Eta Pakistan lehertzea ez da huskeri bat: Biztanleriari dagokionez, bigarren herrialde musulmana da; eta bonba atomikoa duen bakarra.
Erabat baldintzatzen du Afganistango egoera, herrialde harekin duen muga luzetik nahi dutenean sartu eta irteten baitira talibanak. Pakistanek beti izan ditu barne-arazoak eta ohikoa izan dira indarkeria politiko eta erlijiosoa. Orain arte, bonba bidezko atentaturik handienak sunien eta xiien arteko gatazkaren baitan gertatu dira, bereziki Karatxin.
Baina orain Talibanek ekin diote. Afganistango talibanak aurrera egiten ari dira herrialdearen hegoaldetik eta ekialdetik eta martxa honetan Kabul hiribururaino iritsi litezke. Taliban gehienak, Afganistan eta Pakistan arteko mugaren bi aldetara bizi den Pastun etniakoak dira.
Eta Afganistango talibanen arrakastak Pakistangoak suspertu ditu, hauek orain arte hutsaren hurrengoa ziren arren. Talibanak baliatzen ari dira Musharraf presidentearen dimisioak eragin duen botere-hutsunea. Talibanak aldi berean Afganistan-en eta Pakistan-en nagusitzeko aukera, mendebaldea, Asia eta mundu musulmana kezkatzen dituen amets gaiztoa da.


Erantzun