Vladimir Putin, Errusiako lehen ministroak Georgiako gerra akuilatu izana leporatu die AEBei eta adierazpen horiekin areagotu egin du tentsioa.
Putinen arabera, Estatu Batuen babesa zeukalakoan jo zuen Mijail Saakashvili, Georgiako presidenteak Hego Osetiaren kontra. CNNk egin zion elkarrizketan, Putinek erantsi zuen inguru hartan militar estatubatuarrak zeudela.
Salaketa horrek badu oinarririk, jakina baita Georgian instruktore militar estatubatuarrak daudela, egunen baten NATOn sartu behar baldin badu Georgiako armada horretarako prest izan dadin.
Hitzez haratago, ordea, keinu militarrak ere biderkatzen ari dira. Errusiak, esate baterako, AEBek Polonian jarritako misilen aurkako ezkutua gainditu dezakeen misil bat saiatu zuen atzo.
Propaganda ekintza hutsa da, Errusiak dauzkan misil gehienek gaindi dezaketelako ezkutu hori, honek, lehen fasean behintzat, dozena bat misil eraisteko ahalmena baino ez baitu izango.
Bitartean, Errusia eta estatu batuak gerra ontzi gehiago eramaten ari dira Itsaso Beltzera, Georgiako kostaldearen aurrera. AEBek seigarren ontzidiko gerra-ontzi garrantzitsuena eraman du.
Eskerrak 40 urteko gerra hotzaren esperientzia daukagun. Orduan horrelako mugimendu asko izan zen eta azkenean ez zen ezer gertatu. Bestela, kezkatzen hasteko modukoa litzateke.


Erantzun