GIZARTE ZIENTZIAK

Gizarte-balioak

Ongia, egia, edertasuna, zoriona, bertutea, gizateriaren sorreratik erabili diren kontzeptuak dira; pertsonen eta gizartearen jarrera eta nahiak hauen baitan egon dira. Gizakiek historian zehar balioak nola zehaztu dituzten ikusiko dugu, haien harremana talde-pentsamoldeekin, lege eta ohiturekin, erlijio eta kulturarekin.

Zer dira balioak?

Balioak gizakien ezagutza bideratzen duten irizpideak dira. Balioak erabiltzerakoan, gizakiak lotura bat erakusten du bere taldearen mundu-ikuskerarekin. Honela, gizateria ulertzeko modu bat baieztatzen du.

Balio-sailkapenen adibideak
Balioak Schelerren arabera (1941)
Atseginaren eta desatseginaren balioak.
Bizi-balioak.
Balio izpiritualak: ederra eta itsusia, bidezkoa eta ez bidezkoa,egiaren ezagutza garbiaren balioak.
Erlijio-balioak: saindua eta profanoa. Sailkapen ohikoenak bereizi egiten ditu balio logikoak, etikoak eta estetikoak.
Balioak Frondiziren arabera (1972)
Objektiboak eta subjektiboak.
Behe-mailako balioak: ekonomikoak eta afektiboak.
Erdi-mailako balioak: intelektualak eta estetikoak.
Goi-mailako balioak: moralak eta izpiritualak.
Balioak Rokeachen arabera (1973)
Tresna-balioak edo jokabideekin lotuak: balio moralak.
Balio terminalak, loturazkoak edo izatezkoak: bakea, askatasuna, zoriona edo guztien ona.

Talde-pentsamoldeak

Giza jarduera guztiak, ahozko hizkera eta keinuak barne, taldeko giro mentalari dagozkio. Giro horrek motibazioak erabakitzen ditu, hautespenak eta gure ekintzen ondorioei aurre egiteko modua.

Talde-pentsamoldeak ulertzeko historiaren iturrietan begiratu behar da. Aurreko belaunaldiek utzitakoa gure egungo ekintzak bezain garrantzitsua da.

Talde-pentsamoldeen osagaiak

Talde-pentsamoldeek honako osagai hauek dituzte:

  • Arrazionala. Ideien, filosofiaren eta kontzientzia-esplorazioaren historia kulturala eta intelektuala.
  • Emoziozkoa. Ekintzetara eta erreakzioetara bultzatzen gaituzten afektuak eta erantzunak.
  • Irudimenezkoa. Norberaren burua irudiek sortzen duten barne-mundua da, baina ideia-irudi horiek taldeko beste kideek ere badituzte.
  • Inkontzientea. Buruko prozesuak, kontzientziari ihes egiten diotenak.
  • Jokabidezkoa. Giza jarduera guztiak aztergarri dira, egiten edo esaten denaren arabera.

Balioak lege eta ohituretan

Gizarte bakoitzak kode batzuen arabera ezartzen du bere jokaera; kode horiek legeetatik, erabilpenetatik eta gehienek onartutako ohituretatik datoz, eta berorietan ikusten dira argi eta garbi balioak. Euskal gizarte, bere balio eta legeei buruz hitz egitean, euskal foruez eta bere historiaz hitz egiten ari gara.

Foruak eta Estatutua

Euskal Herrialdeetako eta Nafarroako ohizko usadioak eta ohiturak hasi ziren biltzen foruetan. Hori dela eta, foruak ez ziren sortu bat batean, baizik eta historian zehar, eguneroko bizitzaren arauak bilduz.

Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba, Gaztelako Koroan barne hartu zirenean, beren araudiak eta Biltzarrak gorde egin zituzten eta erregeek edo jaunek foruen zina egiten zuten. XIX. mendean zehar euskaldunak bere pribilegioak galduz joan ziren. Gehienek karlisten alde borrokatu zutenez, gerra galtzean, 1876an, foruak derogatuak izan ziren.

Demokraziarekin 1979an, erreferendum bat egin zen eta Gernikako Estatutua onartua izan zen. Bertan, 10. atalean foru-zuzenbidea aintzatetsi egiten da, lurralde historiko bakoitzak bere foru-zuzenbide propioa du.

Erlijioak eta talde-pentsamoldeak

Erlijioek bi alderdiri eman nahi diote erantzuna; batetik, elkarbizitza sozialak dakartzan arazoei eta bestetik, komunitateen mundu-ikuskerarekin lotuta dauden balio etiko eta moralei.

Erlijio gehienen gizarte-doktrinak beren liburu sakratuetan azaltzen diren printzipioetan oinarritzen dira. Kristautasunean, Ebanjelioek printzipio hauen nagusitasuna azpimarratzen dute:

  • Pertsonaren duintasunaren errespetua.
  • Lagun hurkoa maitatzea da elkarbizitzaren oinarria.
  • Ororen ongia eta gizarte-justizia dira agintarien erreferentzia.

Gizarte-balioak literaturan eta zineman

Irakurketak ikasteko, adimena garatzeko eta entretenitzeko balio du. Gainera, liburuen orrialdeetan gizarte eta garai baten balioak islatzen dira.

Aro Modernoan, literaturak erabateko eragina izan zuen. Europako herrien identitate-sentimendua eratu zuen, haien irudi koherentea sortu, eta talde egitasmoak ernarazi zituen.

Zinemak balioen igorpenean eragin handia du.

Literatura berebiziko irudi sortzailea izan da. Aipatu beharrekoa da antzerkia, mende luzeetan garrantzitsua izan baitzen herrien talde-izpiritua osatzeko. Arrazoia, XIX. mende bukaeran arte-irakurmena gutxiengo kulturadun baten trebetasuna zen. Gainera, antzerkia taldean gauzatzen den kontsumoa da; irakurketa, ordea, bakarkako egintza da.

XX. mende erdialdetik aurrera, irudia (zinema eta telebista) hitz idatziari nagusituko zaio, eta bera izan da gizarte-balioen erakusle eta sortzailea. Baliabide honek samarra dugun arren, balioak adierazteko euskarri sendoa da, jende ugarirengana iristen baita.

Zinemak, arteari dagokionez, hainbat helburu lor ditzake: olerkiaren sakontasuna lortu, pinturaren irudi estatikoa eskaini, eskulturaren hiru dimentsioak azaldu, arkitekturaren habitata ezarri, eleberriaren elkarrizketa eta antzerkiaren mugimendua erakutsi.

Gizarte-balioak arte plastikoetan

Arteak, giza jarduera bat den aldetik, hiru eginkizun ditu:

  • Adierazlea: egilearen munduan egoteko modua erakusten du.
  • Ulerkorra: mundua ezagutzeko eta azaltzeko bitartekoa da.
  • Komunikatzailea: egileak bere lana gizartean ezartzen duenean, lotura sozial bat sortu nahi du.

Eduardo Chillidaren Haizearen Orrazia. Donostia.

Artelanak balioak sortu eta adierazten ditu, baina bere kalitatea eta edertasuna ez dira nahitaez moralitatetik epaitu behar. Besteen artean, Gaudiren eraikinak, Txillida edo Oteizaren eskulturak gizaki guztion ondasunak dira, eta haien edertasuna guztiongana iritsi daiteke.

Norberaren balioak eta balio unibertsalak

1993ko Vienako Konferentzian zailtasun hau ikusi zuten: balio eta eskubide unibertsalak zehaztea eta ezartzea etikoa ote zen, herrialde baten garapen mailari eta bere ohitura eta kultur balioei begiratu gabe. Balioen arteko talka honen erantzuna elkarrizketaren bidez lortu behar da.

Gizartearen arazoak aztertzen direnean, kultur balio zehatzak eremu zabalago baten barruan kokatu beharko lirateke, unibertsalagoak diren printzipioetan murgiltzeko, hala nola, humanismoa, demokrazia, elkartasuna, ekologia, bakezaletasuna eta tolerantzia.

Beraz, heziketa-prozesuetan honako hauek egon beharko lukete:

  • Injustizia-egoerak atzeman, interpretatu eta kritikatu.
  • Elkarbizitzarako esparrua eraiki, tolerantzian eta arrazoimenean oinarrituta.
  • Ekimenak proposatzea, pertsonarentzat eta taldearentzat bidezkoagoak diren bizimoduak ezartzeko.