HISTORIA

Rodrigo Ximenez de Rada

Gotzain-prelatu eta idazle nafarra, izen eta ospe handikoa da Erdi Aroko historialarien artean. 1170 eta 1180 urte bitartean jaio zen, askoren ustez Garesen eta beste askorenean gaur egungo Rada eremu hondatutakoan. Zientzialari eta jakinzale, Bolonian eta Parisen, atzerriko unibertsitate goi mailakoetan ikasi zuen. 39 urte zituenean, 1209an, Toledoko artzapezpiku izendatu zuten, hain zuzen Errekonkista gaztelauaren abangoardian, eta hor eragin handia izan zuen Gaztelako monarkengan. Musulmanen kontra kristau erresuma guztien gurutzada antolatzeko agindua eman zion Aita Santuak eta horrenbestez era erabakigarrian hartu zuen parte Navas de Tolosako guduaren (1212) prestaketa diplomatikoan eta zuzendaritzan, non zuzenean parte hartu zuen.

Rodrigo Ximenez Rada historialari garrantzizkoa izan zen. Kodex kopuru handia bildu zuen, latindarrak eta arabiarrak, eta nahiz eta horiek latinez eta arabieraz idatzita egon, ongi baliatu zen horietaz, ongi moldatzen baitzen horietan eta beste asko hizkuntzatan. Gaztelako Alfontso VIII.aren kronikari gisa burutu zituen lan historiografikoei Historia Gotikoa deitu zien berak. XII eta XIII. mendeetako gertaerak kontatzen dira horietan, bera bizi izan zen garaikoak alegia, gutxi edo gehiago bere begiz ikusitakoak, eta, jakina, hori guztia garrantzi handikoa da, ezinbestekoa zenbaitetan, garai hartako gorabeherak ezagutzeko.

Dena dela, Nafarroako erreinuaz eskuz idatzitakoetan miatzen ez zen gehiegi saiatu. Egia esan beharbada, bere jaioterriarekin izan zituen harremanak oso noizbehinkakoak eta azalekoak izan ziren.

Lyongo kontzilioan bertan izan zen, eta 1247an Erromarako asmotan zenean, Rodano ibaian itota hil zen. Berak halaxe nahi eta, Huertako (Soria) monasterioan datza ehortzita.