HISTORIA

Ordena Militarrak

Erdi Aroko erresuma gehienetan erregeek zaldungo ordenak sortu zituzten. Euskaldunok izan dugun erreinu bakarrean ere beste horrenbeste egin zuten: 1045. urte inguruan, esate baterako, Iruñeko errege Gartzia III.a Sanchez Naiarakoak Orden de Caballería de la Terraza fundatu zuen.

Erdi Aroan sortutako eta monjez osatutako erakunde militar-erlijiozkoei esaten zaie ordena militarra. Palestinako Leku Santuak eta hara zihoazen erromes kristauak babesteko eraiki ziren ordena horiek. Ordenako kideek bizimodu erlijiosoa eta ezpata batu egin zituzten, eta kutsu militar horrek gainerako ordena erlijiozkoetatik bereizten zituen (eskeko ordenak, ostalarien ordenak...).

Hilobi Santuaren Ordena izan zen lehenbizikoa, eta erabat itxuraldatuta bada ere, oraindik bizirik dirau. Ez zuen alabaina eraginik izan Euskal Herrian. Jerusalemgo San Joan Ordenak eta Tenpluko Zaldunen Ordenak, aldiz, eragin pixka bat izan zuten. Ordena nagusiak bi horiek ziren. 1099an sortu zen lehenbizikoa eta 1119. urte inguruan bigarrena. Tenpluko kideei tenplario ere esaten zitzaien. Turkiarrei eraso behar izan zietenean, hurrenez hurren Rodasko Ordena eta Maltako Ordena zeritzen.

Ordena horiek Vatikanoaren mendean ari ziren, beraz ez zuten erantzukizunik beren gotzainarekiko eta oso gutxi agintari politikoekiko. Kideek ordenari zegozkion ikur eta ezaugarriak zeramatzaten soinekoan eta armetan. Ordena militar horiek botere eta ondasun izugarriak pilatu zituzten eta beren eskumenean zeuzkaten lur eremu zabalak, hiriak, gazteluak eta gotorlekuak. Gerrakoan egiten zutena ezinago baliotsua zen, eta erregeak ez ziren ausartzen horien Maisu Nagusiei eta probintzietako Maisuei aurre egiten, aitzitik, anitz faborez eta abantailaz hornitzen zituzten. Eta horiei zieten bekaizkeriak bultzaturik desegin omen zuten, esate baterako, Tenpluko Ordena.

Ordenak, emeki-emeki, botererik eta egitekorik gabe geratu ziren Erdi Aroaz gero. Dena dela, horien eliz jaurgoek eta estatu batek, Maltak alegia, XIX. mende arte iraun zuten.

Espainian ere kutsu bereko hainbat ordena militar sortu zen mairu inbaditzaileei aurre egiteko: Santiago (1170), Calatrava, Alcantara... Fiteroko Raimundo abade santu izendatuko zutenak fundatu omen zuen Calatravako Ordena.