«« Itzuli
35 urte bete ditu Fronte Polisarioak, Marokorekin akordiorik lortu gabe

2008/05/20
Fronte Polisarioak bere sorreraren 35. urteurrena ospatuko du gaur Tifaritin, Mendebaldeko Sahararen menpeko inguruan. Nazioarteko hainbat ordezkaritza izango dira antolatutako ekitaldietan.
Europatik, Afrikatik eta Latinoamerikatik joandako 300 gonbidatu inguru izango dira ordezkaritza ofizialen eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen izenean Tifaritiko ospakizunetan. Tifariti Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu sahararren eremutik 400 kilometro baino gehiagora dago eta Marokoko eraikitako hormatik 60 bat kilometrora.
Euskal Herritik ere zenbait erakundeetako eta Saharari laguntza emateko elkarteetako ordezkariak joango dira. Gainera, hainbat herrialdek bat egingo dute Fronte Polisarioarekin eta erakunde horren helburuarekin elkarretaratzeak eginez.
Urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte: sahararren ohitura eta arte erakusketak, musika eta folklore ikuskizunak nahiz desfile militar bat. Ekitaldi nagusian Mohamed Abdelaziz Saharar Errepublika Demokratikoko presidenteak hartuko du hitza.
35 urteko historia
Saguia el Hamra eta Rio de Ororen (Mendebaldeko Sahara banatzen duten bi lurraldeak) Askapenerako Frontea (Polisarioa) 1973ko maiatzaren 10ean sortu zuen Mustafa Sayed El Ualik zuzendutako ikasle nazionalistez osatutako talde batek.
Lehendabiziko ekintza armatua maiatzaren 20an burutu zuen. Talde txiki batek Espainiako Armadako soldaduei eraso zien eta orduz geroztik maiatzaren 20an ospatzen da Fronte Polisarioaren sorrera.
1976ko otsailean, mugimendu independentistak Saharar Errepublika Demokratikoaren sorrera aldarrikatu zuen, eta, 16 urtez gerran egon ostean, 1991an, sahararrek eta marokoarrek su-etena hitzartu zuten Houstonen (AEB), ondoren erreferenduma egiteko. Alabaina, azkenean Marokok uko egin zion agindu bezala erreferenduma deitzeari.
