GIZARTE ZIENTZIAK

Joanes Huarte San Joan

Sendagile, filosofo eta idazlea, Joanes Huarte Espainiako estatutik kanpo gehien publikatua eta itzulia izan den autorea da eta psikologia modernoaren aitzindari garrantzitsuenetakoa. Donibane Garazin jaio zen 1529an, baina gero familia Andaluziako Baeza hirian finkatu zen. Latin eta filosofia ikasketak egin zituen bertan. Ondoren, Alcalá de Henares-eko ikastegi ospetsura joan zen eta han, 1559an, medikuntzan doktore egin zen.

Joanes Huarte, ikasketak amaitu ondoren, Baezan ariko da hamazazpi urtez sendagile-lanetan eta bertan ezkonduko da Ageda de Velasco bere emaztegai nafartarrarekin, 1562an. Harekin zazpi seme-alaba izan zituen. Bestalde, Asis-ko San Frantziskoren bizitzaren jarraitzaile zen Joanes eta Hirugarren Ordenan sartu zen.

"Examen de Ingenios", Huarteren liburua, Inkisizioak debekatu zuen

1575ean, Joanes Huarteren Examen de Ingenios agertzen da. Garai hartan, Felipe II.aren erregealdian, Inkisizioak hedatutako beldurra arnasten zen herrian. Huarteren liburua sei urtez salgai egon ondoren, bat-batean Inkisizioak debekatu egin zuen, lehenik eta behin Portugalen, 1581ean, eta gero Espainian, 1583an. Arrazoia: espirituaren eta gorputzaren arteko batasunari buruzko ideiak agertzea.

Hurrengo sei urteak bere obra berriz zutik ezartzen igaroko ditu Huartek, hainbat zuzenketa eginez. Liburua bigarren aldiz agertzen ikusi gabe hil zen, ordea, 1589an.

Examen de Ingenios liburua, gizakiaren dohain edo jite guztiak zeintzu diren, eta jite bakoitzari dagokion jakintza zein den eta zein seinaleren bidez ezagut daitekeen gizon baten jitea bezalako gaiez mintzo da. Huarteren ustez gorputzak axola handia du, espirituaren lanak gorputzean baititu bere erroak. Beste gauza batzuen artean, Inkisizioari ez zitzaion atsegin Huartek animaliek adimena eta bizitza morala ere badutela esatea. Gainera, mirarien inguruan eszeptiko agertzen zen eta bere idazkietan idatzi zuen Jainkoak, mundua egin ostean, Berak sortutako munduko baldintza naturalei eutsi behar ziela.

Examen de Ingenios liburuak anitz edizio izan zituen, eta sei hizkuntzatan argitaratu zen: frantsesez, ingelesez, italieraz, alemanez, flandeseraz eta latinez. Lehen edizioak 15 kapitulu zituen, eta bigarren edizio berridatziak, 1594an, bera hil ondoren argitaratu zenak, 22 kapitulu zituen.

Eragina beste autoreengan

Humanismoaren korrontean murgildurik, Joanes Huartek, bere liburuarekin, hurrengo mendeetan idatzi ziren filosofia- eta zientzia-tratatuetan agertuko ziren ideien hazia erein zuen. Eta egun, filosofo, sendagile, psikologo, hizkuntzalari eta historigileek laudorioz betetzen dute humanista garaztarra.

Maurizio Iriartek eta Unamunok frogatu dute garaztarraren Examen de Ingenios liburuan azaltzen diren zenbait puntu Kixote Mantxako liburu famatuan agertu zirela. Bestalde, Jean-Jacques Rousseau-ren Emile famatuan ere Huarteren anitz ideia agertzen da, haurren hezkuntzari buruz bereziki.

Gainera, Noam Chomsky-ren ustez, Huarte hizkuntzalaritzaren teoriak garai modernoan hartu duen bidearen aurrekari da, hots, innatismo arrazionalistaren aurrekari. Bestalde, Huarte gutxienez hiru zientzia berriren aitzindaritzat jotzen dute: psikologia diferentzialarena, orientabide profesionalarena eta eugenesiarena; baita Gall-en frenologiarena ere. Kasu honetan autoreak berak aipatzen du Huarte.

Huarteren liburuak XX. mendeko Sigmund Freud-en psikoanalisia ere gogorarazten digu. Huartek gizaki bakoitzaren gorpuzkeran aurkitzen ditu norberaren espirituzko gaitasun eta aiurria: gorpuzkerari dariona da halako edo bestelako izaeraren jabe izatea. Hipokrates eta Galeno izaeren tipologiaren urruneko iturburuak dira.

Medikuntzaren historia ikertu zuen sendagile Lain Entralgoren arabera, Huarte bere garaiari aurre hartu zion pentsalaria da, izan ere, geroko antropologiaren zenbait ideia aurreratu baitzituen.

Marañon sendagilearen esanetan, "lau mende ondoren, bere datu kliniko eta sugestio psikologiko gehienak erabil ditzakegu".

Zergatik joan ziren Huartetarrak Baezara?

1512ko abenduaren 17an Fernando Katolikoa erregeak Donibane Garaziko biztanlea zen Joan Huarte bat izendatu zuen Nafarroako Erresumaren Gorte Nagusiko Alkate. Alabaina, garai horretan Nafarroa Beherea ez zegoen Gaztelaren menpean, Joan Albret-ekoak berreskuratua zuelako.

Baliteke Joan Huarte hori gure Joanes-en aitona izatea eta Donibane Garazin sasoi hartan bizi izan zen giro politiko nahasian Gaztelako erregearen aldeko izateagatik familia horretakoak herritik aldegin beharrean aurkitzea.

Esan izan da behin eta berriz Joanes judu kristautua zela. Ez dirudi erraza hala izatea, tankera horretako familia bateko kidea izanik. Nafarroako juduek, eta bereziki Tuterakoek, Gaztelaren konkistari jarki zitzaien, Nafarroan ez zelako indarrean jarri Inkisizioaren juduen aurkako jazarpena. Ez dirudi, hortaz, judu jatorriko familia batek juduak jazartzen zituzten lurralde batera alde egingo zuenik.

Bada Huarterengan higanoten ukitua ikusten duenik ere. Ez litzateke hori ere harritzekoa, kontuan izanik Huarte Leizarragaren garaikidea eta honi Testamentu Berria euskaratzeko agindua eman zion erreginaren erresumako hiritar jaio zela.

 

Baezako Unibertsitatea Huarteren garaian

Joanes Huarte Baezako sendagile izan zen garaian bazen herri hartan, 1538az geroztik, unibertsitatea. Pizkundea Andaluzian errotu zen seinale da hori.

Unibertsitate horren bultzatzaile nagusia San Joan Avilakoa (1500-1569) izan zen. Luteranotzat salatu zuten eta Sevillako Inkisizioak auziperatu eta kartzelan sartu zuen. Harreman onak izan zituen San Inazio Loiolakoarekin.

Baezako Unibertsitate hori begitan hartu zuen Inkisizioak eta irakasle estimatuenak prozesatu zituen.

XVII eta XVIII. mendeetan zehar Baezako Unibertsitateak lanean jarraitu zuen, baina pixkanaka indarra galduz joan zen eta 1821ean itxi zen.

XVI. mendean inprimategi garrantzitsuak izan ziren Baezan, erlijio-arloan batez ere. Hantxe inprimatu ziren Examen de ingenios-en bi argitaraldi (1575, 1594).