«« Itzuli
Euskal-saharar arkeologo talde batek 300dik gora aztarnategi aurkitu ditu

2008/04/22
Eusko Jaurlaritzak eraginda eta lagunduta, eta Andoni Saenz de Buruaga Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Historiaurreko irakasle buru dutela, Saharako eta Euskadiko arkeologo talde batek ikerketa eta lankidetza zientifiko-kulturalerako lau espedizio egin ditu 2004 urtetik hona Mendebaldeko Saharako Tiris eskualdean.
Horrela, euskal arkeologoek egindako aurkikuntzen artean balore handiko 300dik gora aztarnategi daude, hala nola VI. eta V. milurteko hilobiak, batzuk 20 metrokoak, eta granitozko lurrean egindako grabatuak, non antilopeak, hipopotamoak, elefanteak eta jirafak irudikatzen diren.
Gisa horretako ondorioak aipatu dituzte Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Andoni Saenz de Buruaga EHUko Historiaurreko irakasle eta Euskadi-Sahara Kultur Bilakaera Elkartearen zuzendariak eta Arantza Arzamendi Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak Mendebaldeko Saharan ikerketa arkeologiko eta lankidetzarako proiektuari buruz gaur Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan.
Zehazki esanda, Tiris izeneko eskualdean egin dira lanak, barnealdeko ordeka zabal-zabala, Mendebaldeko Sahararen hego-ekialdeko herenean, ondoko Mauritaniako lurretan barneratzen dena.
Guztira, 11 lagunez (bost euskaldun eta sei saharar) osaturiko lan taldeak 117 egun eman ditu landa-lana egiten, eta 53 lekutan egindako azterketen ondorioz, historiaurreko 300dik gora aztarnategi topatu dituzte. "Eskualde honetan, III. milurtekoaren hasieran 15 aztarnategi baino ez ziren ezagutzen", azaldu du Saenz de Buruaga irakasleak.
