HISTORIA

Lope García de Salazar

Historialari eta banderizo, Muskizko dorretxean jaio zen, 1399an edo 1400ean, eta inguruabar zorigaiztokoan hil zen, ordurako gaztelu bihurtutako eraikin horretan bertan 1476 urte aldera. Bandoen arteko borroka ikaragarriak ziren garai hartan, eta esan daiteke ia horietan denetan parte hartu zuela Lope Garzia Salazarrek.

Joana Butron Muxikarekin ezkondu zen eta bederatzi seme-alaba izan zituzten: hiru mutil eta sei neska. Bandoen arteko egoera oso latza zen, beti elkarren aurka gerra bizian. Zerbait egin behar eta, errege Enrike IV. ak berak etorri behar izan zuen neurri gogorrak hartu eta ordena pixka bat jartzera. Ahaide Nagusiak eta Oñaz eta Ganboa bandoen aliatuak deserriratzeko agindua eman zuen. Lope Garzia bera ere deserriratu zuen Gibraltar inguruan dagoen Jimena herrira, 1457an. Bertan lau urte igaro behar izan zituen.

Oinordekoen eskubideak zirela-eta arazo larriak izan zituen bai emaztearekin bai seme-alabekin. Horietako batek, Joan Salazar, izengoitiz “Mairu”, setiatu eta San Martin de Muñatones esaten zitzaion gazteluan bost urtez sartuta eduki zuen. Uste denez, semeak berak pozoituta hil zen.

Gerraz gainera lan ere egin zuen Lope Garzia Salazarrek. Sorterrian inguruan ziren mea hobi eta zuloak ustiatzen gogotik saiatu zen, baita gero burdina Europako merkatuetara bidaltzen ere.

Bere lan historiografikoagatik da, ordea, Lope Garzia Salazar Euskal Herriko historian ezaguna. Historiako berriak nola gertatu ziren jakiteko zuen zaletasunaren lekuko dira bere bi idazlan hogei urteko aldearekin idatzi zituenak. Lehenbizikoari Cronica de Vizcaya deritza eta 1454an idatzi zuen. Denetan ezagunera alabaina Bienandanzas e Fortunas da, San Martin gazteluko presondegian gogotik saiatuz idatzi zuena. 1471n idazten hasi eta 1476an hil baino lehenxeago arte aritu zen liburua idazten. Garai haietan ohi zen bezala, munduaren eta Penintsulako erreinuen berri ematen hasi zen. Interesgarrienak azkeneko sei liburuak dira, berezienak ere berak baitira: egileak bizi izandako gorabehera asko kontatzen da. Aspaldiko gertaerei buruzko kontakizun alegiazkoekin batera datoz herrialdean gertatuko askori buruzkoak, esate baterako, Arrigorriagako guduari eta Bizkaiko lehen jaunei buruzkoak, bandoen arteko borrokei eta leinu batzuen sorburuari buruzkoak, hala nola Salazar eta Legizamon leinuei buruzkoak; leku eta pertsonen interpretazio etimologiko apetazko batetik eratortzen direnak, etab.