioa

Baliogabetasuna, hain zuzen ere, ezkontzarik izan ez dela dioen epai bat da, hau da, hura egin zen unetik baliogabea dela.

Ezkontideak banantzea bizikidetzari amaiera eman zaiola jasotzen du, lotura juridikoari eutsiz baina haren ondorioak ezabatuz. Edozein ezkontidek eskatu dezake epailearen aurrean banantzea, eta legezko arrazoiak, abandonua, desleialtasuna, tratu txarrak, etab. badaude banandu daiteke.

Dibortzioa prozedura judizial baten bitartez ezkontza desegitea da, eta ezkontideei berriro ezkontzeko aukera ematen die.

Horietako edozeinetan honakoa erabakiko da: seme-alaben zaintza nori dagokion, elikadura-pentsioa eta bisita-eskubideak, erregimen ekonomikoaren likidazioa eta ondasunen banaketa.

Izatezko bikoteak

Egungo gizartea irekia eta heterogeneoa da eta ezkontza konbentzionalarekin loturiko familiaren kontzeptuaren eskema zurrunak puskatu ditu. Izatezko bikoteak, beren elkarketa hori arautzen duen kontraturik gabe, errealitate bat dira gaur egun.

Gure erkidegoan, eta Euskal Herriko izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera, izatezko bikotetzat hartzen da honakoa: "...bi pertsonaren arteko elkartze askearen ondorioa; pertsona horiek adinez nagusi edo adingabeko emantzipatuak izan behar dute, gaitasun osoa izan behar dute, eta ezin dute euren artean lerro zuzeneko odol- edo adopzio-ahaidetasunik eduki, ez eta alboko lerroko bigarren mailako odol-ahaidetasunik ere. Harreman sexual edo afektiboa izan behar dute elkarren artean, eta berdin izango da pertsona horiek sexu berekoak edo desberdinekoak izatea. Gainera, bikoteko kideek, ez batak ez besteak, ezin dute ezkontza edo izatezko bikotearen bidezko loturarik izan beste inorekin ere...".

Legez izatezko bikotetzat hartua izateko, interesa dutenek Euskal Herriko bikoteen erregistroan edo dagokion udalerriko erregistroan izena eman behar dute.

Lege horren arabera, izatezko bikoteen eskubideak eta obligazioak, homosexualenak ere barne, berdindu egiten dira ezkonduta dauden pertsonekin Euskal Herriaren eskumenekoak diren gaietan, hala nola harrera, adopzioa, osasun-zerbitzuak, zerga-erregimena, etab. Nolanahi ere, legez, izatezko bikoteak ezin du alarguntasun-pentsiorik jaso beste kidea hilez gero.

Madagaskarreko "tanalak"

Madagaskarreko "tanala" tribuaren nekazaritza-lanak aurrera eramateko, lankidetza sentimendua beharrezkoa zenez, odoleko familia gizarteko beharrak betetzeko eredu perfektua zen.

 

Euskal matriarkatua

Euskal Herrian sarritan hitz egin izan da matriarkatuaz, baserriarekin loturiko gizarte-antolamendu bat balitz bezala, eta horren arabera, emakumeen esku egongo litzateke agintea, nahiz eta egindako azterketa desberdinek ez duten erabat argitzen era honetako antolamendu bat benetan existitu den edo soilik mito bat izan den.

 

Amishak

Amish-ek, bere tradiziozko bizimoduarekin, tradiziozko familiaren eskemak iraunarazten dituzte XXI. mendean. Bizimoduz nekazaritzarekin loturik dagoen talde protestante bat da. Beren bizimodua oso loturik dago erlijio-sinismenekin eta halaxe kontserbatzen dute.

Amish-en komunitate gehienak Ohion, Estatu Batuetako mendebaldearen erdialdean eta Kanadan aurkitzen dira. Beren ekonomia guztiz nekazaritzakoa da, ekoizpen-unitatea familia da eta ez dute elektrizitaterik erabili nahi. Taldeko kideen artean bakarrik ezkonduz ziurtatzen dute bere baloreen iraunkortasuna.