HISTORIA

«« Itzuli

Antzinako artisten memoriaren funtzionamendua eta naturaren pertzepzioa ulertzen laguntzen du ikerketa batek

Antzinako artisten memoriaren funtzionamendua eta naturaren 
pertzepzioa ulertzen laguntzen du ikerketa batek

2008/07/03

Juan Mª Apellániz historiaurrean adituak eta Imanol Amayra psikologo kognitiboak historiaurreko gizakiaren burua aztertu dute paleolitoko marrazki figuratiboetatik eta horien autoreen ikerketatik abiatuta. Hamabi urtetan egindako lan hori La forma del dibujo figurativo paleolítico a través de la experimentación izenburupean argitaratu dute.

Deustuko Unibertsitateko irakasleek hainbat azterketa burutu dituzte ardatz franko-kantabriarrean zaldien grabatuak eta marrazkiak egin zituzten paleolitoko artistak nortzuk izan ziren identifikatzeko. Arte errepresentazio hauek 25.000 urteko aro zabal batean zehar egin ziren.

Lanak historiaurreko irudien bilduma zehatza egitea eskatu zuen. Horiei artista modernoek marraztutako eta grabatutako irudi kopiatu edo asmatuen lagin bat gehitu zitzaien. Azken irudi hauek historiaurrekoekin konparatu zituzten. Eredu matematiko baten bidez, zaldien irudien zatietako bakoitzaren neurriak aztertu ahal izan ziren.

Ikerketari esker, hainbat ondorio atera ahal izan dira: Lehenengo eta behin, eredu matematikoak fidagarritasunez identifikatu ditu autore batzuen edo autore talde batzuen zaldien irudiak, bai historiaurrekoenak eta bai modernoenak.

Bigarrenik, eredu matematikoak eta analisi psikologiko konparatiboak hipotesi bat egiteko modua ematen du: historiaurreko gizakiaren buruaren funtzionamenduak eta gaur egunekoarenak berezitasunak erakusten dituztela sortze prozesuan zehar. Alde batetik, historiaurrekoek aparteko kezka zuten animaliaren atal anatomikoak fideltasunez erreproduzitzeko.Beste alde batetik, ikerlanaren ondoriorik nabarmenenetarikoa hauxe da: paleolitoko artistek marraztutako irudia ia ez zela aldatu 25.000 urtetan.

Azken batean, ikerketa honek, ezustean, historiaurreko gizakien buruan sartzea ekarri du eta memoriaren funtzionamendua eta naturaren pertzepzioa zelakoa zen ulertzea.

(Informazioa eta argazkia: Deustuko Unibertsitatea)