HISTORIA

Baiona eta Lapurdiren arteko bereizketa

Akitaniako Leonorren seme eta duke berri Lehoi-Bihotzaren erasoaldi militarrak bere helburua erdietsi zuen: 1177an Baiona indarrez bere mendera ekarri zuen. Ingeles printzeak Lapurdiko azken bizkontearen ordez errege funtzionario bat, ”bailli” esaten zitzaiona, jarri zuen agintean. Halaber, Lapurdiko bizkonterria administratiboki bitan zatitu zuen: Lapurdiko lurraldea bailliak gobernatzen zuen, Uztaritze hiriburu zuela (Uztarizko udaletxean burutu ziren Lapurtarren Biltzarrak 1790a arte), eta Baiona hiria, ofizial batek. Ingelesak agintean egon ziren bitartean demografiaren eta ekonomiaren abialdia handitu egin zen alde batetik eta, Baiona portu eremuaren autonomia administratiboa ere bai bestetik, Ingalaterrarekin zituen merkataritza harremanei eta bere udal foruari eskerrak.

Lapurdiko aitoren seme-alabek ez zituzten, ordea, gogoko ingelesak, eta hori dela eta, istilu eta matxinada handiak sortu ziren elkarren artean; lapurtarrek Champagne etxeko monarka nafarren laguntza izan zuten XIII. mende osoan zehar. Lapurdik eta Baionak elkarren artean interes ekonomiko desberdinak zituzten, eta horiek gaina jo zuten XIV. mendearen erdialdera, Baionak lur berri gehiagoz jabetu nahi izan eta ezin izan zuenean, hirian saltzeko sartzen ziren animaliei eta bizigaiei zerga berriak ipini nahi eta ezin izan zuenean, eta hori eta horrenbestez gerra zibila piztu zenean.

1449an, Frantziaren agindupean ari zen Foixko Gastonek ingelesen mendean zegoen Zuberoa okupatu zuen. Lapurtarrek bereari eusten leherrenak egin bazituzten ere, hurrengo urtean frantziarrak, Gixune indarrez azpian hartu eta Senpereko gaztelua erre ondoren, Baionaz izan ezik, Lapurdi osoaz jabetu ziren.

Frantsesek hitz eman ondoren Lapurdiren erakunde foralak errespetatuko zituztela, 1450ean lapurtarrek, Aiherrako Ituna deitzen dena izenpetu zuten frantziar Koroari eranstea. Frantziako erregeak Lapurdiko antolaketa politikoa, ohiturak eta eskubideak beste gabe arautu ondoren, Lapurdi Frantziaren mendean gelditu zen.

Baionak, azkenik, erreka jo zuen 1491n. Ingelesen mendean egon zenean izan zituen fabore eta abantaila guztiez gabetua geratu zen frantsesen azpira behartu zutenean. Bere forua murriztu zioten eta udal agintariak izendatzeko eskurik gabe geratu zen.