Arriagako Anaidia
Erdi Aroan, 1332. urtea arte, Arabako zati batek autogobernatzeko zuen ahalmenaren halako adierazpen bat dira Arriagako biltzarrak, monarka gaztelauak Nagusi Goren gisa hartzen zuen ezagutzarekin konpatible zena.
Bizkaikoak zuen jauntasun izaeraren antzekoa zuen. Horien arteko berezitasun bakarra zen kapareek berek aukeratzen zutela jauna. Anaidiko kideek aukeratutako jaunak administratzen zuen justizia. Lurraldearen defentsaz eta segurtasunaz arduratzen zen bestalde.
Anaidiak bere Batzarreak Arriagan egiten zituen, Gasteiztik oso gertu.
Noiz eta nola biltzen hasi ziren ez dakigu, 1258tik aurrera baino ez baitaude dokumentatuta. Auzitegi baten izaera zuten Biltzarrek, Anaidiko jauna izaten zen auzitegiko burua, eta merio eta alkateek irtenbiderik eman gabe utzitako auziak epaitzen ziren. Anaidiko kideak eta horien mendekoak juzgatzea zegokien Biltzarrei, baita Arabakoa izan ez arren arabar lurraldean legea hausten zutenak ere. Nekazariak eta horien morroiak Kofradiako kideak baziren ere eta batzarretara joateko eskubidea bazuten ere, praktikan guztizko kontrola zutenak infantzoiak eta kapareak ziren, eta horien arteko anaidikide nagusiak honako hauek ziren: Rojas, Mendoza, Hurtado Mendoza, Gebara, Aiara, Velasco, etab.
Arabako Anaidiaren jardunbide historikoa 1332ko apirilaren 2an bukatu zen. Data hori “Voluntaria entrega” edo “Arriagako Ituna” esanez gogoratzen da, hau da, Anaidiaren autodeusestatzea zertu eta arabar lurraldea Gaztelako Koroan sartu zen eguna gogoratzen da. Anaidia eta hori gobernatzen zuen gobernua, hots, Arriagako Biltzarra desagertu zirenean, Anaidiko jauneria are jaunago bilakatu zen arabar gizartearen gainean.
