Gizarteak eskainitako kultur zerbitzuak
- TEST: Egia edo gezurra?
- TEST: Gezi bidez lotu
- EXTRA: Liburutegien egitekoak
- LINK: Kanpo loturak (9)
Historian zehar, gizakia jakintza eta lan mordo bat pilatuz joan da arte, musika, literatura eta gizarte-zientzien arloetan. Jakintza horiek pertsonen eskuetan jarri behar dira, haiek garatu eta landu ditzaten, beren burua ezagutzeko eta beren inguruan zer gertatzen den jakiteko gai izan daitezen. Jakintza horien multzoak, kultura deitzen dugun horrek, bere eginkizuna bete dezan, antolatu egin behar da denen eskuetan jarriz. Hedapen-lanaz gobernuak arduratzen dira kultura ministerioen edo antzekoen bitartez, bai eta administrazioetako gainerako herri-erakundeak ere.
Herri-kultura eta elitearen kultura
Ahoz transmititzen den kultur gisa ulertu ohi da herri-kultura, baita herrien oroimenean oinarrituta zeuden bestelako arte-agerpen batzuk ere, hala nola artisautza eta folklorea (kantuak, dantzak, ohiko jantziak eta abar). Halere, ikusmolde hori aldatu egin da XX. mendean.
Gaur egun, herri-kulturaren ikusmoldea askoz areago doa eta masa kultura hartzen du bere baitan, hala nola pop musika eta zinema, baita literatura eta artea ere, zein elite intelektualen esku egon zen tradizionalki. Hedabideen sorrera eta garapena dira horren arrazoia, haiei esker herri-kulturaren eta elitearen kulturaren artean gero eta tarte txikiagoa baitago.
Administrazio desberdinak (estatukoa, autonomikoa eta udal mailakoa) kultur euskarrien artapenaz arduratzen dira liburutegi, hemeroteka, fonoteka, museo eta gainerako zerbitzuen bitartez.
Liburutegiak
XX. mendera arte, jakintza liburuen bitartez transmititu da gehienbat. Liburuak gizateriaren kultur ondarea dira. Horregatik, haiek artatzea ez ezik, herritarren eskuetan jartzea ere ezinbestekoa da. Liburutegiek betetzen dute eginkizun hori, komunitatearen heziketa iraunkorrari eta kultur garapenari laguntzen dieten neurrian.
Liburutegietan adin guztietako herritarrentzat material egokiak izateaz eta haien eskuetan doan jartzeaz arduratu behar dute herri-agintariek. Fondo horiek kalitate handikoak izan behar dute, eta gaur egungo joerak islatu behar dira horietan, gizartearen bilakaera kulturalean oinarrizkoak izan diren testuak ahaztu gabe. Bildumak eta zerbitzuak inola ere ez zaizkio lotu behar inongo motatako zentsurari, ideologikoa izan, politikoa izan edo erlijiosoa izan, ezta merkataritza arloko presioei ere. UNESCOk liburutegien egitekoak zehaztu ditu.
Fonotekak
Diskoak, zinta magnetofonikoak, CDak eta mota guztietako artxibo soinudunak oroimen historikoa gordetzen laguntzen diguten lekukotza-agiriak dira.
Liburutegiak liburuen arloari lotuta daude; fonotekak, aldiz, herri eta gizarteen ondare soinuduna artatzeaz eta ezagutzera emateaz arduratzen diren erakundeak dira. Gizateriak etorkizuneko belaunaldiei utzi dizkien ahots, musika eta soinuak gogora dakarzkigun ondarea dira.
Artxibo soinudunetan erregistro musikalak ez ezik, diskurtsoak, gertaera sozialak, elkarrizketak... ere gordeta daude. Erakunde mota horri esker, gaur egun historiaren lehendabiziko erregistro soinudunen lekuko izan gaitezke.
Asko eta asko dira gure herrian eta nazioartean, gaur egungo kulturan artxibo soinudunek duten garrantziaz oharturik, mota guztietako kultur agerpenak erregistratzeaz arduratzen diren erakundeak, bereziki ahozko tradizioarenak. Gauzak horrela, bilduma interesgarriak osatu dira, asko nazioartera zabaldu direlarik.
Adibidez, Bizkaiaren Fonotekan herrietan egiten den bizkaieraren berria izango duzu. Bere web-orrian bertan dauden grabazio desberdinak entzuteko aukera izango duzu, besteak beste, abestiak, erlijiozko testuak, atsotitzak, ipuinak eta abar.
Museoak
Ondare Historikoaren legearen arabera, museoek balio historiko, artistiko, zientifiko, tekniko edo beste edozein kultur izaeratako multzo eta bildumak artatu, ikertu, komunikatu eta erakusten dituzte, horiek aztertu, heziketa alorrean erabili eta begiztatu ahal izan ditzagun.
Museorik garrantzitsuenak Estatuaren fondoen beharrean daudenak dira, horiexek baitituzte fondoak arte-lanak erosi eta artatzeko. Gehien bisitatzen diren estatu-museoak, Musée du Louvre , British Museum eta Museo del Prado dira.
Museo publikoez gain, zentro pribatuak ere badira, hala nola BBVA, Juan March eta Telefonica enpresen fundazioarenak.
Museo gehienek artelanen bilduma iraunkorra izaten dute, bai eta erakusketa ibiltarietarako aretoak ere. Kasu askotan, museo bera lan arkitektoniko nabarmena da, horien artean, Bilboko Guggenheim museoa daukagu.
Euskadin, arte-eta etnografia-museoaz gain, gaikako hainbat museo mota aurki ditzakegu, ardoaren museoa, itsas-museoa, karta-museoa edo arte sakratuarena esate baterako.
Eraikinak eta monumentuen multzoak
Arte-obra arkitektonikoak, eraikinak eta monumentu eta arkeologia-multzoak gizarte baten kultura eta historiaren funtsezko alderdiak dira. Nahikoa da herri baten monumentuen ondareari erreparatzea haren lehenaz ohartzeko.
Kursaal entzutokia, Donostian.
Estatu espaniarra, Europa eta Afrikaren arteko zubi izan den aldetik, zibilizazioen topaleku izan da. Horrek berarekin ekarri du ondare monumentala izatea eta denetariko estiloak edukitzea. Aberastasun hori beste erakargarri bat da bisitarientzat.
Estatu espaniarrako eraikinen eta monumentu multzoen erakusgarri nagusien artean ondoko hauek azpimarra daitezke: aztarnategi arkeologikoak (Atapuerca), zubiak (Alcantara), ubideak (Segovia), meskitak (Kordoba), katedralak (Leon, Burgos, Toledo eta Sevilla), monastegiak (Silosko Santo Domingo, El Escorial), jauregiak (Granadako Alhambra, Madrilgo Erret Jauregia, Santarderko Magdalena), eta hiri monumentalak (Toledo, Caceres, Bartzelonako auzo gotikoa).
Euskadin ondoko hauek aurkitzen ditugu: aztarnategi arkeologikoak (Urdaibai), Katedralak (Bilbo, Donostia eta Gasteizko biak) eta jauregiak (Gernikako Biltzar Aretoa edo Abellanedakoa).
Ondarearen artapena
Gure kultur ondarea artatu, birbalorizatu eta dokumentatzeko betebehar morala dugu. Gaur egun, herri baten garapena nahitaez lotuta doa haren lehenarekiko errespetuarekin eta, beraz, kultur agerpenen zaintzarekin eta mantentze-ahaleginarekin, haiek zentzurik zabalenean hartuta.
Ondarea artatzean, lehenaren eta belaunaldi berrien arteko zubia eraikitzen ari gara, azken horiei baloreak eta kultura transmititzen baitizkiegu. Kultur ondare horri esker, gure identitatearen adierazgarriak denboran mantentzen ditugu, eta herri eta gizarte bateko partaide garela baieztatzen dugu. Gainera, lehena ulertzeak oraina ulertzen lagunduko digu.
Horregatik, Administrazio publiko guztiek ahalegin ekonomiko handia egiten dute ondarea artatzeko politikak gauzatzeko asmoz. Espezialisten esku utzitako lanak dira, arreta eta dedikazio handia eskatzen baitute. Ahalegin horrek balio kultural handia ekarri ez ezik, turismoaren industria indartu ere egiten du.
Euskal gizartean eskainitako kultur zerbitzuak
Musika
Getxo, Gasteiz eta Donostiako
Jazzaldiak.
Folk Musikaren Nazioarteko Jaialdia. Getxo.
Musika klasikoa. Donostiako Musikal Hamabostaldia eta Bilboko opera.
Zinema
Donostiako Nazioarteko Zinemaldia.
Donostiako Terrorezko Zinearen Astea.
Bilboko Zinema
Dokumentalaren eta Laburmetraiaren Nazioarteko Zinemaldia.
Artea
Bilboko Guggenheim
Museoa. Arte-bilduma garrantzitsua eraikin berritzaile batean.
Txillida-Leku Zabalaga
baserrian (Hernani). Eduardo Chillida eskultoreak pentsatutako museoa
(agian euskal artistarik ezagunena nazioartean).
Jaiak
Donostiako Aste Nagusia.
Bilboko Aste Nagusia.
Gasteizko Andre Zuriaren Jaiak.
Literatura
Durangoko Euskal
Liburu eta Diskoaren Azoka (Bizkaia).
Antzerkia
Eibarko Antzerki Jardunaldiak (Gipuzkoa).
Gasteizko Antzerki Jaialdia.
Kirolak
Herri kirolak: enborrak moztea (aizkolariak), belarra moztea
(segalariak), harriak jasotzea (harri-jasotzaileak).
Pilota. Euskal kirol nagusia da.
Traineruen estropadak.
Munduko lehen fonoteka
Munduko lehen fonoteka Frantzian zabaldu zen 1932. urtean. Hitz hori soinu artxibo baten izen gisa erabili zen lehendabiziko aldia ere izan zen.

