HISTORIA

Sajrat Kais gaztelua

Kronikagile musulmanek Goiz Erdi Aroko hiru gertaeraren berri ematen dutenean aipatzen dute gaztelua. Horrek, jakina, jakin-min handia sortu du historialarien artean, eta gogotik saiatu badira ere, ezin izan dute orain arte zehaztasun osoz erabaki musulman kronikagile horiek Nafarroako zein gazteluz ari diren. Oraindik ez dakigu Kais delako Haitz horri euskaraz nola zeritzan. Oso interesgarria da gotorleku hori, 803. urtean jadanik aipatzen baita, eta orduko dagoeneko eraikin egonkorra baitzen presoak atxilotuta gordetzeko egina.

Lehenengo gertaeran, musulmanek gaztelua indarrez hartu eta Yusuf ibn Amrús askatu zuten. Amrús hori, Tuteran, mugako gobernadorea zen, eta Iruñeko erregearen soldaduek eta Tuterako Banu Kasi sendiaren gudarosteek hiri hori konkistatu zutenez gero, preso zegoen.

Abd al-Rahman II.a buru zela 843. urteko erasoaldi azkar batean konkistatu zuten berriro gaztelua musulmanek. Gertariaren berri ematen dutenean aipatzen da bigarren aldiz horren izena.

924. urteko udaberriko eraso bortitz batean, Iruñeko kanpaina esaten zaion hartan, musulmanek, Abd al-Rahman III.a buru dutela, gotorlekua hartzen dute berriro. Erasoaldi honetaz ari diren idatzietan aurreko bietan baino berri gehixeago dator gazteluari buruz. Bildutako idatzi eta kroniketan xehetasun hauek heldu zaizkigu gotorlekuaz:

- Iruñetik gertu dago, oinez gehienez ere egun bateko joan-etorria, Arga izeneko ibai hegalean, haitz baten goiko aldean.
- Herrixka bat dago ondoan, beharbada, mendiaren behealdean.
- Bertatik gertu, kokalekuaren gain-gainean, beste mendi garaiago bat dago.
- Eraikin egonkor bat da eta, 924. urtean behintzat, eliza bat zegoen bertan, orduko nafar erregeek zaindua eta gotortua.

Datu horiekin guztiekin, eta Erdi Aroan Arakil ibaiari Arga ere esaten ziotela jakinean egonda, Egues ibarreko Uharteren eta Aralarko San Migel mendiaren artean dagoen hainbat tokitan kokatu behar zen gaztelu mitiko hori behin-behineko hipotesien arabera. Hala eta guztiz ere, jende asko ikasiaren ustez, Atondoko Gaztelu mendian, ondoren Orarregi gaztelua izango zenean, eta Ollo ibarreko Garaño mendian zegokeen gaztelua.