HISTORIA

Obamaren ordua

Illinoiseko senatariak erabaki gabeak konbentzitzeko baliatuko du Demokraten Batzarra eta hori lortzeko Joe Biden senatari beteranoa hautatu du presidenteordegai gisa.

Alderdi demokrataren zein errepublikarraren konbentzioak ikuskizuna dira beste ezer baino gehiago. Ahalik eta estatubatuar gehienek ikus ditzaten pentsatuta daude eta, ondorioz, hautagaiak ezagun bihur daitezen lurralde osoan. Pasatzen utzi behar ez den aukera da.

Konbentzioak amaitu eta berehala, benetako hauteskunde kanpaina hasiko da, bi hautagaien arteko telebistako aurrez aurrekoekin.

Konbentzioetan emango duten ikuskizunaren araberakoa izango da, neurri handi baten, Obamak eta McCainek estatubatuarrengandik lortuko duten babesa. Obamak itxaropen handiak eragin ditu AEBetan eta handik kanpora.

AEBetan aldaketa nahi dutenak (eta asko omen dira) bere alde daude. Baina, azkenean, zalantzan daudenek erabakiko dute zein izango den presidentea eta horien babesa lortu behar du Obamak.

Horren ondorioz, Obamak ez du arriskurik hartu nahi izan eta Joe Biden senataria aukeratu du bidelagun. Apustu segurua egin du: oreka lortu, bai adinean eta baita esperientzia politikoan ere: Obamak aldaketa ordezkatzen du, Bidenek betikoa.

Obamak ilusioa ekarri du, hitz politez eta ideia ederrez jositako diskurtsoarekin, baina orain jendeak bere egitasmoak zehazteko eskatu dio; aldaketak zertan datzan eta nola egingo duen azaltzeko. Horretarako une egokia da gaur Denverren hasiko den demokraten konbentzioa.

Nork: Jesus Torquemada.2008/08/25 15:07:42.129 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzun





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan.