«« Itzuli
Errepublika aldarrikatu dute Nepalen, 240 urtez Monarkia izan ondoren

2008/05/29
Nepaleko Asanblea Konstituziogileak Errepublika aldarrikatu eta Monarkia abolitu du gehiengo zabalez, herrialde himalaiarrean 240 urtez Monarkia izan ostean.
Ganberako 560 kidek Nepaleko Errepublika ezarri duen bost puntuko ebazpenaren alde bozkatu dute. Alderdi Nazional Demokratiko (RPP) monarkikoko lau ordezkarik soilik bozkatu dute kontra.
Ebazpen horren arabera, Nepal Errepublika Federal Demokratiko "independentea, burujabea, antzinakoa eta bateratzailea" da aurrerantzean.
"Erregeari eta bere familiari, emandako eskubideak, eraikinak eta estatus tradizional eta kulturala automatikoki kentzen zaizkie, Nepaleko gainerako herritarrek dituzten eskubideak izan ezik", dio ebazpenaren bigarren puntuak.
Orain, behin-behineko Gobernuak eskutitza bidaliko dio Gyanendra erregeari Errege-erreginen Jauregia 15 eguneko epean utz dezala eskatuz, Jhalnath Khanal Alderdi Marxista-Leninistako (UML) idazkari nagusiak adierazi duenez.
"Aro batean behin bakarrik ematen den eguna da gaurkoa", esan du saioa hasi denean Girija Prasad Koirala egungo lehen ministroak. "Nire ametsak gauzatu dira gaur, eta uste dut herrialde osoarenak ere gaur bete direla", adierazi du Koiralak. "Hemendik aurrera, hilketak, indarkeria eta izua amaitu egin behar dira", gaineratu du.
"Herrialdean hasi genuen bake prozesua amaiera logikora iritsi da", esan du Koiralak eta "batasunaren" eta "adostasunaren" aldeko apustua egiteko eskatu die Asanbleako kideei.
Beste puntuetako batean agertzen denez, maiatzaren 28a Nepaleko Errepublikaren eguna izango da, egungo Errege-erreginen Jauregia museo bihurtuko dute eta presidentearen figura sortuko da.
Presidentearen botereak
Hori izan da hain justu Asanblea Konstituziogilearen saioa hamar orduz atzeratu duena, izan ere, hiru alderdi garrantzitsuenak Errepublikako presidenteak izan beharko lituzkeen botereen inguruan eztabaidatzen aritu dira.
Orain arte gobernuan egon den Kongresuaren Alderdiak eta Alderdi Marxista-Leninistak (UML), presidentearen ardurak gaur erabaki nahi izan dituzte, baina Alderdi Komunista-Maoista azken hauteskundeetako irabazleak, berriz, eztabaida beste baterako uztea erabaki du.
