Arturo Kanpion
Idazle eta politikoa. Iruñean jaio zen, 1854an, Madrilgo Gorteetako legeak aplikatuz Nafarroako Erreinua probintzia soil bihurtu eta handik urtebetera. Horrek guztiak eragin handia izan zuen Kanpionen bizitzan. Oñati eta Madrilgo Unibertsitateetan ikasi eta Zuzenbidean lizentzia lortu zuen.
24 urte zituenean argitaratu zuen Consideraciones acerca de la cuestion foral y los carlistas en Navarra bere lehen liburua (1876), eta adiskide egin zen Antoine d’ Abbadie zientzialari euskaltzalearekin, Duvoisin kapitain eta idazlearekin, Bonaparte Printze hizkuntzalariarekin, Joan Jaurgain historialariarekin, Migel Unamuno filosofo eta poetarekin eta garai hartako beste ezagun askorekin. “Asociacion Euskara de Navarra” elkartearen eragile eta sortzaile izan zen.
Ezin konta ahal liburu eta idazlan argitaratu zuen, horien artean Orreaga, Fantasia y Realidad balada, Gramatica Bascongada de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara, La Bella Easo eleberria, <<Euskariana>> saila, Origenes del Pueblo Euskaldun eta beste asko.
1904an, Irunen, <<Euskaltzaleen Biltzarra>>-ko eta Oñatiko Kongresuan lau Foru Aldundien babesean 1918an sortu zen Eusko Ikaskuntzako buru izan zen. Euskaltzain izan zen eta, gainera, Academia de la Historia, Academia de Ciencias Morales y Politicas eta Academia de la Lengua Castellanako kide eta Euskal-Esnalean bizi bitarteko lehendakari. Ez zen inoiz partidu politiko bateko edo besteko kide izan eta liskar eta polemika gogor-bero-biziak izan zituen karlistekin, baita abertzaleekin ere, Sabino Arana Goirirekin batik bat. Euskal Herriari eta bereziki Nafarroari zion amodio sutsuan oinarriturik dago bere jarduera politikoa, eta idatzi eta egin zuen guztia bere liburuen azalean irarrita heldu den <<Euskalerriaren Alde>> hartan mamitzen da. Donostian hil zen, uda pasa zegoela, 1937an. Gerra zibila hasi zenean itsu zegoen baina guztiz buruargi.
