HISTORIA

«« Itzuli

Altxerri, Ekain eta Santimamiñe leizeak Gizadiaren Ondare izendatu dituzte

Altxerri, Ekain eta Santimamiñe leizeak Gizadiaren Ondare izendatu dituzte

2008/07/08

Unescoren Gizadiaren Ondare Batzordea Quebecen bildu da gaur eta Santimamiñe (Kortezubi), Ekain (Deba-Zestoa) eta Altxerri (Aia) kobazuloak Gizadiaren Ondare izendatzea erabaki du.

Eusko Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi duenez, Kantabriako eta Asturiasko Gobernuekin batera bultzatu dute hautagaitza, paleolitoko arteak Kantauriko kostan dituen gune erakusgarrienak aurkeztuz. 1985ean Altamirako leizea izendatu zuten Gizadiaren Ondare eta gaurkoak horren luzapena dira.

Bi urtez lan egin ondoren lortu dute arrakasta Jaurlaritzak eta Asturiasko eta Kantabriako Gobernuek. Altamirako leizearen antzerako ezaugarriak dituztenak ere Gizadiaren Ondare izendatzeko proiektua izan da.

Hiru leizeak, itxita

Margo prehistorikoak babesteko helburuz, Santimamiñe, Ekain eta Altxerri leizeak itxita daude gaur egun eta ezin dira bisitatu.

Dena dela, Santimamiñeren kasuan, Bizkaiko Aldundiak bisita birtualak egiteko programa garatu zuen udaberrian.

Gainera, Ekainen alboan Ekain Berri izeneko erreplika eraikitzen ari dira eta amaitzear daude jada.

Hiru leizeetako margoak gure iraganaren ondare dira. Santimamiñen (1916an aurkitu zuten) zaldiak eta bisonteak daude margotuta, Ekainen (1939) zaldiak gorriz eta beltzez eta Altxerrin (1956) bisonteak.

Orain arte, Portugalete eta Getxo lotzen dituen Zubi Esekia baino ez zen Gizadiaren Ondare.