HISTORIA

Nafarroa Garaia berreskuratzeko 3. saioa (1521-24)

1521ean, Gaztelako Erkidegoen gerraren kariaz gaztelau armadak bazterrak hustu zituela aprobetxatuz, Frantzisko I.a Frantziako erregearen armadak soldadu biarnotarrekin eta nafarrekin bat egin zuen.

Nafar armadak, 12.000 gerra gizonez osatua, Donibane Garazi berreskuratu zuen eta ondoren, suharki borroka eginez, erresuma osoa, Iruñea barne. Tartean zen, soldadu, Iñigo Loiolakoa ere, gero Jesusen Konpainia fundatuko zuena, gaztelauekin batera nafarren aurka borroka bizian; Iruñeko borrokaldian larriki zauritu eta Azpeitira erretiratu zen, bere jaioterrira. Ia Erresuma osoa altxatu zen gaztelauen aurka. Nafarrak Logroñoraino iritsi ziren. Gaztelan komuneroak mendean hartu ondoren, Karlos I.ak bere armadarekin Nafarroa aldera jo zuen. Lehenik Lizarra azpian hartu eta gero, ekainean, Noain, Barbatain eta Ezkirotz nafar hiriak porrokatuta zituen. Dena dela, frantses gudaroste batek, 3.000 biarnotarrez eta nafarrez osatua, mendean hartu zuen Hondarribia.

Hilabete batzuen buruan Amaiur berreskuratu zuten nafarrek eta bertan agramondar zaldun talde bat geratu zen. Erresistentzigune bilakatu ziren Amaiurko eta Hondarribiko gazteluak. Hamar hilabete iraun zuen Amaiurko setioak; azkenean, ezinbestean, ohorezki errenditu zen 1522ko uztailean; gotorlekua errauts bihurtu zuten gaztelauek. Atxilotutakoak Iruñera eraman eta gogor zigortu zituzten. Gizarte maila guztietako jendea zen horien artean: aitoren semeak, elizgizonak, ezkutariak, nekazariak, profesionalak eta eskulangileak. Zigorrak areago zatitu zuen nafar gizartea.

Enrike II.ak bien bitartean gaztelauen aurka jarraitu zuen gerra egiten. 1523an Nafarroa Beherea berreskuratu zuen. Urte berean itzuli ziren gaztelauak eta behin-behinean baxenabartar, zuberotar eta biarnotar hiri batzuk okupatu zituzten, eta Bidaxune eta Gixuneko gazteluei su eman zieten.

1524an, gaztelau gudarostea, nafar eta frantziar soldaduen mendean zegoen Hondarribia hesitzen hasi zen. Hilabete eta erdi iraun zuen setioak eta urte bereko martxoan errenditu zen hiria. Hondarribia galdu zuenean, Enrike II.ak, gogo txarrez bada ere, gerra egiteari utzi zion. Harrezkero nafar Monarkia diplomazia egiteari lotu zitzaion pertsona, erakunde eta estatuen arteko harremanak nola edo hala hobetu nahian.