Hillary Clintonek zalantza guztiak uxatu behar ditu gaur, demokraten konbentzioan emango duen hitzaldian.
Argi utzi behar du alderdi demokratako jarraitzaile bakar batek ere ezin duela zalantzarik izan azaroaren lauan, botoa ematerako orduan.
Demokraten bozka guztiak izan behar dira Obamarentzat, hori baita hauteskundeak irabazteko daukan modu bakarra.
Inkestek datu kezkagarriak utzi dituzte agerian, hots, Hillary Clintonen alde bozkatu zutenen % 30ak abstenitzeko edo McCainen alde bozkatzeko asmoa dutela. Hala, datuok egia esaten badute, ez dago zereginik.
Hillary Clintonek 18 milioi bozka lortu zituen primarioetan eta teorian bozka horiek Obamarentzat izan behar dute azaroan; baina, inkestek egia badiote, horietako sei milioi botok ihes egingo diote eta horrela ezin du irabazi.
Eta, are gutxiago, errepublikar guztiak McCainen alde lerratzen ari badira, ematen duen bezala.
Bushen garaipenean funtsezkoa izan zen eskuin erlijiosoak ez du erabat gustuko McCain, baina korronte horretako buruzagiak hasi dira esaten McCainen alde bozkatu behar dela Obama (muturreko sozialista euren iritziz) Etxe Zurira iritsi ez dadin.
Gauzak horrela, ez da nahikoa izango Hillary Clintonek batasunaren aldeko hitzaldi tipikoa egitea; azaroan bozka-paper bakar bat alperrik ez galtzeko dei zuzena egin beharko die bere jarraitzaileei.


Erantzun