Nafarroa Garaia berreskuratzeko 2. saioa (1516)
1515ean, Fernando Katolikoak, azkenean, Aragoi eta Nafarroari oinordetzan uzteko semerik ez zuela izango etsi zuen. Gainera, Gaztelako arma eta diruarekin konkistatu zuen Erresumarekin geratu zelako gaztelauak gaitziturik zeudela konturatu zenean, Nafarroa Gaztelako Koroari eranstea erabaki zuen.
Fernando hilzorian zegoela eta Nafarroan konspirazio giroa non-nahi nabarmen sumatzen zela, Nafarroako Pedro agramondar mariskala Erronkari beti zerbitzari leial, jator eta esanekotik barrena sartu zen ondoan 1.200 soldadu biarnotar eta nafar zituela; horiei 120 erronkariar gehitu zitzaizkien.
Gaztelauek ezustean harrapatu zituzten nafarrak Izaban. Bien bitartean Joan Albretekoak Donibane Garazi inguratu zuen, baina ez zuen errenditzea lortu. Pedro mariskala, zenbait zaldun agramondarrekin batera, atxilotu egin zuten eta Simancasko kartzelan hil zen oso egoera deitoragarrian.
Nafarren asaldura eta inarrosaldiarekin azala guztiz minberatu zitzaion Gaztelako erregeorde Cisneros Kardenalari. Garibaik kontatzen duenez, Nafarroa errausteko gogoa egin zitzaion, baina baretu zen, eztitu zen, eta ia nafar gotorleku guztiak suntsitzeko eta desegiteko agindua eman zuen, ezer gehiago ez. Agindu horretatik onik atera ziren bakarrak Iruñeko harresiak eta gaztelua izan ziren, eta Lizarra, Irunberri, Gares, Martzilla eta beste herri batzuetako harresiak.
