Duela 45 urte gaurko egunez, Martin Luther King, beltzen eskubide zibilen aldeko liderrak hitzaldi zoragarria egin zuen, bai edukiz eta bai estiloz. Historiako hitzaldirik onenetakoa.
"Amets egin dut" zioen behin eta berriro Martin Luther Kingek. Azalaren koloreak inporta ez zuen herrialde batekin egin zuen amets; estatubatuar guztiak elkar hartuta askatasuna eta justiziaren alde borrokatu ziren herrialde batekin.
Gezurra badirudi ere, orduan, orain mende erdi, AEBetako hegoaldeko beltzek "apartheidaren" garaian hego-afrikarrek bizi izandakoaren antzeko diskriminazioa nozitzen zuten. Ezin zuten unibertsitatera joan, ezin zuten botoa eman eta ezin zuten autobusean zurien ondoan eseri.
Egia da afro-amerikarrek ezkutuko diskriminazioa nozitzen jarraitzen dutela, baina legezko diskriminazioa desagertu zen Martin Luther King eta bere jarraitzaileen borrokari esker eta baita ere Kennedyk eta Johnsonek bultzatutako diskriminazioaren aurkako politikei esker. Hitzaldia egin eta bost urtera Martin Luther King hil zuten, bere ametsa hautsiz; baina bere hitzek bizirik diraute.
Seguruenez, berak ere ez zuen pentsatuko beltz bat Estatu Batuetako presidente izateko hautagai izan zitekeenik, baina hor da Barack Obama: Alderdi Demokrataren hautagai, ofizialki jada.
Obamak orain arte eman dituen hitzaldiak zoragarriak izan dira. Dudarik gabe, gaurko bere hitzaldia zirraragarria izango da formari dagokionean, baina ikustear dago zein izango den edukia. Gaur Obamari tokatzen zaio bere ametsa azaltzea.


Erantzun