Hiribilduen sorrera
XII., XIII. eta XIV. mendeetan erregeek hiribildu asko sortu zituzten Euskal Herri osoan. Hiru helburu edo xede ziren kontuan horiek sortzean. Horietako bat ekonomikoa zen, hiri berriak egin ahala errepide berriak egiten eta merkataritza portuak sustatzen baitziren, eta hori guztia hil edo bizikoa zen ekonomiarentzat. Bigarrenik, aitoren semeak jauntxo bihurtu nahian zebiltzan beren mendeko auzo eta eskualdeetan, eta horiek indargabetzeko oso baliagarri gertatzen ziren hiribildu berriak. Eta, azkenik, etsaien kontra defendatzeko babesleku ezin hobeak ziren.
Hiribildu berriak sortzearekin batera, itsasbazterra sustatzen da eta, bide batez, errepide sareak behin betiko abiada hartzen du. Bestalde, hiritar bihurtuz gizarte maila handiagoan sartzen ziren eta horrek auzotasun eskubidea ematen zien; baziren eskakizunak ere, hiriari bere horretan eutsiko bazitzaion denak baitzeuden udal zergak ordaintzera behartuta. Eginbeharrekin batera baziren, jakina, eskubideak ere: herri lurrak erabiltzeko eta horiez gozatzeko aukera; alkateak edota agintariek hiriari eman zitzaion foruaren arabera epaituko zituzten hiritarrak, eta horrela, lehen batean, bidegabekeria guztietatik libre geratuko ziren; foruak seinalatzen zituen salbuespen fiskal eta penalei onura ateratzen zieten. Horrez gainera, hiribilduak orubea harresiz inguratuta zeukan, eta gobernu erakundeak zituen hiriak babes fisikoa eskaintzen zien. Horregatik guztiagatik, auzotasun eskubidea ez zutenek zutenen irrikan zeuden.
Monarken egongunea eta horiek lurraldeen gainean zuten nagusitasun politikoa lurjabeen gainetik ezartzeko eta indartzeko, lanabes bikain bihurtu ziren hiri berriak. Baina jauntxo lur jabeen erreakzioa berehala etorri zen. XIV. mendean aurrez aurre jarriko zaizkie batzuk hiribilduetan bizi direnei; beste batzuk hiribilduetan sartzen saiatuko dira egoera berriari beren ekonomia eta bizimodua egokitzen saiatuz, eta bide batez, poliki-poliki hiribilduetako erakundeak bereganatuz. XIV. eta XV. mendeetan Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko hiribilduetako Anaidiek edo elkarteek autodefentsa egingo dute noble feudalen erasoen aurka. XIV. mendearen azkenean hiribilduen sarea aski handia zen eta horrek asko aldarazi zituen Euskal Herriko egiturak.
