Gizartearen antolakuntza ekonomikoa
- GRAFIKOA: Laburpen-taula
- ANIMAZIOA: Kontsumoko prezioen indizea nola kalkulatzen den.
- TEST: Egia edo gezurra?
- TEST: Zer da zer?
Gaur egungo gizarteak bizi izateko eta ondasunak nahiz zerbitzuak bereganatzeko lan egin eta ekoizten du. Ondasunak bi motatakoak izan daitezke: libreak -mugagabeak, airea bezala- edo ekonomikoak -urriak, eta salneurri baten truke eskuratzen direnak-. Eragiketa horiek guztiak egiten diren eremua da ekonomia. Ekonomiaren ikuspegitik, merkatu handi batean bizi gara, eskaintza-eskarien legeak zuzentzen du merkatua, eta dagokiona zergen bidez biltzen duen administratzaile publiko bat dago merkatu horretan. Herrialde baten ekonomiaren egoera Barne Produktu Gordinean (BPG) eta Kontsumoko Prezioen Indizean (KPI) -oinarrizko bi indize- gertatzen diren aldaketetan ikusten da.
Ekoizpena, banaketa eta kontsumoa
Biztanleen beharrei erantzuteko, ondasunak, produktuak, salgaiak edo zerbitzuak sortu behar izaten ditu gizarteak. Horiek guztiak beste ondasun batzuk ekoizteko trukatu edo erabili ohi dira. Jarduera honi ekoizpena esaten zaio.
Produktua, beraz, pertsona, enpresa edota herrialde baten ekonomi jardueraren emaitza da. Gordina da bestelako kontzepturik kontuan hartzen ez denean, eta garbia, produktua egiteko behar diren kostuak kentzen zaizkionean.
Gizarte baten ekonomia produkzio-erritmoaren arabera dago, bai eta gizarteak dituen baliabideen arabera eta jarduera honen errentak banatzeko moduaren arabera ere. Baliabideak desberdin banatzeak aberastasuna desberdin banatzea dakar. Globalizazioak agerian jarri ditu munduko desberdintasunak, Nazioarteko Moneta Funtsak (NMF) adierazten duen legez.
Ondasun ekonomikoak ekoiztearen azken helburua gizarteak horiek kontsumitzea da, hau da, ondasunak erostea, eta, ondorioz, kontsumo-ondasunak ekoizten dituztenek dirutza egitea. Ekoizpena bi irizpide hauen arabera dago:
- Ondasunaren baliagarritasunaren arabera.
- Kontsumitzailearen errentaren arabera.
Merkatu-ekonomia. Eskaintza-eskarien legea
Gizarte bateko agente ekonomiko guztiak harremanetan jartzen dira merkatuan ondasunak, zerbitzuak edo salgaiak trukatzeko. Merkatu-ekonomia izeneko sistema ekonomikoan prezioaren finkapena librea da; ez ditu ezein erakunde publikok edo pribatuk finkatzen.
Merkatuaren funtzionamendua
Merkatuaren funtzionamenduan ezinbestekoak dira hiru aldagai hauek:
- Eskaintza
Merkatuan salneurri jakin baten truke sal daitezkeen ondasun eta zerbitzuak. - Eskaria
Kontsumitzaileek merkatuan erosiko dituzten ondasun eta zerbitzuen kopurua. Ondasunak bereganatzeko onurek, horien salneurriek eta kontsumitzailearen errentek zehazten dute erosketa. - Salneurria
Merkatuko denboraldi jakin bateko produktu baten eskaintzaren eta denboraldi bereko produktu beraren eskariaren arteko harremana.
Eskaintza-eskarien legea
Merkatuak eskaintza-eskarien legearen arabera jokatzen du:
- Prezioek gora egiten dute eskaria eskaintza baino gehiago handitzen denean.
- Prezioak merkatu egiten dira eskaintza eskaria baino gehiago handitzen denean.
- Oreka-prezioa, berriz, eskatzen den ondasun-kantitatea eta eskaintzen dena bat datozenean gertatzen da.
Prezioen eraketa eta KPI
Prezioa salgai baten edo zerbitzu baten truke ordaintzen den diru-kopurua da. Ondasun baten balioa da, moneta-unitateetan finkatzen dena edo trukean diruaren egitekoa duen beste edozein salgairekiko baliokidetasunaren arabera zehazten dena.
Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) edo bizi-kostua
KPI beste modu batean esateko terminoa "Bizitzaren kostua" da. Hilean behin jakitera ematen den indizea da, inkesta baten bidez lortzen dena.
Urtean behin azterlan bat egiten da, hiritarrek kontsumitu ohi dituzten produktuen (ogia, elektrizitatea edo hiriko garraioa, besteak beste) kantitateak eta prezioak ezagutzeko. Ondoren, prezioak elkarrekin konparatzen dira, eta indizeak adieraziko du zenbat aldatu diren denboraldi bakoitzean kontsumitutako ondasun eta zerbitzu horien (erosketa-saskia) prezioak, oinarri-urteko prezioekin konparatuz.
KPI inflazioaren adierazle nagusia da. INEK (Estatistikako Institutu Nazionala) indize hori kalkulatzeaz arduratzen den erakundea da.
Botere publikoen zeregina ekonomian. Arauketa, orientazioa eta zerga-arloa
Sektore publikoa agente erabakigarria da ekonomian dituen zereginengatik: zergak (bere diru-sarrerak) biltzen ditu, eta hiritarren onurarako gastuak egiten ditu, errepideak, aireportuak, ikastetxeak, segurtasun-zerbitzuak, osasun-zerbitzuak eta abar eraikiz.
Sektore publikoaren zereginak
- Ekonomia-baliabideak esleitzea.
- Baliabideak eraginkortasunez erabiltzea.
- Ekonomia egonkortzea.
- Errenta banatzea.
- Ekonomia garatzea.
Sektore publikoak jarduera jakin batzuk, premia biziko ondasunen prezioak eta merkatuak arautzen ditu lege eta dekretuen bidez. Sektore publikoak ekonomia gehiegi arautzen duenean, interbentzionismoa gertatzen da.
Zerga-sarrerek, zergetatik edo zor publikoren jaulkipenetik datozenek, eta gastuek sektore publikoaren aurrekontua osatzen dute.
Zuzeneko eta zeharkako zergak. BEZ
Gizabanakoek eta enpresek Administraziori ematen dizkioten diru-kopuruak dira zergak, haiekin gastu publikoak ordaintzen dira.
Euskal Erkidegoak zerga-sistema propioa du, arautzeko eta kudeaketa egiteko ahalmenarekin. Zerga-sistema Foru Aldundien eskuetan dago, hiru herrialde historikoak, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, baina Legebiltzarren esku dago zerga-koordinazio, harmonizazio eta lankidetzako arauak onartzea.
Zuzeneko eta zeharkako zergak
Ondasun edo zerbitzu desberdinak zergapetzen dituzte eta horregatik dira desberdinak.
- Zuzeneko zergak. Pertsona fisiko edo juridikoen
diru-sarrerei ezartzen zaizkie. Zerga gehikorrak
dira eta ondorengoei ezartzen zaizkie:
- Soldatei, Pertsona fisikoen errentaren gaineko Zergaren bidez (PFEZ).
- Sozietateen gaineko Zerga: enpresen etekinen gaineko zerga.
- Ondareari: etxebizitzei, akzioei.
- Oinordetzei: jaraunspenei eta dohaintzei.
- Zeharkako zergak. Kontsumoari, salmentei eta kanpo-merkataritzari ezartzen zaizkie. Zerga horien artean garrantzitsuenak BEZ eta zerga bereziak dira, eta berdinak dira Europako Batasuneko herrialde guztietan.
BEZ
Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) kontsumoaren gaineko zeharkako zerga da. Hau da, kontsumo-ondasun edo zerbitzuak izaterakoan ordaintzen dugu. Zergaren ehunekoa produktuaren beharrezkoaren araberakoa da. Esaterako %16 diskoa, %7 etxebizitza, %4 ogia edo beste behar handiko ondasunak. Zenbait produkturi, esaterako tabakoari edo edari alkoholdunei, zerga bereziak ezartzen zaizkie kaltegarritzat jotzen direlako.
Makroekonomia-magnitudeak. BPG eta errenta per capita
Pentsatu al duzu inoiz nola dakien herrialde batek bere ekonomiaren egoera zein den? Hona erantzuna: makroekonomia-magnitudeez eta adierazleez baliatuz.
Familiei, enpresei, merkatuei eta sektore publikoari berari buruzko milioika datu agregatuek argazki bat osatzen dute, eta aurreko urteetako argazkiekin konparatuz, ekonomia nola aldatzen den jakin dezake herrialde batek.
Barne Produktu Gordina (BPG)
Herrialde baten jarduera ekonomikoa neurtzeko zuzeneko informazioa ematen duen magnitudea da Barne Produktu Gordina (BPG). Herrialde bateko ekoizpen-faktore desberdinek denboraldi jakin batean berenganatutako sarreren batuketa eginez lortzen da BPGa, eta euro edo dolar bezalako moneta-unitateetan adierazten da.
Biztanleko errenta (per capita)
Herrialde bateko biztanle bakoitzak sortutako errentaren batez bestekoa da errenta per capita . Bizi-mailaren adierazlea da. Eragiketa hau eginez lortzen da: herri baten ekonomiaren errenta osoa zati herrialdeko biztanle-kopurua. Herrialde edo eskualde baten aberastasunaren banaketa orokorra gainerako herrialde edo eskualdeenarekin konparatuz zein den ezagutzeko modua da.
Euskadiko BPGren eta KPIren bilakaera
Barne Produktu Gordina (BPG)
Azken hogeita bost urteotan, aldaketa handiak gertatu dira Euskadin, industrian oinarritutako ekonomiatik zerbitzatuetarikora pasatuz.
1975ean, 2.075.000 biztanle zeudenean, barne-produktu gordina 3 bilioi pezetakoa zen (18.030 milioi euro), batez ere industriak sortua, biztanleria aktiboaren %50 baino gehiagori ematen baitzion lana sektore horrek.
Hogeita bost urte geroago, eta antzeko biztanle-kopurua badugu ere, BPG bikoiztu egin da ia, eta 5,8 bilioi pezetara iritsi da (34.859 milioi euro), batez ere zerbitzuen sektoreak izan duen gorakadaren ondorioz, izan ere biztanleria aktiboaren %60 enplegatzen baitu.
Iturria: Eustat.
| Nekazari-arrantza | 1,76% |
| Industria | 28,39% |
| Eraikuntza | 9,19% |
| Zerbitzuak | 60,66% |
Prezioen bilakaera (KPI)
Azken hogei urteotan Kontsumoko Prezioen Indizean izandako bilakaera Estatu espaniarraren antzekoa izan da. Urte arteko tasa %14,98koa zen (%14,43koa estatu espaniarran) 1981ean, eta 2003ko otsailean, berriz, %3,7koa izan da. (%3,8koa estatu espaniarran).
Aldagai horren bilakaeran hau azpimarra genezake: KPIren tasaren igoera apurka-apurka beheratu egin da inflazioa geldiarazteko politiken ondorioz, 1998ko otsailean mailarik txikiena izan zuela (%1,86ko urte arteko tasa), eta geroago igo egin da eta urteko %3 edo %4 inguruan egonkortu egin da.
Zerga-politika
Estatu mailan, Ekonomia Ministerioak koordinatzen du politika ekonomikoa, eta zerga-politika, berriz, zergen bilketa arautzen eta kontrolatzen duen Ogasun Ministerioaren esku dago. Euskadin, bigarren alderdi hori -eskumenen transferentziari esker- Ogasun eta Herri Administrazio Sailak arautzen eta kontrolatzen du.
Makroekonomia-magnitude nagusiak
Makroekonomia-magnitude nagusiek honakoa neurtzen dute:
- Jarduera (herriaren ekoizpena).
- Barne-eskaria (agente ekonomikoek egindako kontsumoak).
- Kanpo-sektorea (inportazioak eta esportazioak).
- Lan-merkatua (langabezia eta enplegua).
- Prezioak eta soldatak (bizitzaren kostuaren bilakaera).
- Sektore publikoa (defizita edo superabita).

