Gizartearen eraketa politikoa
- TEST: Egia edo gezurra?
- TEST: Gezi bidez lotu
- EXTRA: Konpetentzien transferentzia
- LINK: Kanpo loturak (4)
Gero eta maizago entzuten dira kalean, solasaldietan eta kafetegietan "ni apolitikoa naiz" edo "politikari denak berdinak dira" bezalako esaldiak. Adituak, bestalde, "ideologien amaiera" edo "multinazionalen boterea"ri buruz ari dira. Honengatik, gizartearen eraketa politikoa ezagutzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Izan ere, Aristotelesek gizakia "abere politiko" gisa definitzen zuen. Eraketa politikoa giza elkarterik garrantzitsuena da, gure gizarte-bizitza erabakitzen baitu. Bere funtzionatzeko era ezagutzea ezinbestekoa da gure eskubideak eta eginbeharrak zein diren jakiteko.
Gizarte politikoa
Edozein giza taldek bere helburuak lortzeko eta bere iraunkortasunerako gutxieneko antolaketa bat behar du. Are gehiago, badira zenbait animalia-espezie taldekoi, erleak esaterako, gizarte naturalak izan arren, halako egituratze politiko bat azaltzen dutenak.
Gizakiaren gizarte politikoak hasierako elkarte tribaletatik oraingo Estatu deituriko eraraino eboluzionatu du. Azken honen aurreko antolaketa-erak hasiera batean era ez-hierarkiko horizontal batean eta familia nahiz tribu mailako loturetan oinarrituz ezartzen dira. Ondoren buruzagiaren irudia, hierarkia, espezializatzea eta elkartasun organikoa sortzen dira, hau da, gizarte politikoa.
Gizarte modernoan, Estatuak gizabanakoaren eta bere ondasunen ziurtasuna bermatu eta gizabanakoaren askatasunak mugatzen ditu, eskubideak eta eginbeharrak zehaztuz. Botere politikoak ordena bermatzen du gizarte-bizitzan.
Gaur, garatutako gizarteek sistema politiko konplexuaren beharra duen konplexutasun maila lortu dute. Demokraziak bere talde eta gizabanako desberdinen interesei begira dauden sistemak dira. Azken mendeetan Estatu-nazionek eta Estatu-federalek garrantzi handia bereganatu dute. Gizarte txikiagoen zehaztasunak islatzen dituzten barne-banaketekin osatzen dira (erkidego autonomoak, Suitzako kantoiak, Alemaniako länder) eta mundu globalizatuan gero eta beharrezkoagoak diren Europar Batasuna, NB eta NAFTA bezalako nazioz gaindiko unitateekin.
Unitate politikoak: eremua eta funtzioa
Estatu bakoitza, eremu jakinetan funtzio zehatzak dituzten lurraldeko politika-unitateetan antolatzen da. Estatu espaniarrak hiru mailako lurralde-administrazioak ditu.
Udala
Udaletxe batek gobernaturiko herri batek edo gehiagok osatua. Alkateak eta zinegotziek osatzen dute udaletxea. Udaletxearen funtzioa udal-zerbitzuen (garbitasuna, garraioak, suhiltzaileak...) antolaketa da. Horiek ordaintzeko, tasak eta zergak jasotzen dituzte.
Probintzia
Hainbat udalerrik osatua eta horien guztien artean hiririk garrantzitsuenaren inguruan antolatua. Probintzia batean ondorengo osagai politikoak aurkitzen ditugu:
- Diputazio probintzialak. Gobernuko organoak dira (Foru Aldundiak EEAn).
- Gobernuaren ordezkariordeak. Estatuko politikaren bultzatzaileak dira probintzian.
- Justiziako Probintzia auzitegia.
Erkidego autonomoa
Probintzia bat edo gehiagoz osatua. Bere osagai politikoak ondorengoak dira:
- Gobernu autonomoa. Bere ageriko buruak gure Erkidegoan lehendakaria eta kontseilari desberdinak dira.
- Parlamentu autonomikoa. Legegintza-ganbera.
- Auzitegi Nagusia.
- Gobernu zentraleko ordezkaria. Autonomia-erkidegoetan Estatuko administrazioaren konpetentzien arduraduna.
Autonomia funtzioak gero eta gehiago hedatzen ari dira, Gobernu zentraletik eginiko konpetentzien transferentzia dela eta.
Demokrazia
Greziako demokrazia historian jasota geratu den lehena izan da. Hitza, herria esan nahi duen demos eta botere edo autoritatea esan nahi duen cracia, elkartzetik dator. Estatu demokratiko modernoa, sufragio unibertsalaren bitartez adierazten den herriaren borondatean oinarritzen da; horren bitartez, legeak idatzi eta onartzen dituzten Parlamentuko ordezkariak aukeratzen dira. Herria da legearen inperioa legezkotzat jotzen duena.
Demokraziaren printzipioak
Demokrazia, bere funtzionamendu eta garapenerako beharrezkoak diren hainbat printzipiotan oinarritzen da. Ondorengoak dira:
- Askatasuna. Banakakoa (ideologia, erlijio, egoitza, zirkulazio, adierazpen, informazio eta katedra mailako askatasunak) eta taldekoa (partaidetza politikorako askatasuna).
- Justizia. Printzipio honek adiera hirukoitza
dauka:
- Maila goreneko balorea, Estatuko antolaketa guztiaren gainean planeatzen duena.
- Botere Judiziala, Estatuko gainontzeko botereetatik independentea.
- Defentsarako banakako eskubidea eta auzitegi bateko tutoretza.
- Berdintasuna. Ezin da inor diskriminatu jaiotza, arraza, sexua, erlijioa edo iritzia bezalako arrazoiengatik.
- Politika-aniztasuna. Hainbat ideologien elkarbizitza bermatzen du eta bereziki partidu politikoetan irudikatzen da.
Botereen banaketa
Charles Louis de Montesquieuk Legeen espiritua , 1748ko bere obran, botereen banaketaren printzipioa ezarri zuen. Estatuak bere batasuna, bere atalen arteko orekan oinarritzen du. Antzinako Erregimeneko monarkia absolutuetako botere erabatekoaren eta bateratuaren aurrean, Montesquieuren estatua botereen banaketan eraikitzen da. Estatua hiru botere independenteetan banatzen da.
- Legegilea. Legeak egiten ditu. Bere kideak herriak aukeratzen ditu sufragio unibertsalaren bitartez.
- Betearazlea. Gobernuaren ekintza bete eta Botere Legegileak onetsitako legeak betearazten eta aldarrikatzen ditu. Erregimen parlamentario eta ez-presidentzialista batean, hauteskunde bidez aukeratzen dira Parlamentua osatuko duten pertsonak, eta horiek Gobernuko lehendakaritza izendatuko dute, eta hark, bere kabinetea eratuko duten gainerako pertsonak proposatuko ditu, hala nola lehendakariordetza eta ministerioak.
- Judiziala. Justizia legeen arabera administratzen du. Demokrazia
Estatu batean, ondorengo printzipioen arabera zuzendu behar da:
- Justiziaren jatorri herrikoiaren printzipioa.
- Independentziaren (beste botereekiko) eta inpartzialtasunaren (prozesu bateko aldeen aurrean) printzipioak.
- Erantzukizunaren printzipioa. Epaile eta magistratuen erabakiek arduratsuak izan behar dute. Bere jardueraren erantzukizuna eskatu ahal zaie.
- Bateraezintasunaren printzipioa. Beste funtzio publiko, lotura politiko edo sindikalari buruzkoa.
Hiritarren ordezkaritza. Alderdi politikoak
Alderdiak hiritarrek politikan parte hartzeko modurik erabilienak dira. Alderdi politikoak hiritarren eta boterearen bitarteko dira, eta ordezkapen politikoaz arduratzen dira. Alderdiak ideologia eta programa baten inguruan biltzen dira botere politikoa lortu eta gobernuari aplikatzeko.
Alderdien egitura
Alderdiek hiru oinarrizko elementu antolatzaile dituzte.
- Kupula. Bere liderrek osatua. Boterearen erantzule dira hauteskundeak irabazten dituztenean.
- Aparatu burokratikoa. Alderdiaren gestioaz arduratzen dena.
- Oinarrizko militanteak.
Alderdien funtzioak
- Iritziak eta interesak jaso bere programa politikorako.
- Bere jendearen artean boterea betetzeko egokienak aukeratu.
- Hauteskunde-prozesuak antolatu.
- Gobernuaren lana bultzatu edo zentsuratu, boterean dauden ala oposizioan dauden kontuan izanik.
- Baliabide ekonomikoak ziurtatu bere funtzioa bete ahal izateko.
Amaitzeko, alderdi politikoen barne-funtzionamenduak eta antolamenduak demokratikoak izan behar dutela azpimarratu behar dugu.
Partaidetza
Gizarteko gizabanakoak jarduera politikoan inplikatzen diren modua eta maila oso aldakorrak dira. Izan liteke jarduera politikoan azaletik interesatutako ikusle soila izatea, edo alderdi bateko kide izatea, edo era berean, presio-talde bateko partaide izatea. Bozketak partaidetzaren gutxienekoa adierazten du, nahiz eta demokrazia-erregimenetan abstentzio-mailak nahiko handiak izaten diren.
Hauteskunde-prozesuak
Gizarte demokratikoetan bi oinarrizko deialdi-mota aurkitzen ditugu: hauteskundeak eta erreferendumak.
- Hauteskundeak: aldizka egiten dira, gobernuko karguak betetzeko. Estatu espaniarran hauteskunde legegileak egiten dira (senatariak eta Estatuko diputatuak aukeratzeko), autonomikoak (parlamentari autonomikoak hautatzeko), udaletakoak (zinegotziak aukeratzeko) eta europarrak (Europar Parlamentuan ordezkariak hautatzeko). Sufragioa, edozein kasutan, unibertsala, librea, berdina, zuzena eta sekretua da.
- Erreferenduma: salbuespeneko deialdiak dira, beraz aldizkakotasun finkorik gabekoak. Gobernuko jarduerei edo ohiz kanpoko egoera politikoei buruzko kontsultak dira. Eskuarki galdera zehatzak egiten dira. Esate baterako, Euskaldunek bi erreferendumen bozkatu dugu, Autonomi Estatutukoa, eta NATOkoa.
Euskadiko antolaketa politikoa
Euskadik auto gobernurako gaitasun handia du hainbat eremutan (osasuna, kultura, etxebizitza, heziketa, polizia, etab). Bere antolaketa 3 mailatan egituratua dago:
- Autonomia erakundeak. Parlamentua eta Eusko Jaurlaritza, egoitza Gasteizen dutelarik, autonomia eremuko erakunde nagusienak dira eta 1979ko erreferendumean onarturiko Gernikako Autonomia Estatutuan dute bere oinarria. Hiru Lurralde Historikoek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) ordezkapen berdina dute Euskal Legebiltzarrean (25 ordezkari edo aulki lurralde bakoitzeko). Erakunde honek legeak egiten ditu eta Aurrekontu Orokorrak onartzen ditu. Bere kideen artean lehendakaria aukeratzen da.
- Batzar Orokorrak eta Diputazio Probintzialak. Batzar Orokorrak (parlamentu probintzial modukoak) eta Diputazio Probintzialak eremu probintzialeko erakundeak dira eta bere jatorria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskubide historiko edo lege zaharretan dago. Lurralde Historikoen Legeak eremu probintzialeko organoen eta autonomia eremuko erakundeen artean dagoen harremana erregulatzen du. Lege hau eta Autonomia Estatutua eredu konfederala ezartzen duten oinarriak dira. Honetan, hiru lurraldeekiko errespetua eta berdintasuna dira funtsa.
- Udaletxeak. Udalerrietako Udaletxeak beren jurisdikzioari dagozkien konpetentziak betetzeaz arduratzen diren organoak dira. Euskal Herriko Udalen Elkarteak EUDEL du izena.
Charles Louis de Montesquieu
Charles Louis de Montesquieu (1689-1755). Idazlea, legelaria eta frantziar filosofoa izan zen. Zuzenbidea ikasi zuen Bordelen eta 1726an Parisen finkatu zuen bere egoitza. Bidaia ugari egin zituen erakunde politikoak aztertuz. Bere obra garrantzitsuenak Persiar gutunak (1721) eta, batez ere, Legeen espiritua (1748) dira; lege-sistemen azterketa erkatu bat da, eta parlamentarismo modernoaren oinarriak ezartzen dira. Lan honek Estatu Batuetako Konstituzioa eta Gizakiaren Eskubideen Deklarazioa inspiratu zituen.

