GIZARTE ZIENTZIAK

Gizarte-hedabideak

Gizarte-hedabideek, mass media deiturikoek, munduarekin harremanetan jartzen laguntzen digute, eta gero eta globalagoa den gizarte batera eramaten. Hiritarrek ez dute sekula hainbeste informazio jaso. Gaur egungo hiru hedabide nagusiei esker -prentsa, irratia eta telebista-, baita pixkanaka Interneti esker ere, gaurkotasuna gero eta azkarrago ezagutu dezakegu. Gizarte-hedabideen eginkizuna, informazioa emateaz gain, iritzia sortzea ere bada. Inkestek eta galdeketek argi adierazten dute eragin hori.

Hedabideen eginkizunak eta ezaugarriak

Ezaugarriak

Hedabideak masa-kultura delakoaren sorburu dira, biztanleriaren zati handi batek kultural eta intelektualki erabiltzen dituzten iturriak. Ondorioz, gizarte-egitura homogeneoagoa bilakatzen da. Hedabideen ezaugarriak:

  • Gizarte joera berriak sortzen dituzte, hala nola, jarrera politikoak, arauak, baloreak, modak edo kontsumo beharrak.
  • Publizitatearen erakusleihoa direnez, ekonomia eta merkataritzaren garapenerako tresna ezinbestekotzat jotzen dira.
  • Ideien hartu-emana errazten dutenez, beste kultura eta errealitate batzuk ezagutzeko aukera ematen dute eta, era berean, bertako errealitateak aberastea eta ugaritzea ekartzen dute: herri globala eraikitzen dute.

Eginkizunak

Egoera ideal batean, gizarte-hedabideek gauzatu ahal -eta behar- dituzten eginkizunak hiru dira:

  • Informazioa eman. Teknologia berriak iritsi arte, haiek ziren botere politiko edo judizialen iritzi, kontrol eta albiste-iturri nagusia.
  • Hezi. Hedabideak funtsezko baliabideak dira ezagutza eta kultur gaiak -antzezlanak, literatura, zinema edo musika- geureganatzeko.
  • Atsegin eman. Kirol gertaerak edo gai anitzeko saioak bezalako atsegingarriak hedatzeko bide ordezkaezinak dira.

Hedabideen sailkapena: prentsa idatzia, irratia eta telebista

Prentsa idatzia

Prentsa, adierazpidetzat hitz idatzia duten hedabide orok osatzen dute (argazkiak eta ilustrazioak barne), eta haien euskarri fisikoa papera da. Bi talde nagusi daude:

  • Egunkariak. Egunero kaleratzen dira. Badira bereziak (kirol-egunkariak, esaterako), baina garrantzitsuenak informazio orokorra ematen dutenak dira.
  • Aldizkariak. Hauen kaleratze-maiztasuna aldakorra da, bereziagoak izaten dira eta alderdi grafikoari ematen diote nagusitasuna.

Irratia

Prentsa idatzian ez bezala, irratiak soinua du bere komunikatzeko era. Irrati-hizkera hitzek, musikak eta soinu-efektuek osatzen dute. Horiek uhin elektromagnetikoen bidez hedatzen dira, Hertz uhinak izenekoak.

Uhinen irismen eta fidelitatearen arabera, bi irrati-mota daude:

  • AM irratiak (zabaltasun-modulazioa): irismen handiagoa eta soinu-kalitate txikiagoa dute.
  • FM irratiak (maiztasun-modulazioa): beren irismena txikiagoa da, baina kalitate handiagoa dutenez, estereo eran igortzen dute eta eduki bereziagoak dituzte; arreta berezia jasotzen dute musika-saioek, tokiko informazioak eta entretenigarriek.

Telebista

Gaurdaino telebista dugu hedabide hedatuena eta eraginkorrena, nahiz eta lehiakide sendoa duen Internet, ikus-entzule kopuru handia hartzen baitu. Hala ere, ez da berezko hedabidetzat jotzen.

Telebistak bi ezaugarri bereizgarri ditu: mezuak bidaltzeko sistema aberatsa da (irudia eta soinua elkartuta ulermena errazagoa da), eta hartzaileak kostu ekonomiko txikia du (kanal gehienak dohainekoak dira eta hargailuen salneurria ordaingarria).

Honako hauek bereiz ditzakegu:

  • Telebista irekia. Bere saioetarako sarbidea unibertsala eta dohainekoa da eta edukiak ez dira bereziak. ETB da telebista irekien adibide bat.
  • Ordaineko telebista. Ikusi ahal izateko muga tekniko batzuk jartzen dituzte (kodifikazioa) eta ikusleek hilero kuota ordaindu behar dute. Honen truke, edukiak bereziagoak dira, musikazko kanal tematikoak, dokumentalak, zinema, eta abar.

Hedabideen jabetza eta ikus-entzuleen garrantzia

Hedabideen jabetza

Irrati edo telebista bat diru-inbertsio handia behar duen enpresa da. Era berean, haren jabetzak dakarren eragin politiko eta soziala izugarria da; horregatik deitzen zaie laugarren boterea komunikabideei.

Hedabideen jabeak administrazioak edo finantza-talde nagusiak izaten dira. Telebista publikoen finantziazioa gobernutik eta publizitatetik dator; RNEk, adibidez, ez dauka publizitate-gunerik.

Komunikabide pribatuek komunikazio enpresetan biltzeko joera dute, baliabideak batuz eta haien tokia sendotuz.

Ikus-entzuleak

Hedabideak neurri batean edo bestean publizitatearen diru-sarreren menpe daudenez, irizpide bat behar dute iragarleei tarifak ezartzeko. Irizpide hori ikus-entzuleak dira.

Hori neurtzeko, hainbat metodo erabiltzen dira, hala nola kontrolerako organismoak (esate baterako, OJD izenekoa, hots, "aldizkako argitalpenen zabalkunde eta banaketaren inguruko informazio erabilgarri eta puntuala lortu eta eskaintzea xedetzat duen merkataritza-sozietatea, informazio hori gero iragarleek, publizitate-agentziek, argitaldariek eta interesaturik dauden gainerako pertsona edo erakundeek erabil dezaten") edota audimetroak bezalako bitarteko teknologikoen bidez egiten diren inkestak.

Egunkari baten nondik norakoak

Egunkariek egitura konplexua dute. Bertan, arlo desberdinetako langile ugari aritzen dira. Kazetariek, dokumentalistek, ekonomilariek, diseinatzaileek, argazkilariek, irudigileek, abokatuek, publizitateko adituek eta banatzaileek hainbat ataletan lan egiten dute azken produktua lortzeko: albistea.

Informazioa hainbat bidetatik iristen da egunkarira: prentsa-oharrak, albiste-agentzietako, testuak, telefono-deiak, Internet edo kazetariaren ikerketa bera.

Nola lantzen da albiste bat?

  • Erredakzioko eguneroko bileran, erredakzio-burutzak erabaki egiten du zein albiste argitaratuko diren eta zein den haien luzera.
  • Ondoren, kazetariek berria ezagutu behar dute, albistea sortu den tokira joanez edo datuak telefonoz informazioa duten pertsonengandik eskuratuz.
  • Albisteak argazki, irudi edo grafikoekin lagunduta agertu ohi dira, berehalakoan ulertu ahal izateko.
  • Osagai guztiak prest daudenean, maketagileek orriak egokitzen dituzte, informazioa (izenburuak, testua, argazkiak) bertan banatu ahal izateko. Honela, irakurleari erakargarriagoa izango zaio.
  • Behin orria eratuta, zuzentzaileak testua berriro begiratzen du, estiloa edo ortografia-akatsak zuzentzeko.
  • Egunkariko zuzendariak edizioa ikuskatu eta ontzat ematen du, inprimatzera eramateko.
  • Orriak errotatiban inprimatzen dira.
  • Ibilgailu-flotak egunkaria kioskoetara eramaten du goizean goiz.

Informazioa eta iritzia hedabideetan

Hedabideek informazioa ematen dutenean, bi alderdi jorratzen dituzte: albisteak hedatzea eta iritziak adieraztea. Lehenengoan zorroztasuna, zintzotasuna eta independentzia funtsezko baldintzak dira. Bigarrenean, hedabideek gizartearen aurrean beren jarrera agertzen dute. Alegia, gizartea erakustetik gizarteko kide izatera igarotzen dira.

Komunikabide baten egiazkotasuna frogatzeko, informazio-lan zorrotzek eta iritzi-ildo koherente eta oinarrituek batera joan behar dute.

Hedabideak eta iritzi publikoa

Mass mediak, iritzi publikoa sortzen duten neurrian, gure bizitzetan eragin handia izatera iritsi dira. Gizartean duten tokia funtsezkoa denez, haien nagusitasuna ere halakoa da.

Garabidean dauden herrialdeetan zurrumurru eta ahoz-ahokoen ahalmena handia da. Herrialde garatuetan berriz, hedabideei esker jendeak besteek pentsatzen dutenaren berri dauka eta bere jarrerak eta usteak sendotu egiten dira. Honela, pentsamoldeak direnak azkenean egia bihurtzen dira.

Eragin izugarri horren adibide dugu, besteak beste, 1938ko urriaren 30ean Estatu Batuetan gertatutakoa: CBS kateak H.G. Wellsen Munduen arteko Gerra igorri zuenean, hain zuzen ere, Orson Welles zine-zuzendariak irratirako eginiko bertsioa. Programa honetan, Wellesek estralurtarrak lurra erasotzen ari zirela kontatzen zuen, entzuleengan hainbesteko zirrara sortuz, benetako istorioa zela uste baitzuten.

Inkestak eta iritzi-azterketak

Lehenengo inkestak merkatu-ikerketak izan ziren, kontsumorako produktu batzuen aurrean biztanleek zein aurretiko jarrera zuten jakiteko. Berehala, argi ikusi zuten metodo hauek iritzi publikoa ezagutzeko balio zutela eta gaur egun inkestetan edozein gai jorratzen da, garrantzizkoenetatik azalekoenetara.

Iritzi-inkesta eratzeko prozesua

  • Inkestaren unibertsoa zehaztu.
  • Lagina aukeratu.
  • Galdera-sorta eratu.
  • Lagineko pertsonak elkarrizketatu.
  • Emaitzak aztertu eta interpretatu.

Inkesta baten fidagarritasuna honako baldintzen araberakoa da:

  • Nork eskatu eta eratzen duen inkesta.
  • Egindako galderen zehaztasuna.
  • Lagineko biztanleak zehazterakoan jarritako arreta.
  • Lagina aukeratzeko metodoa, haren tamaina eta erantzun duen laginaren proportzioa.
  • Elkarrizketak egiteko modua (telefonoa, posta, aurrez aurre).
  • Galdera-sorta egiten den unea.

Oro har, esan daiteke zenbat eta lagin handiagoa izan, orduan eta hutsegite estatistiko txikiagoa egongo dela.

Aldizkari Ofizialak

Prentsa gehienbat enpresa pribatuen esku dago, nahiz Aldizkari Ofizialak ere badauden. Aldizkari ofizial horien eginkizuna legeak, enplegu publikoaren deialdiak, izendapen ofizialak eta nahitaez ezagutzera eman beharreko beste gai batzuk argitaratzea da. Adibidez, Euskal Herrian EHAA, Bizkaian BAO, Gipuzkoan GAO, Araban ALHAO, Nafarroan BON, eta Estatuan BOE.

 

Herri globala

 

Herbert McLuhan-ek, pentsalari eta kultur teoriko kanadiarrak (1911-1980) sortu zuen kontzeptu hau. Gizarte-hedabideei esker, informazioak planeta txikiagotu egiten zuela adierazi nahi zuen.

Orain, Internet-ek kontzeptu horren balioa berretsi eta hizpide bihurtu du berriro. Beste bi gertaerak are gaurkotasun handiagoa ematen diote: batetik, lehendik zeuden hedabideek hedatu eta egokitu egin dira. Bestetik, gure planetakoen artean gero eta menpekotasun ekonomiko handiagoa dago.

Hala ere, kritikoen ustez "herri global" honek herrialde aberatsei bakarrik egiten die mesede, eta baliabide gutxien dutenek, berriz, honen ondorio negatiboak besterik ez dute jasotzen.