«« Itzuli
Arabako Aldaieta nekropoliaren historia berregiten du EHUk

2008/04/16
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaile talde batek, Concepción de la Rúa irakaslea buru duela, eskeleto-hondarretatik erauzitako DNAtik abiatuta, giza populazio baten historia biologikoa berregiten ari da eta populazio horren inguruko galdera historikoei erantzuten.
Antzinako populazioaren historia ezagutzea eta populazio horren inguruko galdera historikoei erantzutea interesgarria da oso. Are gehiago, informazio hori guztia gizakiaren hezur eta hondarretatik erauzitako material genetikoari esker jakiten bada. Horixe egin dute, hain zuzen ere, Arabako Aldaieta nekropolian. Alegia, antzinako DNAren azterketei esker, hango populazioaren berri jakin dute.
Aldaietako aztarnategia garrantzitsua da arkeologikoki eta historikoki, eta berreskuratze eta azterketa lan handia egin behar izan da hura kontserbatzeko.
Lana ikaragarri handia da, hainbat arrazoirengatik, batetik, hezur- eta hagin-hondarretatik erauzitako DNA kantitatea oso txikia da, eta, bigarrenik, lortzen den DNA katea oso degradatua egon ohi da. Horren ondorioz, kutsatzeko arrisku handia du. Horregatik, lortutako emaitzak behin eta berriz egiaztatu behar dira.
Datu fidagarriak eta egiaztagarriak
Antzinako DNArekin lan egiteak zenbait arazo edo zailtasun dituen arren, EHUko ikertzaileek landutako metodologia horri esker, eta emaitzak egiaztatzeko garaian kontuan hartu dituzten irizpideei esker, Aldaietako nekropolian lurperatutako populazioari buruzko datu fidagarriak eta egiaztagarriak lortu dituzte.
Europako DNAk homogeneotasun handia erakusten du. Horrek adierazten digu garai batean gizaki horien artean nolabaiteko gene-fluxua zegoela.
(Argazkia:EHU)
