Lanaren metodologia
Guk daukagun informazioa aintzat hartuta, esan dezakegu lan honetan dakargun gaztelu kopurua Erdi Arokoaren herena baino ez dela. Aukeratutako gaztelu bakoitzari buruzko berri historikoak bildu ditugu eta, horretaz gain, egun nolako egoeran dauden esaten dugu, eta ageri diren aztarnen deskripzioa egiten. Informazioa biltzerakoan, bi bidez baliatu gara:
- Dokumentala: gaiaren gainean dagoen bibliografia eta aldizkarietako artikuluak aztertu eta, aukera izan dugunean, Erdi Aroko agiriak transkribatu ditugu, gaztelu horiei dagozkien iturri ahalik eta hurbilenak eskaintzeko asmoz. Argitaratu berri diren azken emaitza arkeologikoak ere kontuan hartu ditugu.
- Leku azterketa: lekuan lekuko aztarnak ikusi, miatu, aztertu, neurtu eta argazkien bidez erakutsi ditugu.
Ahozko tradizioa edo kondairak ere jaso ditugu, gazteluaren kokalekua bilatzeko-eta, sarri lagungarri gertatuko baitzaizkigu. Askotan, horien esanahia ulertzeko, jarreraz aldatu eta solaskidearen tokian jarri eta entzuten jakin behar da.
Lana antolatzeko, Euskal Herriko egungo lurraldeen arabera ere sailkatu ditugu gazteluak. Europako egungo herri gehienak Erdi Aroan eraiki eta finkatu ziren, eta Euskal Herriko lurraldeak ere aro horretan zertu eta sendotu ziren, eta gazteluak herri horien historiaren lekukoak dira. Dena dela, Erdi Aroko Nafarroaren egitura politikoaren nagusitasuna agerian geratzen da, hemen bildutako 101 gazteluetatik gehienak erresuma horretakoak baitira.
