GIZARTE ZIENTZIAK

«« Itzuli

Julian de Ajuriagerra

"Elkarrizketa tonikoa", Ajuriagerraren psikoterapia

Julian Ajuriagerrak psikoterapia lasaigarria garatu zuen, psikiatrian eta psikoanalisian izandako esperientziak uztartuz. Neuropsikiatra bizkaitarrak emozioen eta gorputzaren tonu muskularraren artean harreman estua dagoela nabarmendu zuen, jadanik ama-semearen erlazioan sumatzen dena. "Elkarrizketa tonikoa" deitu zion psikoterapia horri.

Ajuriagerraren psikoterapia lasaigarria, tonuaren eta desordena psikosomatikoen analisi sakonean datza, hau da, gaixoaren tentsioak eta gorputzaren blokeoak aztertzen eta ulertzen saiatzen da. Eta horretarako, gaixoaren eta psikoterapeutaren artean bi noranzkotako erlazioa edo "elkarrizketa tonikoa" behar da.

Terapia hau astean behin egiten da, 45 minutu irauten duen saioen bitartez. Gaixoa ohe batean etzaten da, burukoa belaunen azpian eta mantaz estalita. Terapeuta ondoan esertzen da eta galdetzen dio: "zer sentitzen duzu arreta guztia zure gorputzean jartzen baduzu?". Terapia honek bere gorputza sentitzera behartzen du gaixoa eta esperientzia horretatik, gorputzaren eta niaren arteko harremana aztertzen da. Egoaren edo niaren eta gorputzaren arteko erlazio hori birdefinitu egiten da beste pertsona batekin duen erlazioaren bidez eta intimitate-bereizketa, esperientziaren bitartez. Ezagutzen duen gorputzaren eta terapeutari deskribatzen dion gorputzaren arteko desberdintasunak islatzen ditu terapia modu honek .

Terapia hau, haur, nerabe eta helduen psikopatologientzat egokia da, sufrimen psikikoa gorputzean islatzen denean eta ahozko psikoterapia ezarri ez daitekenean. Bestalde, egokia da, halaber, psikoterapia-mota hau, seme edo alaba ezinduak dituzten eta haiekin elkarrizketa tonikoa mantentzeko zailtasunak dituzten amentzat.