HISTORIA

Gazteluen egitekoak

Erdi Arotik aurrera gazteluak eraldatu egingo dituzte, hots, sarri jauregi bihurtuko dituzte, edota hondatuta geratuko dira XVI. mendeaz geroztikorain arte Euskal Herrian gertatutako borroketan (Napoleon I.aren gerretan, karlistaldietan, 1936ko Espainiako Errepublikaren aurkako matxinada militarrean...)

Gazteluen egitekoak

Zabalateko gaztelua, haitzean, eta behealdean, garai bateko herri harresidunaren aztarnak. Gazteluak laguntzen zuen hirigunearen defentsan, baina eskualdea kontrolatzea ere bazuen helburu. (2003)

Bada hemen azpimarratu behar den gauza bat, Iparralderako eta Hegoalderako, oro har, balio duena: egoera hobean edo onean iritsi zaizkigun gazteluak dagoeneko XIV-XV. mendeetan pribatu zirenak edo pribatizatuta zeudenak dira. Egoera horretan, esku pribatuetan alegia, gazteluei beste egiteko berri bat edo egiteko berriak eman zitzaizkien: leinuari ospe ematea, agintarien egoitza izatea, sortetxe izatea, jauregi bihurtzea bizitetxe izateko, administrazio leku izatea... Eta, horrenbestez, Erdi Aroa gainditu zuten. Salbuespen dira Frantziaren eta Espainiaren arteko muga berrian eginkizun militarra izan zutenak (Donostiakoa, Hondarribikoa, Baionakoak, Maulekoa...) eta fuerte izateko eraldatu zirenak, batzuetan, gainera, Erdi Aroko aztarnak zeharo ezabatuta edo lurpean geratu ziren. (Donibane-Garazi).

Horrekin guztiarekin, gaztelu baten aurrean egin daitekeen galdera nagusia azpimarratu nahi dugu: gaztelu hori zergatik eraiki zuten eta gaztelu horri zergatik eutsi zioten? Gaztelu bat beti izango da gizartearen beharren eta historiaren isla, gizarte orokorraren edo gizarte horren zati baten ispilu, baina, dena dela, beti eraiki zuten eta zutik eutsi zioten arrazoiren batengatik. Gaztelu bat ikertzen denean, galdera horri erantzuten saiatu behar da eta, segur aski, erantzun ezberdinak jasoko dira gizartearen eta gotorlekuaren aro bakoitzerako. Galdera-erantzun horiek argitzen dizkigute gotorleku bat baztertzeko izan ziren arrazoiak, kokaleku itxuraz aldrebes bat aukeratzeko izan ziren arrazoiak, gazteluen egungo egoera, berrerabilera, eraikin nagusia jauregi bihurtzeko izan ziren motiboak...

Gazteluen egitekoak

Astulezko gaztelua, mendebaldetik begiraturik. Askotan, itsasontzi antza hartzen dute mendiko gazteluek, gailurraren goialde osora hedatzerakoan. Igarobidea zaintzea zuen hasierako egitekoa, eskualdea kontralatzeaz gain. (2003)

Orain arte, zeharka bada ere, banan-banan hainbat balizko egiteko aurkeztu eta ondorioztatu dugu. Kutsu militar edo administratiboa dute batzuek (talaia, lurraldea antolatzeko komunikazio kate, hiri edo igarobide baten defentsa leku, inguruko biztanleen babesgune, agintarien egoitza, kuartel, armategi, jarduera ekonomiko bati lotutako meategi edo gatzaga...) eta aginpide laikoaren edo elizaren zerbitzuan daude beste batzuk (ondasun pribatuen defentsa, leinuko kideei babesa eskaintzen die,justizia areto, ziega...). Gaztelu batzuek bereziki beste egiteko batzuk zituzten aldi baterako edo betiko emanak (errege presondegi, agiritegi, errege jauregi, Gorteen biltoki, lurralde bateko gobernadorearen egoitza, zergen biltoki eta aletegi, printze-printzesen egoitza, txanponak egiteko leku...).